Besteen iraultzak
Gauaren babespean, eta kontatu beharreko istorio guztiak agortuta zeudenean, Slawomir Mrozek azaldu zen gurera. Idazle poloniarrak banan-banan begiratu zigun, hain berea duen begirada sarkorraz, eta inguruan genituen hustutako botilei erreparatu zien arren, ez zuen bere aurpegiera aldatu. Guztiok aztertu gintuen patxadatsu, adierazi nahi ziguna entzuteko moduan geunden ala ez presarik gabe erabaki nahi izan balu bezala. Zigarro bat piztu eta kearen atzean tarteka ezkutatzen zen ahoa apenas mugituz heldu zion kontakizunari, bera ere iraultzaile izan zeneko garaia zuela hizpide.
Hasieran, duela asko, bere gelako ohea eta mahaia aldatu zituen tokiz. Ohea gelaren erdian jarri zuen, mahaiari pareta ondoko lekua utziz. Beste munduko gauza ez dirudien arren, lehenbiziko aldaketak gau pare batez lo lasai egitea eragotzi zion, pareta aldera begira lokartzeko ohitura baitzuen ordura arte. Baina baldintza berri haietara ere ohitu egin zen egun batzuen buruan.
Orduan erabaki zuen aldaketa sakonagoak behar zituela. Armairua zegoen tokitik gelaren erdira eraman zuen. Gelak ezin imajinatuzko itxura hartu zuen horrela, deserosotasunari egitura erabat bitxia erantsiz. Baina handik gutxira egoera hura ere ohiko bihurtu zitzaion, jadanik ez zizkion aldaketan jarritako itxaropen guztiak asetzen.
Benetan erabakigarria izan zitekeen zerbait behar zuen egin. Tokiaren berrantolamenduaz asperturik, sekulako aurrerapausoa ematea erabaki zuen azkenik. Handik aurrera armairuaren barruan egingo zuen lo. Egunak pasa ahala, bere poza handituz baino ez zihoan, armairuaren barruan gauak pasatzeak benetan ez baitzuen parekorik, lortutakoa itzelezko garaipena zen: ez zegoen lo egiterik, lepoko eta bizkarrezurreko mina zela eta. Kontakizunaren puntu honetan Slawomir isildu egin zen bat-batean, eta keinu soil batez oraindik ireki gabe zeuden garagardo botiletako bat eskatu zuen. Tragoska bat egin eta, bere istorioarekin segitu baino lehen, irribarretsu begiratu zigun aho-zabal geundenoi.
Armairuarena benetako iraultza bat izan zela esan zuen ostean. Horrekin konforme gelditzeko moduan sentitu zen eta gorputzak halakorik galarazi izan ez balio, orain arte segituko zuen gauak hain era miragarri hartan igarotzen. Baina egun batean erresistentziarako bere ahalmenak porrot egin zuen eta ia oharkabean hiru egunez egin zuen bapo lo ohe gainean. Esnatu zenean, bere tokira bihurtu zituen mahaia, ohea eta armairua. "Asperdurak hartzen nauenean -amaitu zuen kontakizuna- iraultzaile izan nintzeneko garai haietaz oroitzen naiz".
Sebasek hartu zuen orduan hitza Slawomiren indibidualismoa deitoratzeko. Iraultza taldean egiteko prest egon izan balitz, aldaketa horiek aurrera egiteko aukera gehiago izango zutela esan zuen gartsu. Nekanek gehitu zuen nekeak ez zuela iraultzari uko egite lotsagabe hura inolaz ere justifikatzen, beti gerturik eduki behar baitugu odola bere aldez emateko, etab. Ondoan neukan kideak bultzatuta, nik ere hitz egin nuen, ekialdeko sasi-iraultzaile haien ahuldadeak agerian jartzeko asmoz. Bizitza osoan gure ilusio eta itxaropen guztiak haiengan jarri eta gero, gelaren betiko antolamendu burgesa proposatzen ziguten. Slawomiren aitormena traiziotzat jo genuen gehienok. Egiatan ez zuen iraultzaile izenik ere merezi eta halaxe agurtu genuen.
Gauaren babesa desegin zenean, nor bere etxera joan zen, batzuk burumakur, beste batzuk amorruz maldizioka. Logelara sartu bezain pronto Slawomiren hitzak gogoratu nituen. Armairuari begiratu nion gogoz beterik, iraultza bukaeraraino eramateko asmoarekin. Baina egun hartan ez nintzen ausartu armairu barrura sartzera. Ezta hurrengo gauetan ere. Noizbehinka, ordea, aurrez aurre daukadanean, armairura segituan sartzeko irrika moduko bat sumatzen dut, baina orain arte ez dut adorerik izan hori egiteko. Ez, inondik inora, bizkarrezurreko minari beldurrik diodalako, ezta gutxiago ere. Gertatzen dena da besteengan daukadan ilusioa ez dudala gau kaxkar batean galtzerik nahi.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.