"Gure helburua sentimenduak adieraztea da, ez tradizioari eustea"
Hiru hamarkada eta diskoak diskoen gainetik. Halere, Oskorriren ibilbideak ez du helmuga begibistan eta asko egiteke daukate oraindik, Natxo de Feliperen ustetan. Abeslariak taldearen nortasuna eta konpromezua defendatzen ditu kritika guztien gainetik. Berrikitan, World Music Charts Europek bultzaturiko musika tradizionaleko 20 disko onenen arteko zerrendan sartu dute Desertore disko berria.
Galdera. Balantzerik egin al duzue urte hauetako lanaz?
Erantzuna. Ez da momentua, agenda proiektuz beterik baitugu. Beti pentsatu izan dugu hainbeste urte behar izan ditugula, neurri batean, geure ogibidea ikasteko. Hasi ginenean, Euskal Herrian musika munduan maila tekniko eskasa zen, eta kaminoan ikasi ditugu tranpak. Azken urte honetan, hiru musikari gazte sartu dira taldean, preparazio handiaz, txarrak izateko nahikoak gara beteranoak. Haiexek egindakoak dira azken diskoan agertzen diren abesti batzuk. Beraz, talde lana egiten ikasi dugu; hori da gure nortasunaren marka.
"Laster, egun baino askoz ere gehiago esportatzeko moduan izango gara musika estilo guztietan"
"Lana da Oskorriren konpromezu nagusia; alderdikerietan sartuko bagina, taldea lehertu egingo genuke"
G. Desertore izenburua, protesta edo egiteko izan al da?
E. Bihotzetik eta burutik pasatzen zitzaiguna kontatzen saiatu gara disko guztietan. Mundua oso azkar doa eta gure zenbait egia absolutu, artistiko nahiz estetiko, zalantzan jartzeko momentua da. Kontradikzioak gasolina ematen digu guri.
G. Desertatu egin duzue, beraz.
E. Saiatu gara desertatzen estetikoki, etikoki. Zenbait kantu autokritiko samar daude Desertore diskoan. Euskal Herrian, lehen bait lehen desertatu behar dugu armetatik zerbait lor daitekeen ideia zoro horretatik. Bagenuen kanta bat desertatzen duen militar bati egina, eta ideia horren inguruan trinkotu genuen disko osoa, desertatzea gauza osasuntsua baita.
G. Zu zeu, PPren kontrako manifestazioan egon omen zinen hauteskunde aurreko egunean...
E. Norberaren aukera da. Egon nintzen, bai, baina oraingoz ez naute deitu deklaratzera.
G. Kritikak izan al dituzue zuen konpromisoa ideia edo ideologia jakin baten inguruan ez finkatzeagatik?
E. Gure obrarekiko dugu konpromezu printzipala, eta ziur nago, konpromezu partidista batean sartuko bagina, dinamika horretan taldea lehertuko genukeela, taldea zulora eramango genukeela. Hala ere, Oskorri talde konprometitua da, bai gure buruarekiko, bai eta inguruarekiko ere.
G. Badirudi folk-a ez dela erreibindikaziorako musika motarik egokiena. Batzuetan, ekologia-musika ere esan izan zaio.
E. Ekologikoa da oreka mantendu nahi duelako. Paisaia bat, kolore eta usain jakin batzuk dauzka. Gaur egun gauzak nortasuna galtzera doazen heinean, hobe da norberak nortasuna markatzea. Oskorriren musika gaurkoa da, baina baditu erro jakin batzuk. Hizkuntza minoritario batean kantatzea, edo txepelkeriak baztertu eta poetak kontuan hartzea ere, bada beste konpromezu klase bat. Ez gara mugida soziopolitiko jakin baten inguruan sortu den taldea, distantzia luzeko korrikalaria baizik.
G. Zuen musika folk estilokoa dela esan beharrean, new age edo world music barnean sartuz gero, irudi tradizional hori aldatuko al litzaizueke?
E. Etiketak eta adjektibatu nahi hori kazetarien desbiderazio profesionala da. Gu hasi ginenean, euskal kantuan kantautoreak baino ez ziren, Ez Dok Amairu eta abar. Lehen unetik, beste aire, instrumentu eta influentzia batzuk genituen: amerikarrak eta europarrak, folk-rock britainiarra, jazz eta black power. Baina gu ez gara sekula sentitu ez folk, ez new age ezta world music barnean ere.
G. Baina Oskorri da behin eta berriro euskal kanta tradizionalaren erreferentzia, nahiz eta azken diskoan ere nobedade batzuk ekarri.
E. Destertore lanarekin jende askok esan digu, bai, nahiko deskolokatu egin direla, aire berriak, gauza berri eta exotikoak daudelako, gure informazio iturriak aldatu egiten direlako. Gainera, zer demontre da euskal eta zer demontre da euskal musika? Gure helburua al da antzinatik tradiziotzat daukagun hori errepikatzea eta gordetzea? Ez. Gurea da barrenean dauzkagun sentimenduak adieraztea, eta lan horretan, askotan ezagutzen dugun antzinako erritmo batek ematen digu haria gauza berriak proposatzeko, baina guk egiten duguna folk-a eta tradizionala dela esate hori demasakoa dela uste dut. Askok ere ez dute betidanik ulertu gure norabidea, esaten zutelako ez ginela aski puristak.
G. Zenbaiten esanetan, euskal musika tradizionala nahiko eskasa da berez.
E. Beti kanpotik zetorrena jaten eta edaten ibili delako. Ez dago pentsatzerik hemen ezagutu dugun herri musika bertan aspalditik egon denik, beti harreman bizian egon garelako atzerriarekin. Gaur egun, Europatik eta mundu osotik etortzen zazkigu eraginak.
G. Euskaldunok musikarako dugun "berezko trebezia" hori ere ez al da sasi-egia?
E. Hemen iraultza handia gertatzen ari da azken urteotan. Ziur aski, pentsatu izan dugu euskaldunak abilak ginela musikarako eta ingurura begiratuz gero, Andaluziara, esaterako, loltsak gorritzeko moduan egongo ginateke. Esan nahi dut tradizionalki Euskal Herrian nahiko giro musikal pobrea izan dugula. Baina azken urteotan, inbertsio humano eta ekonomiko handia egin da musika irakaskuntzan. Ez dago dudarik, musika adierazteko teknika behar dela. Ni oso optimista naiz, eta uste dut laster izango garela egun baino askoz gehiago esportatzeko moduan, musika estilo guztietan. Presenteago egingo gara munduko edozein txokotan.
G. World Music Charts Europako zerrendan sartu dute Desertore diskoa. Atzerrian, euskal etiketarik gabe, erosoago sentitzen al zarete?
E. Ez erosoago, diferente. Gure musika tankera honek badu zirkuito bat mundu osoan. Laster Portugal eta Parisera joango gara, eta hango entzuleek ez dute kontutan hartzen musika baino. Euskaraz kantatzeak alde edo kontra egiten duen? Ez bata ez bestea. Espainian, bai, bada sektore bat kontra daukaguna, baina hor ere badugu publiko fidela eta polita. Gauzak gaiztotuak daudela euskal kontutan? Ez dago dudarik. Beste garai batzuk ezagutu ditugu guk. Euskaldunok Espainiako edozein txokotan agertu eta heroiak ginen. Azken urteotan, pistolero moduan agertzen gara. Espero dezagun gauzak normaltzea.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.