_
_
_
_
Entrevista:ASEL LUZARRAGA | Idazlea | Gaiak

"Erotismoa erabili dut egungo morala zalantzan jartzeko"

Labayru Institutuko argitaletxea aire berriak arnasten hasi da eta literatura argitaratzeko sail berria jarri du kalean. Sailari hasiera emateko idazle berri baten lana aukeratu du. Asel Luzarraga bilbotarraren Hamaika ispilu ganbil nobela, hain zuzen ere. Lehen nobela hau argitaratzear zen bitartean, idazleak idazle berrientzako eratua dagoen Igartza Beka irabazi zuen bigarren nobela idazteko.

Galdera. Nola hasten da bat lehen nobela idazten? Zelan joan zinen lana burutzen?

Erantzuna. Egia esan, sei urtetik ibili naiz idazten, beraz aspalditik hasitako prozesu baten jarraipen naturala baino ez da, eta lehenengo hau egin aurretik, 19 urte bitartean, beste lan potolo bat eta haren jarraipena idatzi nituen, biak gazteleraz, bien artean mila orrialde inguru egingo lituzketenak, betirako kaxoi batean geratu zirenak. Hau, batez ere, euskaraz idazteko lehen saioa izan zen, eta hor egon zen erronka nagusia, hizkuntza bera menderatzeko prozesuan nengoelako. Hasieran pertsonaia baten ideia izan nuen, horrekin kontatu nahi nuena pentsatu, eta gero nobela bera idazten hasterakoan guztia beste itxura hartzen joan zen, desbideratzen, barruak eskatzen zidana idazten nuelako.

"Komikiari eta marrazki bizidunei omenaldia egin nahi nien, liburuari ukitu surrealista emanez"

G. Zer helburu izan zenuen lana idazteko orduan?

E. Lehenengo helburua euskaraz idazteko saltoa egitea zen. Bigarrena, moralik ez duen pertsonaia sortzea, eta haren bidez gizarteak betierekoak balira bezala ezartzen dizkigun printzipio moralak zalantzan jartzea.

G. Liburuan maiz gertatzen da hizkuntzen arteko nahasketa, nola planteatu zenuen estiloaren joera liburu honetan?

E. Garai hartan euskaldun bihurtzen ari nintzen, eta hizkuntzak berak liluratuta nenbilen, txikitan amamari bere euskalkian entzundakoa ere bihotzean neramala. Batua baloratu arren, uste nuen, beste hizkuntza normalizatuagoetan bezala, euskalkiak naturaltasunez uztartu behar zirela, pertsonaien arteko harremanak naturalagoak izateko, batua narraziorako gordez.

G. Beste arte batzuen eragina, komiki japoniarrena hain zuzen ere, nabari da. Arteen arteko elkarrizketa zure nobelaren estilo nagusia da?

E. Izan daiteke. Kontzienteki ez dut horrela planteatu; orduan komiki asko irakurri eta marrazki bizidun asko ikusten nuen, eta nire omenaldi txikia egin nahi nien, aldi berean ukitu surrealista sartu nahian, agian nobelaren beste osagaiekin guztiz bat ez datorrena. Oso nabarmena den beste arte baten presentzia musikarena da, agian gehiegizkoa ere bai, une batzuetan. Nerabezaroa guztiz utzi gabe zegoen orduko Aselek bere izaera utzi nahi zuen han, agian hori dena atzean geratuko zenean lekukotasuna han egoteko, hasi nintzenean 21 urte bainituen. Edozelan ere, uste dut elkarrizketa hori badagoela, baita bigarren lanean ere. Ama margolaria izanik, beti bizi izan naiz arte ezberdinen artean.

G. Irakasleen eta ikasleen arteko harremana, erotismoaren nagusitasuna, hurbileko gaiak dira.

E. Gaur egun irakaslea naiz, eta nire ikasleak nobelan agertzen diren ikasleen adinekoak dira, baina idatzi nuenean ikaslea nintzen, eta agian ikuspuntu erotiko horretan ere komikiek izan zuten eragina, japoniar komikietan gazteak oso erabiliak direlako ikono erotiko moduan. Ikasleen uniformeak eta nerabeen gorabeherak jasotzen dituen edozein komiki ikustea baino ez dago. Gure gizartean, ordea, hori tabu handia da eta pentsatu nuen horrelako harremanek hemengo irakurleen kontzientzian gatazka sortuko zutela, kasu batzuetan kontraesanak. Beraz, jolas aproposa iritzi nion plazaratu nahi nuen gaia bideratzeko. Beste ezer baino gehiago, jolas literarioa da, aurreko literaturatik datozkigun erreferentziak ere burura ekarriz, Nabokoven Lolita edo Miranderen Haur besoetakoa, esaterako. Gerora, nire errealitatea eta esperientzia etorri ziren, eta zerikusi gutxi dute liburuarekin. Dena dela, erotismoa, ikuspuntu ezberdinetatik, nire idatzietan presentzia handia duen elementua dela esango nuke.

G. Igartza saria irabazi ondoren bigarren nobela prestatzen ari zara. Nolakoa izango da?

E. Nik neuk erantzutea zaila egiten zait. Orain dela gutxi amaitu dut lan hori, Karonte, eta oraindik ez dut distantzia nahikorik zelan geratu den esateko. Aurrekoarekin elementu batzuetan bat egin arren, oso bestelakoa da. Honetan istorioak zientzia fikzioa ukitzen du, baina hala ere ez ditu bestean agertzen diren elementu hain irrealak. Gure garaian kokatuta dago, eta agertzen den fikziozko zientzia hori benetan ikertzen ari diren tekniketan oinarritzen da. Bizkaiera ere alde batera utzi dut, momentuz. Bestalde, ekintza eta abentura askoko istorioa baino, esango nuke intriga dela garrantzitsuagoa: pertsonaia nagusiari zer sartu dioten buruan, nor dagoen horren atzetik, protagonista eta honen lehengusinaren artean zer gertatuko den. Pertsonaien barneko egoerak ere pisu handia du. Uste dut honetan bai pertsonaiak bai espazioa gehiago landu ditudala, haria ere sendoagoa dela, eta idazkera biziagoa, arinagoa atera zaidala. Baina hori hobeto neurtuko dute kanpotik etorriko diren iritziak. Orain burua hurrengoan dut jarrita.

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo

¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?

Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.

¿Por qué estás viendo esto?

Flecha

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.

Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.

En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.

Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_