Desiraren legea
Denbora eternitatearen irudi mugikorra zela idatzi zuen Platonek. Metafora, sentimendu sakon eta aitzinako baten metafora, gizakiaren bihotzean habia eginda bizi den kezkaren metafora idatzi zuen berak, poetak oso estimatzen ez zituen filosofoak. Eta mendeak igaro ahala iruditzen zait Platonenak, metafora guztiek bezala, bestaldera garamatzala. Denbora, aldatzen ez denaren, beraz perfektua denaren irudi gisa onartzen baita, eta perfektua eternitatea da, alegia betiraundea. Sekula iraungitzen ez den memoria, sekula gelditzen ez den desira.
Denboraren neurgailua ez baita erlojua, desira baizik. Izan ere, bada desira klase bat, denbora deuseztatu nahi duena, aldaketa debekatu nahi duena, heriotza galarazi nahi duena. Eta bada beste desira klasea, bera denbora bihurtzen dena, denboraren baitan jarraikortasuna aurkitzen duena. Desirak ez du hasierarik, ez du amaierarik, desira bera baita hasiera eta amaiera. Desira bera baita hasieratik amaierara doan bidea. Eta desirak zerbait du falta, bai hasieran eta bai amaieran, bai bidean, baina ez dira ez hasiera ez amaiera. Hasiera ez baita amaiera, eta amaitzen duena ez da hasitakoa bera. Falta zaiona betikoa da, denboran zehar eraman beharreko hutsunea.
Wallace Stevens poetak ederki adierazi zuen moduan: "Eta ez edukitzea da desiraren hasiera./ Ez dena edukitzea bere ibilbidea.../ Badaki daukana ez dena dela/ Eta botatzen du antiagoalekoa balitz bezala,/ Hala nola egunsentiak botatzen dituen ilargiaren distira zaharra eta amets higatua."
Denborarik gabeko denboraren aurka jartzen da denbora historikoa, aukera gisa ikusten den denbora, desberdintasun gisa ikusten den denbora, etorkizunera daraman denbora, eta ez betiko orainera, betiko itzulerara daraman denbora.
Minaren eta gozamenaren denbora da, igarotzen den unean agortzen den denbora da. Beste denborari ematen dio eskua eta haren txanda amaitzean beste denbora hasten da, etengabe hasiz eta amaituz, betikoa bihurtuz.
Denborarena aipatu badut, ez da alferrik izan, denborarekin dugun harremanak erabakitzen baitu gure izaera. Hobeto esanda, gure desirak denboran zehar beteko ote diren esperantzak edo esperantza ezak neurtzen gaitu garenean. Patu beltzean, denbora zirkularrean, hasiera amaiera dela, eta hasierako bat zena gero banatzean multzoak sortu zirela sinesten badugu, era berean sinetsi behar dugu, bestea, gu ez garen hori, gu ez garen edonor, gure kontra dagoen izakia dela, sortze mitikoan ginena izatea eragozten digulako, sorkuntzara itzultzen (Ulisesi bezala) eragozten digulako. Eta, halakoetan, eragozpen guztien kontra (Ulises bezala) arma guztiak zilegi dira, baita indarkeria ere. Tragediaren denbora da: tragedia, zentzu batean, oihu desesperatua baita, ezinbestean gertatuko den horren aurkako ulu urragarria, gertatuko denak arriskuan jartzen baitu norberaren bizitza ez ezik, baita kolektibitatearena ere, herriarena ere (aberriarena).
Hasiera guztiak mitikoak dira, eta hasierako desberdintasuna geroko desberdintasuna bihurtzen da. Identitatea. Baina identitate guztiak kulturalak dira, asmatuak. Ez gara garenak, desira huts baizik. Eta desirak ez du espaziorik behar, denbora baizik. Desirak ibai urak bezala bere bidea baitu, sekula ez errepikatuz, sekula ez bustiz une bera: ez malkoz ez odolez. Desira hasiera da, ez itzulera. Eta bidean aldatuz doa, eta ez dago berezko identitaterik. Ez izatea baitiogu jaiotzari zor, eta bidean dabilenak ez du identitaterik hartzen; bidean dabilena alderraia baita, aberri gabea, identitaterik gabea. Bidean dabilenak oroimenaren seme da, eta gogoratzeko indarra du, eta horri lotzen zaio. Memoria du ezaugarri, memoria du errealitate gordin. Memoria du esentzia. Memoria du desira.
Eta desira errealitatearen esentzia da. Eta desira da eternitatea bera, eta desira dugun bitartean biziko gara, eta biziko gara gure desirak garamatzan bitartean: bidean aurrera, bidearekin bat eginez, denborarekin bat eginez. Desiraren legea, legearen desira. Betikotasun nahia.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.