"Ahal nuenaz idazten nuen orain arte, ez benetan nahi nuenaz"
Obabako errealitate magikoari eginiko "azken" bisitaldiko souvenirrak plazaratu ondoren, Bernardo Atxagak (Asteasu, 1951) umorea eta maitasunaren makuluaz bilatzen du, itsumustuan, datozen urteotan jorratuko duen bide literario berria. "Beste hiru liburu idatzi nahi ditut, baina batez ere, alaitasuna eta aldarte ona lortu nahi nuke", esan du.
Galdera. Soinujolearen semea-k Obabaren zikloa itxi omen du. Zergatik uko egin urrezko arrautzen oiloari?
Erantzuna. Ziniko batzuek diote idazleok diruagatik lan egiten dugula. Diruak lagundu egiten du, noski, baina ez da nahikoa. Obabarekin, jende askorengana zabaldu ahal izan dut nire mezua, mezu politikoa ere bai. Aurrerantzean, beste mezu bat igorri nahi dut, eta aurrekoan bezain harrera ona egingo didaten esperantza dut, baina horrela gertatzen ez baldin bada, hor geratuko da beti Obaba.
"Ez zait interesatzen fantasia; aurrerantzean, esperientziatik abiatu nahi dut idazterakoan"
"Munduan, nork bere dantza osatu behar du, eta gu gara dantza hori sinatu behar dugunak"
G. Horrek ez du esan nahi orain artekoaz damutzen zarenik...
E. Orain arte, ahal nuenaz idazten nuen, ez benetan idatzi nahi nuenaz. Nire bizitza hiru gelatan banatzen da. Lehenengo gela, emankorrena, haurtzaroa da. Beti esan dut, nire literatura gehiena eskolako argazkitik sortutakoa dela. Bigarren gelan, unibertsitateko kideak daude, troskismoa eta, orohar, politikari lotutako garai hura. Eta hirugarren gela, esperimentalismoaz, alfabetoez eta nire tailerrekin zer ikusia duten gauza guztiez osatzen da. Horixe izan da nire oinarria, baina aurrera begira, nik nahi dudan mundua maitasunak mugitzen du, Aliziaren mundua bezalaxe.
G. Zein izango da, beraz, Atxagaren hurrengo ihesbide literarioa?
E. Ihesbidea baino irtenbidea edo irteera dela esango nuke. Ezin gara bizi irteerarik gabe. Dick Turpinek ere esaten zuen: "Alde egingo dugu klaraboiatik!". Klaraboia edo irteera bat behar dugu beti aurrera jarraitzeko. Ziur nago, nik ere klaraboia hori aurkituko dudala, eta idazteko gai eta gogo berriak ere bai, baina beste aire batean, seguru asko.
G. "Beste aire batean"?
E. Niretzat, oso erraza da fantasiazko erretratuak egitea. Horrexetarako joera izan dut beti, baina orain ez zait interesatzen "fantasia" edo "literarioa" esaten zaion hori. Aurrerantzean, esperientziatik eta bizitzatik abiatu nahi nuke.
G. Azken nobela honetan ere antzematen da desio hori.
E. Soinujolearen semea idaztea iragana bakean uzteko modu bat izan da niretzat. Neure asmoa, pertsonaia bakoitzaren xehetasunik benetakoenak islatzea izan da, irakurleak gertatutzat har dezan kontatzen dena, ez pentsatutzat. Mundu honetan, nork bere dantza osatu behar du ezinbestez, eta fatalitatean sinesten ez baldin badugu, geu gara dantza hori sinatu behar dugunok. Geu gara erantzule bakarrak.
G. Zeintzuk dira orain esku artean dituzun proiektuak?
E. Lehendabizi, Soinujolearen semea idaztean, erritmo kontuengatik sartu ezinik geratu ziren ipuin eta pieza laburrak aprobetxatuz, honen segidatzat jo daitekeen beste liburu bat kaleratuko dut, seguru asko. Baina aurrera begira, orain sumatu ere egiten ez ditudan leku literario berriak bilatzeari ekin nahi diot. Beste hiru liburu berri idatzi nahi nituzke, baina batez ere, alaitasuna eta aldarte ona lortu nahi nuke; barre egitea, baina barruko barreaz. Beharbada, literatura satirikoa ere lantzen hasiko naiz...
G. Umorea oso lagungarria omen da arazoei aurre egiteko.
E. Halaxe uste dut nik ere. Erdi eginda daukat dagoeneko testu bat, Euskal Herriko arazoa konpontzeko horditasun orokorra planteatzen duena, erromatarren in vino veritas delakoaren ildo beretsuan. Euskal Herrian bizi garen guztiok horditu eta egiak esaten hastea planteatzen da, geure arteko arazoak konpontzeko.
G. Martziano samarra izan behar al da idazle ona izateko?
E. Martzianotasun hori aireportuz aireportu nabilenean sumatzen dut gehienbat. Han, hurrengo hegaldiaren zain testu bat taxutzen ari zarenean, mundutik at zaudela ematen du. Halakoxea izan zen Vázquez Montalbánen heriotza: extraespazio batean hil zen, bakar-bakarrik. Astronautak ere horrela hilko dira, seguru asko.
G. Heriotza aipatu duzu. Soinujolearen semea-n ere nonahi ageri da heriotzaren presentzia pisu hori.
E. Izpirituarentzat, heriotza ez da bizitza berri baten hasiera baino. Liburuaren bukaeran, euriak tximeleta bat botatzen du lurrera, eta Davidek abaildu egin dela pentsatzen du, baina ordu batzuk geroago, ez du tximeletaren arrastorik aurkitzen, berriro hegan hasi balitz bezala. Grezieraz psiké hitza erabiltzen da tximeleta, gogoa eta izpiritua esateko. Horren fedea dut nik ere.
G. Fede hori euskal kulturari ere zabaltzen al diozu?
E. Zalantzarik gabe. Lehen, oso gutxi ginen eta bazirudien denok denetarik egin behar genuela. Baina gaur, gaitasun handiko jende asko dago: Unai Elorriaga, Iban Zaldua, Josune Osoro eta beste hainbat. Batzuekin, gainera, justizia egin dela uste dut. Pello Lizarraldez ari naiz, noski. Alde horretatik ere, aske sentitzen naiz, denetarik egiteko premia hori gainetik kendu zaigulako.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.