Adorea eta arnasa
Hasierako erreakzio gartsuak atzean gelditzen doazen neurrian komenigarria dirudi Euskaldunon Egunkariaren inguruan gertatutakoa lasaitasun eta distantzia pixka batez hartzeak. Iritzi arinegi eta interesatuak, elkartasun-eskaera behartzaileak eta hanka-sartze nabarmenak alde batera utziz, denetarik izan baita azken boladan, ezin uka daiteke euskal kulturaren hainbat ordezkarik zuzeneko astindu eta eraso bezala bizi izan duela egunkariaren itxiera. Zer esanik ez politikari nazioalisten kasuan, hauek argi ikusi baitute auzia etekina ateratzeko modukoa izan zitekeela.
Nahiko harrigarria izan da, hala ere, beren ahotsa entzunarazi duten euskal kulturagileek erakutsitako adostasun zabala, unanimitatea ez esatearren, itxiera modu sutsuan salatzeko garaian. Hainbat eta hainbaten kasuan, kalera irteteko oraingo behar honek adierazgarriago egin du terroristek eragindako hilketen ondoren gordetzen duten isiltasun baketsua edo amorrazioz betea, batek daki, baina isiltasuna, azken batean. Ez da gaizki pentsatzeagatik, baina badirudi lehentasunen hierarkia aldebrestua dabilela gure artean, izan ere, askotxok euskararen aurkako erasoari (inork irents badezake halakorik) gizakien bizitzari baino garrantzi gehiago ematen omen baitio. Oso oker ez banago, edozein demokraziatan gobernuak lehentasunen hierarkia erabat itxuragabetzen duenean, intelektualek, botoredunen atzetik joan beharrean, nahasmena deusezten eta arazoen garrantzia egokiro neurtu eta zehazten lagundu ohi dute. Ez dakit hemen ere hauxe eskatzea gehiegi ez ote den, baina beharrezkoa bada, dudarik gabe.
Itxitako egunkariaren pluraltasuna goraipatu du zenbaitek, auziak oinarririk ez daukala agerian jarri nahian edo. Baina horrela balitz ere (gauza zailagoetan ere sinesten duen jendea bada hortik zehar), aniztasunaren dohainak ez lituzke zurituko egunkariaren ustezko lotura eta negozio zikinak, horrelakorik gauzatzen zela frogatzerik bada, jakina. Nahasmenerako joeraz gain, deigarria den beste ezaugarri bat ere sumatu ahal izan da azken asteotako erantzunetan: askoz ere bizkorrago azaltzen gara zalantzazkoak diren eta auzipean dauden arazoei buruz iritzia emateko begibistakoak eta inongo frogarik behar ez dutenei aurre egiteko baino. Esan ohi den bezala, hau guztia gizartea gaixorik dagoelako gertatzen bazaigu, bada garaia behingoz senda dadin.
Egun hauetako auziak, dena den, beste zerbait ere azaleratu du, zeharka eta era isilean izan baldin bada ere: euskal kulturaren barnean bada tankera honetako erreakzio eta ñabardura gutxiko adostasun orokorrarekin bere burua eroso sentitzen ez duen jendea ere, Donostiako manifestaziora joan ez zena, baina ez euskarazko egunkaririk nahi ez duelako edo ez Auzitegi Nazionalak hartutako erabakia gehiegikeria eta agian funtsik gabea dela susmatzen ez duelako, baizik eta ez zuelako nahi izan, ez zuelako etikoki onargarria ikusten, hiltzaileen lagunek eta isiltasunaren profesionalek ere osatzen zuten tropelean sartzea. Hiritar klase honek ez zuen inongo segurtasunik manifakideren batek egun gutxira zinegotzi mehatxatuen eta bizkartzainen parodia krudel bezain nazkagarri batean parte hartuko ez zuenik. Nazionalismoaren itolarria sentitzen duen jende horren arabera asmo onen eta elkar ulertzeko grinaren aurrean lehentasuna dauka oinarrizko eskubideak babesteak, azken hauetan soilik eraiki ahal izango delako elkarbizitza eta kultura irekia.
Horregatik da beharrezkoa bestelako arnasa bat eskaintzea euskal kulturari, orain arte sakabanatua diharduen jendeak aukera izan dezan bere burua ordezkatuta ikusteko, nazionalismoaren mota batek bultzatu duen euskal nahaste eta marasmotik urrun. Oinarrizko printzipioak, bizitza, legalitatea eta mehatxurik gabeko askatasuna bermatzen diren unean, etikak ez digu oztoporik jarriko euskarazko egunkari baten eskubideak kalean defendatzeko. Izan dezagun adorea bestelako arnasa horren bila abiatzeko. Euskal kulturari ezin diogu, oraingoz, hau baino mesede handiagorik opa.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.