Idazleen pausaleku
Verines herriaren izena aspaldi zabaldu zen euskal letren eremuan, azken urte hauetan pixka bat ilundu bada ere haren ospea. Aurten, baina, 18 urte bete ditu ekintza horrek eta haren ibilbideari errepasoa egitea ez da Garizumako baraua.
Verines, Llanes, Asturiasko herriaren auzo txiki bat besterik ez da. Baina bertan du Salamancako Unibertsitateak indiano etxe bat, kurtso labur eta mintegietarako erabiltzen duena, eta hantxe hasi ziren 1985. urtean eta gaur egun Espainiako Hizkuntza Akademiako Zuzendari den Víctor García de la Concharen gidaritzapean idazle eta kritikoen arteko elkarrizketa horiek.
Elkarrizketaren egitura sinplea da, berez. Gai bat aukeratzen da, eta zenbait idazle gonbidatzen dira gai hari buruz hitz egin dezaten. Gaiak askatasunez tratatzen dira, idazleak eurak baitira publiko bakarra, eta eztabaidarako gune berezi bihurtzen da horrela elkarrizketa.
Literatura lanez aparte, idazleen artean garrantzitsuak dira topaketak eta literaturaren inguruko ekintzak. Eta horretan Verinesek paper berezia jokatu du, idazleak elkar ezagutzeko plataforma bihurtu delako, literaturari buruz hausnartzeko bidea eskaini duelako, idazle profesionalen kezkak zeintzuk diren ezagutzen utzi dielako idazle gazteei eta gurea bezalako literatura txikitik etorritakoei.
Bernardo Atxagak, adibidez, askotan esan du euskal literatura ez dela bera Verinesen aurretik eta ondoren. Suso de Toro idazle galiziarrak adierazten du Verinesen ikasi zuela ez egile izaten, baina bai idazle izaten, hantxe ikasi zuelako bere burua idazle gisa onartzen, hantxe jo zuelako zein zen idazle profesional baten egin beharra.
Eta euskal idazle bat eta galiziar bat aipatu ditugu, eta bada ordua Verinesko beste ezaugarri garrantzitsu bat aipatzeko. Espainiako hizkuntza guztien literaturak daude presente: espainola, euskara, galiziera, katalana eta bablea. Eta denek dute aukera bera hitz egiteko... Garai batean zaila bazen horrela jokatzea, bere joera hizkuntza aniztunaren aldeko apustuarekin jarraitu du Verinesek.
Verines topaleku bat da, atseden lekua ere bai, zeren elkarrizketak amaitzen direnean hasten dira bazkari zein afarietako elkarrizketa zuzenagoak. Eta elkar ezagutzeko balio izan die idazleei, baina bakoitzaren lanak irakurtzeko ere bai, eta gauzak nondik nora doazen ikusteko.
Batez ere, hara doazen idazleen artean mantentzen du bere xarma topaleku horrek. Bada han maitemindu zen idazlerik, eta ondoren han ezagututakoarekin ezkondu zena. Beraz, biografiak ere markatu ditu Verinesek. Gainera, zenbait nobelatan ageri da, idazle batzuk omenaldi gisa jarri dituzte zenbait ekintza bertan.
Publikorik gabe egiten denez, gogo jardunen antza ere badu elkarrizketa topa-gune horrek. Baina, eskasa da kanporantz duen oihartzuna. Gai oso garrantzitsuak aipatu badira bertan, gutxi dira -zazpi besterik ez- haietan esandakoa bilduz argitaraturiko liburuak, nahiz eta bere presentzia finkoagoa izan fikzioan.
1985. urtean Espainiako poesia berria hartu zuen gaitzat elkarrizketak, eta hara agertu ginen Jon Juaristi, Bernardo Atxaga, Juan Mari Lekuona, Patri Urkizu eta bostok. Gerora idazle ugari igaro dira topa-gune horretatik. Nobelaren egoera, ipuingintzarena, letren berrikuntza, literatura eta hedabideak, mendebaldeko pentsakizuna, mitoa eta errealitatea gaurko narratiban, tribuaren hizkuntza: idazketa eta hizkera; letren territorioa, literatura labirintoan...
Aurten hiru gai izan ziren tratagai: idazkera eta oralitatea, Verinesek suposatu duena eta Carlos Casares (1941-2002) idazle galiziarrari egindako omenaldia.
Hiru gai horiek bilbatzeko Asturiasko auzo horretara hurbildu ginen Bernardo Atxaga, Víctor Freixanes, Manuel de Lope, Basilio Losada, Gustavo Martín Garzo, José María Merino, Miquel de Palol, Alvaro Ruiz de la Peña eta Suso de Toro idazle handiak.
Carlos Casares lehen urtetik egon zen presente Verinesko elkarrizketa horietan, dekanoa zen, eta bere kontatzeko manera zoliagatik afalondo guztietako bihotz eta gune. Fabulatzaile ezin hobea genuen Casares eta bere nobelagintzan Europako joera nagusiak agertu bazituen ere, eta horrela bihurtu zen Nova narrativa galega deituriko eskolako idazlerik garrantzitsuena, Méndez Ferrínekin batera, anekdotarik bitxienak ahoz kontatzeko berebiziko ahalmena zuen. Martxoa honetan zendu zen bat-batean, lagunen eta irakurleen bihotzetan ezusteko lazgarria utziaz. Verinesen egondako idazle batek esan zuenez, Galizia handiago mapetan eta bihotzetan egin zuen Carlos Casaresen idazkerak.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.