Selecciona Edición
Conéctate
Selecciona Edición
Tamaño letra
Reportaje:Gaiak

Teknika berritzaileen filma

Marrazki bizidunak eta irudi errealak nahasten ditu 'Etxaldeko erregea' filmak

Etxaldeko erregea edo El rey de la granja euskal filma ikusgai da jada joan den ekainaren 21etik Euskal Herriko zinema aretoetan. Euskaraz nahiz gazteleraz ikusteko aukera dute bertaratutako haurrek, gaztetxoei zuzenduriko ekoizpena baita, nahiz eta helduek ere ongi pasatzeko beta duten. Gregorio Murok eta Carlos Zabalak zuzenduriko filma Gasteizen, Donostian eta Iruñean euskaraz aurrestrenatu zen ekainaren 16ean eta Bilbon berriz gazteleraz; arrakasta izugarria izan zen. Bainet Zinemak ekoiztuta, bi hizkuntzatan ikusi ahal izango da, euskaraz eta gaztelaniaz Tinko Euskara Elkartearen lanari esker, azken urteetan beste hainbat filmen euskarazko bertsioa bultzatu duenak.

Etxaldeko erregea ez da ohiko ekoizpena, marrazki bizidunetan irudikatutako estralurtarrak eta Lurreko bizidunak irudi errealetan konbinatzen baititu. Urruneko planeta batean kokatzen da istorioa. Mikelek, hamar urteko protagonistak, Neuronia izeneko esfera eskuratu eta etxaldeko besteen adimena kontrolatuko du, tirano bat bilakatuz.

Gregorio Muro hernaniarra ideiaren bultzatzailea da, gidoiaren arduraduna eta Carlos Zabalarekin batera filmaren zuzendaria ere. Gregorioren hitzetan 'gidoigintzari buruzko ikastaro batean ezagutu nuen Carlos Zabala eta irudi errealetan nik neuk esperientzia handirik ez nuenez, Carlosi deitzea erabaki nuen. Horrez gain, oso ongi konpontzen gara eta biok batera egin genezakeela otu zitzaidan'.

Gregoriok zerbait ezberdina egiteko gogoa zuen, berritzailea, eta horrelako filmak soilik Estatu Batuetan egin zitezkeela uste bazen ere, aurkakoa erakutsi du hernaniarrak. 'Berez publizitate munduan ordenagailuz ekoiztutako lan asko egin da. Badirudi ordea, publizitateak zinemari bizkarra ematen diola eta alderantziz. Guk iragarkietako teknika berdinak erabili ditugu'. Prozesu honetan Dibulitoon estudio euskalduna eta Bartzelonako Animandus izan dira elkarlanean eta irudi errealak euskal autore ezagunekin grabatu dira. Bi urteko lana izan da, eta Gregoriok dioenez nekatuak bukatu duten arren, emaitzarekin oso pozik daude. Gregorioren hitzetan 'teknika berri asko ikasi ditut bidean'. Irudiez gain, musikak eta soinuak izugarrizko garrantzia dute pelikulan. 'Adibidez asteroideak eta espaziuntziak daude filmean eta hauen zarata ere sortu behar da. Lan izugarria izan da eta horrez gain, Anjel Illarramendik musika konposatu du eta Pragako orkestrak interpretatu du abenturazko film honek behar zuen musika. Indar handia gehitzen dio istorioari'.

Tinko Euskara Elkarteak bultzatu eta burututako itzulpen lanak ere aipagarriak dira. Lan honetan eskarmentu handia erakutsi dute Banpiro Txikia, Jaizkibel eta Adarbakar txikiaren kondaira filmen bikoizketak burutu baitituzte jada. Umeei zuzendutako estreinaldien itzulpenak egin dituzte batez ere, haurrek filmak euskaraz ikus ditzaten. Etxeko txikiak ordea, familian joan ohi dira zinema aretoetara eta nagusiak filmak euskaraz ikustera ohitzen dira.

* Este artículo apareció en la edición impresa del Lunes, 1 de julio de 2002