Argazki uzbekiarra
Segur aski ez zuen National Geographic aldizkariaren azalean agertzeko begi berde errepikaezinik. Txiki samarra zen, orduan izango zuen adina kontuan hartuta ere. Ilea motz-motz zeraman moztuta, berarekin zetozen mutikoen antzera. Basamortua atzean zutela, bazirudien denak kolore berdinekoak zirela, gris edo hori ilun kolorekoak, haien oinek egunero zapaltzen zuten harearena bezala.
Ulug Beg XV. mendeko astronomoaren omenez eraikitako museoaren ondotik paseatzen ari ginela hurbildu zitzaizkigun. Samarkandara eraman gintuen bidaia hartan lehenbiziko aldiz egiten genuen topo bertako umeekin. Sei lagun ziren eta tropeltxo haren barnetik begi bizidun neskatikoaren ahotsa nabarmendu zen berehala. Kanpotar itxurak aldameneko paisaiatik nahikotxo bereizten gintuela ez dago esan beharrik ere. Neskatilak agian bere taldekide gehienak baino bizkorrago ohartu zen horretaz eta zuzenean jo zuen guregana. Gerturatzen ari zela sorbaldatik zintzilik neraman argazki-aparatuaz ere konturatu egin zen. 'Aterako al diguzu argazki bat?' -galdetu zidan. 'Aurki nire urtebetetzea izango da eta lagunekin batera egindako argazki bat jasotzea nahiko nuke'.
Hortxe daude orain ere, nire aurrean. Seiak argazki-makinari begira, euren atzean hareazkoa dirudien horma hori bat dutela. Aurpegiak oso antzerakoak dira denak, batez ere mutikoenak. Haien erdian neskatilaren begiradak distiratzen du zerbaitegatik, agian bazekielako bera zela momentu hartan gehien inporta zuen pertsona.
Argazkia egin ondoren, papertxo batean bere izen-deiturak, helbidea eta urtebetze-data idatzi zizkigun, guztia emakume heldu baten letraz. Baina orduan hamar-hamaika bat urte baino ez zuen izango.
Bidaia hura egin genuenetik igaro direnak, berriz, hamabi izan dira. Etxean daukat oraindik argazki hura eta, harrigarria egiten bazait ere, baita paper puxka batean neskatilak idatzi zituen datuak. Berak, ordea, sekula ez zuen jaso -ez bainion bidali- urte hartan bere urtebetetzerako eskatu zigun oparia. Hurrengo urterako ahaztuta izango zuen, segur aski, baina orduan ere, nire erruz, jakina, ez zuen jaso. Ezta hurrengo hamarretan ere. Argazkia oraindik hemen baitago, nire eskuetan. Niri, berriz, ez zait neskatilarekin hartu nuen zorra ahaztu, erruduna bere erruaz ahazten ez den bezala, barkatua izatera heltzen bada ere.
Hasieran nagitasuna, gero bestelako eginkizunak edo momentuaren desegokitasuna. Aitzakia guztiak iruditzen zaizkit pobreak, neurri batean edo bestean. Agian beste arrazoi batzuek eragotzi zidaten behin eta berriz, batik bat lehenbiziko urte hartan, argazkia bidaltzea, bide batez noizbehinka sentitzen nuen barren kezka pixkanaka sendotuz. Hasierako epe hura (urte hartako urtebetzea) igaro eta gero, zer irudituko zitzaion argazkia hurrengo urtean jasotzea? Itxaropen hura galduko al zuen bigarren urterako? Horrela izatera, ba ote zuen zentzurik argazkia behar baino askoz beranduago bidaltzea? Zalantza hauekin batera, beste bat izan ohi nuen: hain garrantzizkoa al zen, azken finean, argazkia bidaltzea? Egia esan, nire buruari zuzendutako azken galdera honek lotsa apur bat sentiarazi zidan, ez baitzegokidan niri argazkiak beste batentzat izan zezakeen balioa juzkatzea. Bazen beste pentsamendu norberekoi bat ere: ez nuen sekula jakingo zernolako erreakzioa edukiko zukeen neskatilak argazkia azkenik jasotzean, irudi horren berri ez nuen segurantza osoz inoiz ere izango. Beharbada jakinmina asetu ezingo nuelako sentipenak geldiarazi ninduen.
Denbora pasa ahala, buruhauste hauek ahaztuko zitzaizkidala uste nuen. Baina hementxe daude orain ere argazkia eta argazkiak dakarzkidan oroitzapen eta irudiak. Neskatila hura, dagoeneko, emakume bihurtu da. Oraindik Samarkandan biziko da, kale berean ez bada ere (honezkero, hango ohiturei jarraiki, ezkondu egingo baitzen). Badakit dagoeneko ez duela zer ikusirik izango duela hamabi urteko neskatila harekin. Eta hala ere (eta agian horrexegatik), ez al da garaia behingoz argazkia bidaltzeko, Dildora Umarovarekin daukadan zorra nolabait (gaizki eta berandu) kitatzeko, hark zer esango eta zer sentituko duen sekula jakingo ez dudan arren? Argazkiaren barrenetik Dildorak erakusten didan begirada biziak hori eskatzen didala beti jakin izan dut.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.