Ele gutxituak elkarlanean
Europako Hizkuntzen Urtea izan dela eta hainbat ekimen burutu dira 2001ean zehar
Gaur egun 6.000 hizkuntza mintzatzen dira munduan. Hizkuntzalarien arabera, mintzaira batek gutxienez 100.000 hiztun behar ditu bizirauteko, eta azken urteotan hamar hizkuntza galtzen ari dira urtero mundu osoan.
Hizkuntz aniztasuna babestu beharreko ondarea dela hitzetik hortzera entzun dugu joan zaigun urtean. Izan ere, Europako Batasunak 2001. urtea Europako Hizkuntzen Urtea izendatu zuen, eta horren harira hainbat ekimen bultzatu da. Oro har, hizkuntza gutxituak dituzten herrialdeetako hizkuntz arduradunen arteko komunikazioa eta elkarlana bultzatzea izan du xede iazko Europako Hizkuntzen Urteak. Europako Batasunak eta Europako Kontseiluak antolatutako hizkuntzen urteak helburu argiak zituen; eleaniztasuna bultzatzea, hizkuntzen ikaskuntza sustatzea eta hizkuntzen irakaskuntzari eta dagokien ikaskuntzari buruzko informazioa bildu eta zabaltzea. Ildo horretan, iazko otsailean Dublinen hizkuntza gutxituetako ehunka erregioetako arduradunekin egindako estreinako mintegiak eman du fruiturik. Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza ere bertan izan zen euskararen egoera Europako gainontzeko hizkuntzen aurrean ezagutarazteko. Lorea Bilbao, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordetzan Euskara Sustatzeko Zuzendariaren hitzetan, bilera emankorra izan zen oso: 'lehenengo urratsa izan da, gure artean elkar ezagutzeko eta Europan dauden 43 hizkuntza gutxituen egoera ezagutzeko. Izan ere, egoera oso diferentea da lurraldearen arabera. Badaude lurralde batean hizkuntza gutxituak direnak eta beste lurralde batean nagusiak direnak, eta behin-behineko eskubideak onartu barik dituztenak'.
Hala, euskararen kasua bitxia egin zitzaion bati baino gehiagori, 'nor bere lurraldean hizkuntza gutxitua izatea deigarria delako, euskara bere eremuan gutxitua delako'. Hizkuntza gutxituen arazo nagusia normalizazioa bada ere, aurrerapauso handiak eman direla iritzi dio Lorea Bilbaok. Batzuren ustez urte sinbolikoa izan den arren, Europako Batasuna hizkuntzei begira jartzean 'hizkuntza gutxituen egoeraren aurrean erantzuteko borondatea' agertu duela dio Lorea Bilbaok. 'Jendea inoiz baino gehiago batu da, eta ekimen dezente jarri da martxan. Europan momentuz ez dago aurrekontu partida berezirik hizkuntza gutxituen alde eta hori lortzeko lanean hasiko gara'. Besteak beste, iaz sentsibilizazio kanpaina bat jarri zuen martxan Jaurlaritzak hizkuntza aniztasuna bultzatuz euskara gainontzeko hizkuntzen parean jarriz eta 'gure hizkuntzarekiko egon daitekeen ideia folkloriko eta estereotipoetatik aldenduz'.
Norberaren hizkuntza ez ezik beste mintzaira batzuen ikastea bultzatzeko asmoarekin Hizkuntzen Europako Eguna izan zen pasa den irailaren 26koa. Egun hartan, Kontseiluko zuzendaritzak adierazpen publiko bat egin zuen Europako legediak euskararen diskriminazio konstituzionala gainditu behar duela aldarrikatuz. Euskarak dagokion lekua lor dezan hizkuntzen arteko berdintasuna, hizkuntz eskubideak errespetatzea eta euskarari arlo guztietan lehentasuna ematea ezinbestekoa dela adierazi zuen.
Hizkuntzen urtearen harira, Europan zehar informazio-kanpaina egin da eta Hizkuntzen Urte Europarraren helburuak bultzatzeko sustapen neurri bereziak jarri ditu abian Europar Batasunak. Hauen artean aipatzekoak dira, besteak beste, interneten paratutako orria hizkuntza gutxietako ordezkariek elkarren berri izan dezaten, argitalpenak, hainbat erakusketa zein ekitaldi, Europa mailako sariketak eta txokoz-txoko antolatu diren sentsibilizazio kanpaina bereziak. Bide horretan, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak 'esanak esan: euskara' lemapean kanpaina jarri zuen martxan. 'Ezin dugu ahaztu Europan Estatuko hizkuntza nagusiaz aparte, ia 401 milioi pertsona direla eremu urriko hizkuntzaren bat hitz egiten dutenak', azaldu du Lorea Bilbaok. Xabier Mendiguren Kontseiluko Idazkari nagusiaren aburuz, baina, 'Hizkuntzen Urte Europarra deitu den hori, Europar Batasuna osatzen duten estatuen hizkuntza ofizialen urtea izan da nagusiki. Izan ere, erakunde ofizialek ildo horri jarraituz antolatu baitituzte hainbat ospakizun eta ekitaldi desberdin'.
Hala, erakundeek hizkuntza aniztasuna bultzatzeko 'urrats narbamenik egin ez dutela' eta horregatik horrelako urteen eraginkortasuna 'erlatiboa' dela gaineratu du. Europako Batasunean 43 hizkuntza gutxitu daude, eta Tom Moring EBko hizkuntza gutxituen bulegoko idazkari nagusiaren hitzetan, euskara ere oraindik galtzeko arriskuan dago.
Hurrengo urratsa, otsailean
Hizkuntzen urtea igarota, balorazio baikorra egiten du Jaurlaritzak. Euskararen normalizazioa lortze bidean 'hizkuntza politika egokia' bultzatzearen alde agertu da Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko arduraduna. Izan ere, 'iaz euskarak Nafarroan jasan zituen erasoak guztion ahotan izan baziren ere, eta salatu behar diren arren, beste egoera batzuk ere neurri berean salatu beharko genituzke. Isilean gelditzen direnak, neutralagoak direnak. Alegia, euskararen alde ez kontra egiten dutenak, horrek ere hizkuntzaren atzerapausoa baitakar berarekin'. Zentzu horretan, 'diskriminazio positiboaren politika' azpimarratzen du Lorea Bilbaok. Kontseiluaren iritziz, urte 'gazi-gozoa' izan da iazkoa. Xabier Mendigurenen ustez, euskarak ez dauka etorkizuna ziurtatua, 'hainbat gizarte arlotan ez da ia urratsik egin. Hala ere, gizarteak euskararen aldeko apustua adierazi du, eta , beraz, neurri eraginkorrak hartuz gero, euskararen normalizazioan aurrerapen garrantzitsuak egiteko moduan gaude'. Hainbat arlotako aldaketa ezaren arren, 'euskararen aldeko lanak indar handiz jarraitu du aurrera. Kontseiluaren nazioarteko ekimenetan garbi ikusi dugu Europan hizkuntza gutxituen babes eta sustapenaren aldeko jarrera nagusitzen ari dela eta horrek etorkizunari itxaropenez begiratzeko kemena eman behar digu'. Iaz Dublinen burututako bilkuran hizkuntza gutxituak dituzten herrialdeetako hizkuntz arduradunen arteko komunikazioa sortu bazen, orain ordezkari horiek elkarrekin lan egiten ikasteko garaia da. Bilera hark aurreneko hartuemana finkatzeko balio izan du eta dagoeneko beste mintegi bat prest da, hizkuntza gutxituen inguruan eztabaidatzeko. Oraingo hau Palman egingo dute, datorren otsailean. 'Estatu mailako hizkuntza gutxituetako hainbat ordezkari bilduko gara, eta Eusko Jaurlaritzarentzat inportantea izango da bilera. Dublinen izan ziren Europako hizkuntza gutxituetako ordezkariak ere bertan izango dira. Halaber, uharteetako hizkuntzen egoera ere aztergai izango da. Europako Hizkuntzen Urtearen bigarren urrats gisa dakusagu'.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.