_
_
_
_
Tribuna:GAIAK
Tribuna
Artículos estrictamente de opinión que responden al estilo propio del autor. Estos textos de opinión han de basarse en datos verificados y ser respetuosos con las personas aunque se critiquen sus actos. Todas las tribunas de opinión de personas ajenas a la Redacción de EL PAÍS llevarán, tras la última línea, un pie de autor —por conocido que éste sea— donde se indique el cargo, título, militancia política (en su caso) u ocupación principal, o la que esté o estuvo relacionada con el tema abordado

Euskarak behar al du apologiarik?

Orain dela ia 200 urte, Pablo Pedro Astarloak Apología de la lengua vascongada delako bere liburua argitaratu zuen. Liburu mardul horretan, euskaldunen artean inongo prestigiorik ez zuen eta galtzen ari zen hizkuntzaren goraipamena egin zuen, hainbat xelebrekeria idatziz, hala nola euskara izan zela Jainkoak Adani pasatako hizkuntza edo euskara beste hizkuntza guztiak baino balio handiagokoa zela, eta abar.

Durangoko aurtengo Liburu Azokan Astarloari omenaldia egin zitzaion eta hori zela eta, bertako mahai-inguru batean galdera bat eztabaidatzeko aukera izan genuen: euskarak behar al du apologiarik? Mahaikideok eta ikus-entzuleok izan genuen eztabaida horretan behin eta berriro 'fedea', 'erlijioa', 'liturgia' eta antzeko kontzeptuak agertu ziren euskara hizkuntza bat baino zerbait gehiago dela adierazteko. Nire mahaikideek ez bezala, nik uste dut euskara eta euskal kulturaren aldeko lanean ikuspegi transzendentalista eta mitifikatzailea alde batera uzteko garaia iritsi dela, edo, beste modu batera esanda, Astarloaren apologiatik Koldo Mitxelenaren apologiara pasatzeko unea heldu zaigula. Egun, Astarloak eta bere ondorengoek egindako lanari esker, badugu aukera galdetzeko ez euskarak apologiarik behar ote duen, baizik eta zer nolako apologia behar duen, eta zein ez duen behar. Hona hemen, laburbildurik, nire erantzunak:

Euskararen alde lan egin nahi badugu, ez da nahikoa lan hori euskaraz egitea, aparteko kalitatea izan behar du lanak

1) Diskriminazio positiboaren apologia

Miquel Siguan hizkuntzalari katalandar ospetsuak idatzi du euskara bezala diglosia egoeran dagoen hizkuntza batek bizirik jarraitzeko, bi baldintza edo baliabide bete behar direla: hiztunen borondatea eta, borondate horren eskakizunak ahalbideratzen dituen nolabaiteko botere politikoa. Tesi honen adibiderik narbarmenena Euskadi eta Iparraldearen arteko konparaketan aurkitzen dugu. Erkidego Autonomoan Estatutuaren bidez ezarritako aginte politikoari esker, euskararen egoera narbarmenki sendotu egin da azken hamarkadetan. Iparraldean, berriz, euskaldunon hizkuntzak ez du babesik eta beherantz doa etengabe. Beraz, begi bistan dago, euskal biztanleon (euskaldunon eta erdaldunon) borondatean oinarritutako erakunde politikoen eta instituzionalen laguntzarik gabe, euskarak nekez izan lezakeela etorkizunik.

2) Gaurkotutako apologia bat, ondorengo fenomenoak salatuko lituzkeena:

- Euskaldun fundamentalistak. Gure artean ere badago euskara sakralizatu egiten duen tendenzia zabal bat. Tendentzia honetako zaleek hitz egiten dute euskara gizakia balitz bezala, izaera propioa eta eskubideak dituen gizabanakoa bailitzan. Koldo Mitxelena ez zegoen batere ados ikuspegi transzendentalista honekin: 'Bitartekoa da hizkuntza, ez ontzia: ez du deus barrenen eta zernahi izan dezake. Adieraz ditzake, bada, asmakizun argiak eta kirtenkeria itzelak, gogoeta zoragarriak eta totel-esaldi baldarrak, garbiak eta lizunak, lirainak eta gordinak. Ez batzuek ez besteak ez ditu 'hizkuntzak' esaten, ez baitu, beste norbaitek edo zerbaitek bezela, horretarako 'nortasunik': mutu da, ez baitu ez ahorik ez eztarririk, are gutxiago bururik (...)'. (K. Mitxelena 1970).

Beste modu batera esanda: euskara izango da euskaldunok nahi duguna, eta inoiz euskaldunok erabakiko bagenu, euskaraz hitz egin beharrean txinoz hitz egin behar dugula, horixe egingo da, nahiz eta gu bezalako erromantikook malko batzuk isuri.

- Euskaldun alperrak. Hemen berriro ere Mitxelenaren abidea ekarri nahiko nuke gogora. 1970ean José Artetxerekin izan zuen polemika. Azken honek ondokoa idatzi zuen artikulu batean: 'Gauza bat euskeraz egiña baldin badago, ondo dago oso-osoan, dan-danean'.

Hona Mitxelenaren erantzuna Artetxeri: 'Ez arraioa! Nor da horrelakorik uste duena? Erakuts iezadazu, mesedez, horrelakoren bat, bere izena eta itxura hemendik aurrera gogoan ongi gorde ditzadan'.

Zoritxarrez iruditzen zait, horrelako giro bat gaur egun oraindik aurki daitekeela zenbait gunetan: denok gara euskaldunak, denok gara otso talde batekoak eta otso batek ez diola besteari koskik egiten. Unibertsitatean oraindik ere ikasle batzuk harritu egiten zaizkit euskaraz suspenditzea ere posible dela ikusten dutenean. Euskararen alde lan egin nahi badugu, ez da nahikoa lan hori euskaraz egitea. Ahalegin berezia ere egin beharko genuke lan horren maila edo kalitatea apartekoa izan dadin. Gure lanean, bakoitzak bere arloan eta bere neurrian, lortzen baldin badugu hizkuntza eta kalitatea elkartzea, orduan hizkuntzaren sendotzearen aldeko urrats handia egingo genuke.

- Euskaldun zilbordun itxiak eta itsuak. Sabino Aranak berak ere ikasi zuen -kostata baldin bazen ere- hizkuntzak ez zuela izango etorkizunik modernizazio prozesuaren aurka joanez gero. Sabinoren kasuan horrek esan nahi zuen, industrializazioa onartu beharra zegoela eta euskal baserriaren inguruan harresia eraiki beharrean, erronka berriak onartzea eta eskaintzen zituzten aukera berriak aprobetxatzea lortu behar zela. Gaur egun beste modernizazio, hots, globalizazio prozesu baten barruan murgildurik gaude. 20. mendearen hasieran bezala, gaur egun ere guztiz ilusorio eta atzerakoia iruditzen zait pentsatzea, erronka berriaren aurrean euskara salbatzeko mugak ezarri behar ditugula, esate baterako ahal den neurrian gure mundua elebakarreko mundu bihurtuz. Estrategia egokia, ordea, kontrakoa litzateke: gaztelaniaz eta euskaraz gain, ahal ditugun hizkuntza gehien ikastea, teknologia berriak erabiltzea eta kultura euskaldunaren ezaugarriak munduan ezagutaraztea, beti apaltasunez, baina etenik gabe. 1545ean Beñat Detxeparek eskatu zuen euskara plazara ateratzeko. Artean, hizkuntza bera kenduta, plazan zer erakutsi handirik ez zegoen. Gaur berriz, egon badago. Izan ere, euskal kulturak -hobeto esanda: euskaraz egindako euskal kulturak- baitu kalitate handiko zer erakutsi franko, Euskal Herritik kanpo ere bere balorea izan lezakeena. Eta alderantziz: euskal kulturgileentzat kanpoan badago zer ikusi eta zer ikasi handia. Elkar trukaketa eta mestizaje aberasgarri hori askoz gehiago bultzatu beharko genukeela iruditzen zait, eta arlo honetan euskaldun askok barruan daramagun zilborrari so egiten dion lokalismoa ez dugula erabat gainditu ere uste dut. Hemen berriro ere etorri zait Mitxelena burura, hauxe esan zuenean: 'Denontzat sortzen dugu, edo ez dugu inorentzat sortzen'. Eta Mitxelenak hau idatzi zuenean Europa zuen buruan: 'Ni behintzat ezin naiteke zalantzan has Europari buruz, nire sustrai guztiak Europan baititut. Europaren kultura -berak sortutako nahiz besterengandik hartutako gaiez oratua- gu guztiona da, nirea ez ezik, nahi badugu eta ez badugu'.

Hau bai dela euskarak eta euskal kulturak behar duen apologia egokia eta aberasgarria: kultura ireki, dinamiko, aurrerakoia eta mestizoaren aldeko apologia. Ze modernua eta aurrerakoia izan zen Mitxelena 1960an horrelakoak idatzi zituenean! Halere, horrelakoak esan ahal izateko, Astarloa bezalako suspertzaile eta probokatzaileen apologiak bidea urratzeko behar beharrezkoak izan ziren. Eta horretan, hain zuzen ere, datza Astarloaren apologiak lortu zuen arrakastarik handiena: euskarak gaur egun horrelako apologia itxirik eta mitifikatzailerik behar ez izatean.

Ludger Mees idazlea da eta EHUko Historia irakaslea.

Ludger Mees idazlea da eta EHUko Historia irakaslea.

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo

¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?

Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.

¿Por qué estás viendo esto?

Flecha

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.

Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.

En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.

Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_