'El Partido'
Taberna horretan elkartzen dira hilean behin, baina gaurkoa azkeneko bilera izango da, ziurrenik. Inork ez zuen datarik finkatu: hilaren azkeneko asteazkenean han izaten dira, afalostean, hutsik egin gabe. Batzuetan, partidua badago, denbora telebista aurrean ematen dute; beste batzuetan, ordea, solasean aritzen dira, orainaz eta iraganaz; musean jokatzen dute, inoiz.
PTEkoak izan ziren laurak, hirurogeita hamarreko urte urrunetan. Laurak esan dut, baina bostak esan beharko nuke, tabernaria, Marcos, PTEkoa izan zelako, baita ere. Altzairutegia itxi ostean jasotako kalte-ordainarekin taberna erosi, eta izena aldatu zion: 'El Partido' ipini zion, baina soilik bere zelulakideek ezagutzen dute izen horren esanahi ezkutua; bezero gehienentzat futbolaren munduari dagokio. Marcosek ez du parte hartzen bileretan, ordea: harrera egin, eta eskatutakoa zerbitzatzen die, baina ez da sekulan haiekin esertzen. Edaten duten azkeneko kopa, alabaina, etxearen kontura izaten da.
Lau dira, beraz. Txabi, isilena, erretretaduna da jadanik; etxola bat du hiritik kilometro batzuetara, eta baratz txiki bat, eta hantxe ematen ditu egunak, leka eta tomateen artean. Neguetan gutxiagotan joaten da hara, baina, hala eta guztiz ere, baratzarena da, urteko edozein sasoitan, bere hizketagai nagusia.
Jorge, altuena, makal dabil azken aldi honetan. Urte eta erdi darama bajan depresioa dela eta. Pilulek aurpegia puztu diote, baina, hala eta guztiz ere, bileretara joaten jarraitzen du. Emazteak duela lau urte utzi zuen, eta horri egozten diote besteek Jorgeren egoera. Gaia ateratzen den gutxietan gauza bera esan ohi die Jorgek: 'Ez duk horren sinplea'.
Fernando, guapoena, Jaurlaritzako zuzendariorde izatera heldu zen, PSEk hiruko gobernuan izan zuen sailetako batean. Berak dioenez, 81ean afiliatu zen PSOEn, baina 82an izan zela zin egingo lukete besteek. Azkeneko hauteskundeetan zinegotzi aukeratu zuten, eta bizkartzainarekin doa leku guztietara; baita 'El Partido'-ra ere. Bizkartzaina ez da sekulan haiekin esertzen: tabernara sartu bezain laster barra aldera egiten du, eta izkina batean gelditzen da, ur minerala edaten.
Mikelek, gizenenak, militantzia garaietako inprenta berean jarraitzen du lanean, eta orduko bizar beltz-beltzak estaltzen dio musua. Auzo-elkarteko lehendakaria izan zen luzaroan, eta, une honetan bertan ardurarik ez duen arren, eragin handia izaten jarraitzen du batzarretan: pertsonaia ospetsua da, auzoko festen arima.
Duela bi aste Mikelen semea atxilotu zuten, ETArekin zer ikusia izan zezakeelakoan. 'El Partido'-ra heldu bezain laster, 'Jakin duk, ezta? Zer uste duk: etorriko dela, ala ez?' bota dio Txabik Jorgeri, baina ez dio erantzuteko astirik eman: Mikel ia berehala iritsi da. Minutu batzuk geroago atean dago bizkartzaina, dena zuzen ote dagoen begiratzen; atzetik sartu da Fernando.
Futbol partiduak iraun bitartean inork ez du txintik esan. Marcosek edabeak zerbitzatu ditu: patxarana, alkoholik gabeko garagardoa, bourbona, koinaka. Guztira hiru erronda. Real Madridek bi eta huts irabazi du.
Partidua amaitu eta lehenengo minutuetan isiltasuna izan da nagusi. Halako batean, Mikelen ahotsa entzun da: 'Torturatu ditek. Entzun duk? Torturatu ditek, basapizti horiek'. 'Denek esaten ditek gauza bera, ondo dakik', erantzun du Fernandok ia ahapeka. Mikelen hoztasunak harrituta utzi ditu besteak: 'Asteburuan berarekin egon nauk, Soto del Realen. Txikituta zegok'. 'Salaketa jar dezala, orduan. Ez diat esango ondo dagoenik, baina hire mutikoaren adiskideen erruz negok ni nagoen bezala -eta burua mugitu du bizkartzaina dagoen aldera-. Eta hire ezpainetatik ez duk sekulan elkartasun hitz bat bera ere atera'. 'Putakume halakoa'.
Eta alde egin du Mikelek. Fernandok ez du askorik itxaron: nola-hala desenkusatu eta, bizkartzainari keinu bat eginez, tabernatik atera da. Jorge eta Txabi ordu erdi gehiago geratu dira, baina ez dute apenas hitzik gurutzatu.Ordaindu ondoren konturatu dira. Marcosek ez die azkeneko erronda barkatu.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.