Kaleko paisaia
Bidaia egiteko modu asko dago, noski, jakina baita aspaldidanik hori; amona xaharrei galdetzea besterik ez ea nola egiten zuten beraiek Azkoititik Zumarragara iristeko. Jakina ere bada bidaiatzeko manerak kulturaren aldaketa ekarri duela berarekin, paisaiari, munduari beraz, begiratzeko moduaren aldaketa ekarri izanagatik ez beste ezergatik. Oinez joan ala bestela mandoz; zalgurdiz ala bestela autoz; trenez ala bestela hegazkinez, ez da berdina ikusten dena, ingurua esan nahi dut. Oinez doana bat egiten da paisaiarekin; bere oinak nahastu egiten dira lurrarekin, izan ere oinez doanarentzat oin-eskuak, hanka-besoak lurraren zati dira, lurraren luzagarri, bata eta bestea maila berekoak. Mandoz edo zaldiz doanak ez du lurraren ikuspegi berdina izango. Gainetik begiratzen dio lurrari, gainetik oinez doanari. Ia oraintsu arte behintzat, eta mende askotan, zaldunak zamariaren gainetik begiratzen zuelako, mesprezuz begiratu izan dio oinezkoari, hau behetik zihoalako beti, lurraren paretik, lurrarekin nahasturik goitik begiratzera ohiturik zeuden begientzat. Autoak ekarri du nolabaiteko demokrazia ibiltaria; 'autodun zaldun', esaera berriak dioen bezala; denok zaldun alegia, gutxi batzuk ezik. Ni nauzue, esaterako, salbuespen ohorezko eta lotsabakoetako bat, baina ez bakarra.
Zalgurdiz edo trenez doanak paisaiarekin harreman samurra du. Trenez esaten dut, baina AVE eta halakoak, trenbidetik doanak izanik ere, trentzat hartzeke. Trenez doanak paisaia lasai ikusten du; baina urrutiko, arrotz eta bestelako zaio; hautsi egin du abiadurak paisaiarekiko batasuna, baina hala ere trenetik begiraturik paisaia ez da desagertzen; beste nonbait gelditu da, ordea, ez trenean doan bidaiariaren espazio eta denbora berean. Trena badoa eta paisaia ere bai, lurrezko bide aspaldiko eta hala ere ikusezin batetik zehar bezala; trena badoa geroko geltoki batera, eta paisaia galdu egiten da iraganeko estazioan. Trena da bidaia egiteko moduen artean literatur karga handiena daramana berarekin; eta ez literatura soilik. Trenbidea espazioa da bera, paisaiaren lurrean zabaldutako burdinazko labana zorrotza; paisaia bitan zatitzen duena, paisaiaren barren zuloak ezagutzen dituena, tunelak eta injineroak medio, paisaia nolabait eskuragarri utzi duena, hazilari trebeak zaldi basatiak nola. Far Westeko filmetan ikusi ditugu behin baino gehiagotan -gidoiak hala eskaturik- indiarrak trenei erasoka. Basak zirela esan dute haiek, indiar errukigarri eta galtzaileak, salbaiak, zibilizazioaren ikur den trenari erasotzean. Trenak ekarri zuen haien lurraren galera, haien lurraren zatiketa fisikoa egin baitzuten trenbide eraikitzaileek. Baina trena polita da, bagoaz eta bagoaz, eta gurekin batera arinka-arinka paisaia, nekaturik atzean geratzen den arte. Paisaia, lurra, indiarrak. Betiko galera. Baina autoan doanak ez dio paisaiari erreparatzen. Autoak porlanezko aieketan zehar joaten dira; gaur egungo autopista eta autobideek paisaia kendu egin dute bidaiariaren ikusmenetik. Deskalabrua horixe, katastrofea itzala. Bagoaz autoz eta paisaiarik ez, aztarrenik ere ez, batean eta bestean hormigoi puskak, hormigoizko irudiak espazioan.
Aukeran oinez nahiago, autoz baino. Baina jakina, gaur egun nor ibiltzen da oinez? Umeak eta aitonduriko edo amonduriko gizon-emakumeak, denboraren zimiko eta atximurkadarik jasaten ez dutenak, batzuk, umeak, bota berriak direlako bizitzara, eta besteak, adinean sartuxeak, presarik ez dutelako. Oinez ikusten ditudanean, etxe aurretiko zumardian aurrera, elkarri eskutik harturik, edo bakarka bestela, halakoetan neure buruari galdetzen diot ea nora joan zaien gogoa oinak lurrean, eskuak airean aurrera zuzen, edo zeharka ere bai batzuetan, doazen bitartean. Aspaldiko filosofoek -Aristotele haietako bat-, ibilian pentsatzen zuten, oinen aurrera atzeetan burua arintzen omen zitzaien, eta pentsamenduak beren jauregi lanbrotsutik jaitsi argira, hitzen argira noski. Poeta latindarrek ibilian neurtzen zituzten beren bertsoak, oin pausoen erritmoa ezartzen zieten neurtitzei; azken finean hitzen arrimu ona, oinen ibilbide ona besterik ez zen. Poeta latindarrek hirietatik kanpo bizitzeko ohitura zuten, mahasti zein baino zein eder eta oparoagoak inguruan zituztela, eta fruta arbolak ugari, eta garitza begiak galdu arte, itsaso eta itsasoak lurrean bertan: haizeak jotakoan uhin horiak. Lurrean gertatzen ziren aldaketarik txikienez ere ohartzen ziren: hostoen erorketa, zuhaitz baten puja berrien sorrera ikusten zuten, eta gozatzen ikuspegi horretaz. Baina zertan pentsatzen dute filosofo edo poeta ez direnek oinen joan-etorrietan? Ikusten al dute esaterako izarak zintzilik besteen etxeetan, eta izaren artean bikotea, gizon eta emakumea, jolasean? Jabetzen al dira aldaketarik txikienaz? Ba al dakite orain ireki berri duten denda hartan zer zegoen lehen? Kalea benetako paisaia al da?
Baietzean nago, baina kosta egiten da ohitzea.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.