Palindromoak
Zer pentsatuko ote zuen Julio Cortazarrek euskaldunok palindromoak idazteko dugun zailtasunez? Ezker eskuin irakurrita hitz bat eta eskuin ezker irakurrita beste bat dena. Edo dena delakoa. Bustrofedon, Cabrera Infanteren pertsonaiarik ludikoenak, filologoenaz gainera, Tres tristes tigres liburuan azaltzen du hitz gutxitan hitz luze eta xelebrearen adiera: ispiluan begiratuta esanahi desberdinak dituzten hitzak. 'Azar/razA', esaterako; 'Risa/asiR', baiki; 'aluda/ adulA', nola ez, batzuetan gertatzen baita. Badakigu ez zituela Julio Cortazarrek alemaniarrak gustuko, haien hizkuntza gogorregia, trauskilegia iruditzen zitzaiolako, deklinabide eta guzti, hitz bat 'behar den gisa' bukatu ezinik. Magaren bila ote dabil oraindik? Ala Margaren bila zen? Ala Argaren? Agaren? Aga/agA, emakume bat ispiluaren aurrean, bere buruari begira, eta aurkitu ezin. 'Je ne sais pas', ez dut sorginik aurkitu Pariseko zubipeetan.
Eman dezagun teoria bat, inork ez baitugu horretarako eskubiderik ukatuko. Euskaldunok ez dugu geure burua ispiluaren aurrean begiratzeko ohiturarik. Esan dezadan, bide nabar, bide nabarrez, Nafarroako bidearen bidez, ez dakidala buruberokeria ote ala erokeria bestela ala bururik gabeko erokeria, ez dakit eta bost axola gainera horretan ezjakin huts izatea. Gure betiko herabetasuna alegia, zilegia noski, da errudun, ez urredun kontuz;-oro ez da urre, eta ilarra ez da zilarra-. Geure burua inori, ezta geure buruari, ez erakusteko grin harro eta ohiturazkoa dugu arrazoi: izorrai... Euskaldunak, noski... Eta geure burua ispiluaren aurrean erakutsi nahi ez eta nola nahi du inork gure hizkuntza zahar eta ohorezko hau, gure hizkuntza pekatu eta orban gabea, ispiluaren aurrean jartzea, edozein hizkuntza jolastari balitz bezala: gaztelera esaterako. Gure hizkuntza serioa da oso eta pisuduna, eta ezker eskuin irakurri behar da, hala nahi izan zuelako Jainkoak, gauza guztien sortzaileak, euskaldunak bereziki maite zituenak, besteak baino lehenago sortu baitzituen -baikintuen-, eta horrek bereizten gaitu arabiarrengandik, sasi Jainko baten gurtzaileengandik. Ala du izena. Ala alA? Horiek eskuin ezker idazten eta irakurtzen dute, munduaren eskuinaldean sortuak izan zirelako, eta ez dute zerikusirik euskaldun zintzo eta langileokin, lerro zuzenez idazten baitugu guk. Eta ulertzen ez gaituenak, berak jakingo zergatik, seguruenik ez gaituelako ulertu nahi izango da, gurean ez baitago atzekoz aurrerako asmorik, eskuin ezkerreko xederik, garenak gara eta kitto eta itto. To, tto.
Gailegoak, galgoak baliraxe, haiek ere abilak. Hizkuntza erromanikoa, -ala eromaniatikoa?- dutelako izango da, inondik inora, hitz amaieran deklinabidearen karga astunik eraman behar ez izatearen lasaitasuna agian. Hizkuntza zelaiak baina era berean malguak, galtzerdi baten modura azpikoz gora ere janzteko moduan. Poema bat irakurtzen dut: 'Salta o azor e roza o atlaS / É meteoro. E teme/ A torre da derrota'.
Hilabeteak daramatzat palindromoak osatu nahirik euskaraz. Hitzak ispiluaren bestaldera, ifrentzura. Euskal ispilua ordea arriskutsua da oso. Bertan erori eta ez da untxirik etortzen munduaren logika ispilutsua adieraztera. Bertan erori eta ispilukeria besterik ez; isiltasuna, Herioren zaldun laguntzaile. Ispilua geurekin daramagu egunero. Zer moduz gauden galdetzean, ispilua jartzen dugu geure aurrean, itauneak bertan begiratu eta bere burua ikus dezan, berak nahi lukeen erantzunarekin, berak nahi lituzkeen hitzekin, ezker eskuin irakurririk. Aspaldidanik, ispiluak hitz egiten du gure ordez. Ezer esan aurretixe ere, kristalaren distirak adierazten digu non garen eta nondik ari garen. Ispilu guztiak apurtu beharko genituzke, ez baitute garena erakusten. Ondo gaude, ispiluan barrean abiatu eta galtzeko, ispiluko mundua gurea denean, hezur eta haragia, gezur eta begia, benetako egia.
'Aire eriA', guria, gutarra, gure gitarra... 'Arrapa aparrA', deitzen omen zioten Zumaiako hondartzan olatuen atzetik zebilen gizon adinean sartuxe, burua joanxe. 'Astarra arratsA', bere gogorrean. 'Akaso osakA', liburu batentzako izenburu polita. 'Alegi igelA', herri tristea ez dela... 'Azti itza', adierazi nahi ez duguna ere adierazten digulako esandakoak, ispiluaren bestaldean, gure bestaldean, gutaz beste eginik. Nahita, askotan.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.