Denbora
Tempus fugit, denbora iheslaria, gure bizitzako atalak lapurtu eta ihesiari ematen dion izaki misteriotsua, egunerokotasunean pausatu eta handik gutxira, ezer esan gabe, alde egiten duena. Ez da, ordea, erabat joaten, berea den zerbaitek gugan irauten du oroitzapen gazi-gezaren itxuran: berea da xarea, berea haria eta orratza.
Gu, temati, sarritan saiatu gara denbora definitzen. Esan dugu aldakor diren gauzen iraupena dela edo pertsona bat bizi den garaia edo zertxobait gertatzen den unea ere. Nik -noizbehinka gertatzen dira eta horrelakoak- denborarekiko errebelazioa izan nuen duela gutxi: aspaldiko garaietan ikusi eta ia ahaztutako Charlieren aingeruak telesaila berriro ikustean denborarik existitzen ez denaren sentsazio argia izan nuen. Gizon lerdo baten alboan egon ohi diren hiru neska lerdenak berrikusi nituen, ile-apaindegitik atera berriak, femeninak oso, intuizioz beteak eta edozein gaizkileren asmoak hankaz gora jartzeko prestatuak. Charlie nagusiak, pertsonaia ezezagunak, lanean jartzeko aginduak bidaltzen dizkie oraindik ere bere itsasontzian etengabeko oporraldian bapo dabilen bitartean. Horrela, bada, txorakeria hau ikustean denbora inexistentea egin zitzaidan, kasik zigorra, amesgaiztoa. Baina hor diraute telebistek aspaldiko sailak berreskuratzen, ez dakigu merkeak direlako oso edo ikusleengan halako nostalgia piztea errentagarria suertatzen dela ohartu direlako. Baina, alferrik, iragandako denbora ez baitugu berreskuratzen eta, saiatuz gero, fartsa bezala agertzen zaigu gainera.
Noizbehinka hasidim taldeko juduen denboraren ikuspegia gogoratzea gustukoa izaten dut, apur bat zorabiatzen banau ere: aztertzen den oraina, iraganean azaltzen den oraina bezala, iraganera doa, bertan aurkitzen baitu bere baldintza, iragana baita den guztiaren baldintza. Irakurtzen duten Biblian, horregatik, ez dago orainik eta etorkizuna eta lehena kasik berdinak dira. Edo beste era batera esanda, Biblia geroan bakarrik adierazten da, inoiz eman gabeko gertakariak azaltzen dituelako, ondorengo garaietan gertatuko direnak hain zuzen ere. Ez dago orainik, eta iragana geroa da.
Nekeza zaigu, ordea, denboraren Hirutasun Santua -lehena, oraina, geroa- ukatzeko edo gainditzeko halako saiakera, kulturalki behintzat kristauak garenok denbora linealaren gezi amaigabean harrapatuak baikaude. Dialektikoki bada ere, denbora atzera eta aurrera mugitzen den orratzezko makina bada ere, guretzat atzea eta aurrera, iragana eta geroa, ondo finkaturik daude. Eta hori antzinako gizarteen gurpil itxurako denbora batzuetan faltan botatzen badugu ere. Mundu zabalean, eta bereziki kristautasuna garatzen hasi arte, San Agustinekin jada era garbian, denbora ziklikoaren ustea baitzen nagusi: gure herria edo taldea hamaika pairamen eta hondamendi nozitzen ari bada orain, lasai, horrek ziklo baten bukaerara iristen ari garela besterik ez baitu esan nahi; ondoren, berriz ere zorion eta bake bolada tokatzen da, Urrezko adinera itzuliko gara beti ere, ziklo berri bati hasiera emanez. Tradizio judu-kristauak ekarriko du aldaketa paregabea: norabide bakarreko denborarena. Denbora mitikoa in illo tempore gertatzen zen, hau da, denboratik at, une oro. Monoteismoak dakarren errebelazioa, aitzitik, denboran gertatzen da (Moisesek 'Legea' leku eta data jakin batean jasotzen du) eta denboratik at dauden bi infinituen arteko denbora-zatia bezala ulertzen da, Mesias iristen denean mundua behin betiko salbatuko baita, eta historiak izateari utziko dio. Hasiera ez ezik (gure Urrezko adina, paradisua) in illo tempore izango da baita amaiera, munduaren bukaeran. Betikotasuna, eternitatea, denboraren suntsitzailea baita: beti dena ez da inoiz. Mugatua ez den denborarik ez dago, beraz, edo ez da gizakiaren neurrikoa, giza esperantzaren neurrikoa izan arren (zerua). Gure gaurko denbora sekularizatuak ez du jada zerurik amesten ezta munduaren bukaerarik ere: gezia geratzen zaigu, baina dagoeneko ez dakigu nondik datorren eta nora doan.
Denboraren jaun izatea ezinezkoa da. Baltasar Gracianek zioen moduan, itxaroten jakin behar da, inoiz presarik izan ez, ez apasionatu. Ez dago, denborari aurka egiterik. Haria eta (erlojuaren) orratza hartu eta xare amaigabea bizigarri egitea besterik ez.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.