_
_
_
_
_
Reportaje:GAIAK

Musikariak sortzen

Heziketa egokia behar beharrezkoa da goi mailako musikaria izateko

Nazioarteko sari bat irabazteko ezinbestekoa da musikariaren berezko talentua eta heziketa egokia jasotzea. Lehenengoari dagokionez, ez dago gauza handirik esaterik: duenak badu eta ez duenak ez du. Formakuntza hobetzea, berriz, administrazioaren eskuetan dago.

Musika ikastegien helburu bakarra ez da izarrak hezitzea soilik. Hori bezain garrantzitsua izan daiteke musikaz gozatuko duten zaleak hezitzea, edo baita arlo honekin lotura zuzena duten profesionalak formatzea ere, programatzaileak eta teknikariak, besteak beste.

Eusko Jaurlaritzan musika hezkuntzarekin lotutako programen garapenaz arduratzen diren teknikarien iritziz, musikari profesionalak ezezik, 'emanaldietara joango diren entzuleak' ere hezitu behar dira.

Azken urteotan musika eskolek bete dute helburu hori, profesionalak izateko asmorik ez dutenen beharrizanei egokitutako programak garatu baitituzte. Eredu berri hori 90eko hamarkadaren hasieran abiatu zen, orain arte irakaskuntza kontserbatorioen esku besterik ez baitzegoen. 'Orduan musikaren ateak zabaldu zitzaizkien bestela ikasteko aukerarik ez zuten pertsona askori', dio Joxean Llorentek, Euskadiko Musika Eskolen Elkarteko presidenteak, 'oso argi dutenak, kontserbatorioetara bideratzen ditugu gero'.

Alemaniatik 'inportatutako' eredu hori Estatuko aurreratuenetakoa omen da. 'Musika eskoletan musikazaleak hezi nahi ditugu, etorkizunean emanaldietara joango diren pertsonen formakuntza bultzatuz. Gehienek ez dute profesionalak izan nahi', azaldu du Llorentek. Araututako irakaskuntza ez bezala, eskola hauetan ez dago azterketak egiteko deialdi mugarik. Hala, inork ez ditu ikasketak uzten 'eskolatik botatzen dutelako', arrazoiak bestelakoak izaten dira, 'ikasteko denbora falta' gehienetan, baina ez 'laugarren deialdian botatzen dituztelako'.

Ikastegi hauetako arduradunaren iritziz, zentro hauetan lan egiten duten irakasleek 'maila altua' dute. 'Ez da ahaztu behar kontserbatorioetako maila berbera eskatzen dela', zehaztu du. 'Hori da gaur egun dugun itxaropenik handiena', gehitu dute Hezkuntza Saileko teknikariek, 'jende gaztea dugu, betetzen ari diren helburuaren garrantziaz jabetu diren profesionalak'. 'Ez dira musikari frustratuak, zoriontsuak dira egiten ari direna egiten; hori dela eta, hurrengo urteetan musika arloan aurrerapauso handiak emango ditugula aurrikusten dugu'.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

Maila bat gorago araututako irakaskuntza dago, kontserbatorioak alegia. Laster, gainera, Euskadiko Goi Mailako Kontserbatorio berriak guztiz osatuko du gaur egun dagoen formakuntza eskaintza. Zentro berriaren kokapena dela eta eztabaida piztu bada ere, musikariek garrantzi handiagoa ematen diote horren kalitatea ziurtatzeari.

Paco Ibañez Gasteizko Kontserbatorioko zuzendarien iritziz, ezinbestekoa da 'goi mailako irakasleak' izatea. 'Ikasleek ez diote hainbeste garrantzirik ematen Bilbo, Gasteiz edo Donostiara joan behar izateari' argudiatu du, 'azken finean, herri txikian bizi gara, Madrilen unibertsitatera joateko hemen hiri batetik bestera iristeko besteko denbora behar izaten da'. Hori dela eta haren iritziz Hezkuntza Sailaren kezka nagusia arlo honetan zentroaren kalitatea ziurtatzea izan beharko luke, hori non egingo den baino.

Bestelakoan, gaur egun kontserbatorioetan ikasten duten gazte gehienek arazo nagusia izaten dute: musika eta ikasketak batera eramateko zailtasunak. Hain zuzen ere, hori da hurrengo urteetarako erronka nagusia, formakuntza orokorra eta musikala bateragarriak egitea. Hezkuntzaren erreformak pauso batzuk eman ditu norabide horretan eta dagoeneko musika batxilergoa kontserbatorioko ikasketekin egokitzeko, ikasgai batzuk konbalidatzeko aukera emanez. Hezkuntza Saileko teknikarien iritziz, dena den, musika ikasketa arautuak aurrera eraman nahi dituzten ikasleek oraindik ere 'gehiegizko lan zama' dute eta beharrezkoa da 'batzuk eta besteak batera egin ahal izateko zentzuzko neurriak hartzea'.

Bigarren hutsunea musikologia ikasketetan dago. Euskal unibertsitateetan ez da espezialitate hori ematen eta horrek arazoak sortzen ditu, zenbait adituren iritziz. 'Musika ez da bakarrik jotzea', dio Carmen Rodríguez Suso musikologoak, 'profesional batzuek beste gauza batzuk egin behar dituzte: konposatu, zuzendu, ikertu, irakatsi eta gestionatu'.

Gazte Orkestra

Euskal Autonomi Erkidegoko musika eskolek 20.000en bat ikasle dituzte, 'kopuru esanguratsua' Hezkuntza Saileko teknikarien iritziz. Eskola horien eredua Alemanian erabiltzen denaren antzekoa eta oso aurreratua diote bertako arduradunek. 'Musika eta gizartearen arteko zubi lana' egin beharko lukete musika programatzaileek edota formazioak zuzentzen dituztenek Carmen Rodriguez Susoren iritziz. Azken urteotan EGOk (Euskadiko Gazte Orkestra) musikarien formakuntzan zegoen beste hutsune handia bete du: arlo profesionaletara pasatzeko zubi lana egitea, alegia. Orkestra horrek 'zeregin garrantzitsua' duela dio Paco Ibáñez Gasteizko Kontserbatorioko arduradunak. 'Gure orkestra profesionaletan ari diren musikari gehienak atzerritarrak dira', gehitu du, 'hori berez kaltegarria ez bada ere, izan ditugun gabeziak islatzen dituzte, EGOk paper garrantzitsua betetzen ari da hori zuzentzeko'.

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_