Poesia, tresna zaharkitua?
GAIAKMendeetan zehar eginiko bidaian, poesia gizakion gertuko erreminta izan da askotan. Garai batzuetan besteetan baino arrakasta eta onarpen maila handiagoarekin, sentsazioak modu hunkigarri batean adierazteko tresna baliagarria izan da askorentzako. Gaur egun, aldiz, olerkigintzaren osasunaz eta duen etorkizunaz eztabaida beroa piztu da, eta esaterako, poesiak garai berrietara egokitu beharra duela diotenak asko dira. Ildo honetan, poesia errezitaldien arloan ekimen berriak martxan jarri dituzte hainbat euskal idazlek. Gerardo Markuleta, Kirmen Uribe, Arantza Ozaeta eta Iban Zaldua Poesiaren alde, poesiaren kontra izeneko ikuskizunaren arduradunak dira (tarteka, Pili Kaltzadak ere parte hartu izan du emanaldi hauetan).
Gerardo Markuleta idazle oñatiarraren aburuz, bi saio mota bereiz daitezke: batetik, "meza baten antzera edo hitzaren ospakizunaren modura" antolatzen dena, eta bestetik, "kafe-antzerkiarekin" nolabaiteko lotura duena. Bigarren honetan kokatzen du berak euren ikuskizuna. "Gure helburua poesia desakralizatzea da", zehazten du Markuletak. "Jendeari, mota honetako errezitaldiak aipatu bezain pronto, guztiz serioa eta aspergarria den zerbait datorkio burura. Gure saioetan, aldiz, barre egitearekin batera, entzuleak lehendabiziko irakurraldian jaso daitekeen poesia entzuten du".
"Izen txarra"
Joxean Artzek ere poesiaren "ulergarritasuna" behar-beharrezkoa dela uste du. Oro har, olerkigintzak duen "izen txarra" da, bere esanetan, arazorik nagusiena. Horrexegatik, behin irakurri eta entzuleak olerki hori ulertzea funtsezkoa da bere iritziz.
Gaur egun, bi motatako errezitaldiak egiten ditu Artzek: diziplina ezberdinak uztartuz osatutakoa da horietako bat (diapositibak eta eszenatokiari dagokion portaera, janzkera eta mugimenduak jasotzen dituena), eta joera intimoagoa duen bestea. Bigarren hau interesgarriagoa iruditzen zaio Artzeri: "Bestea baino lehorragoa izan arren, kasu hauetan erantzun sakonagoa jasotzen da publikoaren aldetik. Hemen ez dago tranparik, hitza bitartekorik gabe nagusitzen baita". Zentzu honetan, inolako mikrofono, mahai edota argi artifizialik gabe ariko da datorren astean Tolosako Kultur Etxean.
Poesiaren alde, poesiaren kontra ikuskizunari duela urtebete pasatxo ekin zioten, eta jada dozena bat saio inguru eman dituzte. Iban Zaldua donostiarrak lirikotasunaren kontra idatzitako zortzi puntuko manifestu bat da ikuskizun honen oinarria. Berak poesiaren kontrako papera betetzen duen bitartean, besteek, Sarrionandia, Bukowski, Goytisolo eta poeta abar luze baten testuekin erantzunez, gaur egun erakargarria izan daitekeen poesia ere dagoela adierazten dute.
"Lirikotasunari diodan fobia dela-eta, poesiaren kontrako manifestua idatzi nuen bere garaian. Hori moldatu eta orraztu egin genuen. Nik zortzi puntuak irakurtzen ditut, eta gainontzeko kideek poesia estandarretik kanpo geratzen den beste poesia mota batekin erantzuten didate", adierazi du Zalduak. "Gure asmoa errezitaldi klasikoetatik at zerbait egitea zen", gaineratzen du. "Jolas baten moduko ikuskizuna da, eta bertan, umoreak garrantzia handia du. Asko dira gurean barre egiten duten entzuleak, eta gainera, komikotasun horri esker errazagoa da errezitaldiak duen alde serio horretara salto egitea. Kontraste horrek ikuslegoaren artean oso giro ona sortzen laguntzen du", zehazten du.
Poesiak gaur egun bizi duen egoeraz irakurketa ezkorretatik ihes egin behar dela uste dute hirurek. Joxean Artzeren ustez, esaterako, inoiz ez bezalako osasuna du. Bere esanetan, "edukien inguruko arazoa" da egun poesiak duena. "Jendeak badaki nola eman, baina ez, zer eman. Nolabait esatearren, gauza bitxien bila ari da bat baino gehiago", gaineratzen du. Markuletak, bere aldetik, irakurleen kopurua ez dela inoiz "oso handia" izan nabarmentzen du. "Dena erlatiboa da", bere ustez. Zalduak, azkenik, olerkigintza ez du oso gustuko, baina poesia jendearengana hurbiltzeko Euskal Herrian esfortzu handia egin izan dela dio. "Gurea bide bat da", gaineratzen du, "baina, ez bakarra. Adibidez, Pako Aristi eta Mikel Markezen arteko saioa hor dago, eta baita Otamendik Bide Ertzean taldearekin izandako kolaborazioa ere".
Hezkuntzak duen ardura
Olerkigintzak batzuentzat duen irudi gris eta aspergarrian zuzeneko eragina izan duten faktoreak asko dira. Horietako bat ikastetxeetan poesiaz jaso izan dugun irudia dela aipa daiteke. Joxean Artze arlo honetan "eskarmentu handikoa" da, zortzi urte inguru egin baititu ikastetxez-ikastetxe olerkigintza gazteenei gerturatu nahian. Bere aburuz, berehala antzematen da maisuak poesia gustuko duen ala ez, eta hain zuzen, ikasleengan zaletasuna pizterako orduan, maisuak "olerkia zer den jakitea" funtsezkoa dela dio.
Gerardo Markuletaren esanetan, aldiz, "poesiaz, oro har, oso irudi mugatua jaso izan dugu eskolan. Olerkigintzak duen alderdietako bat besterik ez zaigu ezagutzera eman, eta beraz, beste tankera bateko testuak ezkutuko txoko ilunetatik atera eta jendearengana hurbiltzea behar-beharrekoa dela uste dut". Idazle oñatiarraren aburuz, egoera aldatzen ari bada ere, "irakaskuntzak poesia maitatzea baino, gorrotatzea eragin izan du neurri handi batean".
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.