Idazle izateko, gaztetatik trebatu beharra
"Idazle handia izateko, gaztetatik trebatu behar denez, Resurrección María de Azkue izeneko sari hau antolatzen dugu, gure idazle gazteak eta gaztetxoak literaturara hurbiltzen laguntzeko" dio sari honen oinarriei sarrera ematen dien agurrak. Alde batetik hamar eta hamahiru urte bitartekoek egin beharreko lanak daude, bai narrazio alorrean eta baita olerki alorrean ere, eta bestetik bigarren kategoria, hamalau eta hamazazpi urte bitartekoentzat.
1998. urteko irabazleen zerrenda begiratuz gero, hauetako lau Azpeitiko Karmelo Etxegarai ikastolakoak direla ikusten da. Gernikako Seber Altube ikastola izan da lan gehien bidali dituena, 163 narraziorekin, eta irabazleen artean, laguntzailerik gabe egindako lanagatik saritua izan den gazte bakarra dago, Zarauzko Lizardi Institutuko Iñaki Gurrutxaga.
Idaztera animatu
Mikel Sarasua Karmelo Etxegarai ikastolako lau irabazleen laguntzaile gisa aritu da. Lehiaketa honetara bidalitako olerki eta narrazioen atzean bi urte lehenago hasitako lana dagoela dio Mikelek. "Euskarako irakasle bezala, astean ordubete irakurri eta idaztera dedikatzea erabaki nuen".
Sarasuaren esanetan, zailena gazteak idaztera animatzea izaten da, jarritakoan laguntza baino beharrezkoagoa. "Ordenadorez idatz dezaten saiatzen naiz, bide bat edo beste jarraitzeko gomendatzen diet". Irakurtzeak idazteko zaletasunarekin zerikusirik baduela dio Mikel Sarasuak, eta baita irakurketaren ohitura zertxobait galtzen ari denaren irudipena ere.
Karmelo Etxegarai ikastolako saritutako lau ikasleen lanetatik hiru olerkiak izan dira, konkretuki 10 eta 13 urte bitarteko mailan parte hartu duten Iban Izagirre, Ainhoa Aranberri eta Amaia Bereziartuarenak. Adin berekoa baina narrazio sailean parte hartutakoa da, aldiz, Ane Larrañaga.
Gernikako Seber Altube ikastolako zuzendariak, Roberto Arteagabeitiak, eskolatik idatzi eta irakurtzeko zaletasuna haur eta gazteengan pizten saiatzea lehentasun estrategiko modura kontsideratzen dutela azaltzen du. "Europa mailako EFQM deritzan programan sartuta gaude eta hori da hain zuzen ere honek bultzatzen duena, hizkuntzaren aberastasuna eta bestelako alderdiekin batera".
Ikasleek idatzitako lan asko lehiaketatara bidaltzen dituztela dio Arteagabeitiak. "Orohar, gainera, emaitza onak lortzen ditugula esan behar dut, eta haurrentzako askotan motibazio handia bezala jokatzen dute. Badago, adibidez, Gernikan urtero Zubizar Kultur Elkarteak antolatutako lehiaketa, parte hartzen duten guztiei 500 pezeta ematen diena. Hau umeentzako aliziente bat da".
Gerardo Markuleta lehiaketa honetan eta baita bestetan ere epaimahaikide gisa aritu da. Idazleak dioenez, topikoa dena kasu honetan egi bihurtzen da erabat. "Adin horretan, adoleszentzian dauden gazte gehientsuenek badute gai jakin batzuk tratatzeko joera, suizidioa, amodio esperientzia mingarriak, heriotza".
"Ozpin gutxi"
Markuletak egiten duen hausnarketaren arabera, gazteek gehienetan ez dute haur eta gazte literatura bezala saltzen diren liburuenganako interes berezirik azaltzen. "Beraiek bestelako euskarrietan eskuragai dituzte, eta oso modu gordinean trataturik gainera, euren bizitzatan garrantzitsu diren gaiak. Liburuetan tabu moduko zerbait dago hainbat gai ukitzeko". Ondorioz, hor haustura gerta daitekeela dirudi, liburuak eskolarekin loturiko zerbait bezala ikusten baitituzte, eta ez bizitza errealarekin. "Azukre gehiegi aurkitzen dute eta ozpin gutxi". Epaimahai izandakoetan ikusitakoren arabera, lanen kalitatean gorabehera handiak aurki daitezkeela dio Markuletak. "Beti dago norbait txundituta uzten zaituena".
Iñaki Gurrutxaga izan zen sarituen artean laguntzailerik gabe lan egindako bakarra. "Txikitatik idazteko ohitura daukat, eta aurretik ere lehiaketaren bat irabazi nuen", dio berak. Bertsotan ere ibili izan den gazte honek beste lehiaketatan egiten dena irakurtzen duela dio, eta baita gazteei zuzendutako literatura ere, idazlearen arabera desberdina dena. "Badira gai batzuk duela 10 urte bezala tratatzen direnak, baina berrikuntza ugari ere aurki daiteke zenbaitetan, estilo eta gai aldetik".
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.