Catilinaria bat eta egungo politikoak ESTEBAN ANTXUSTEGI
Egungo politika zorabiatuta dabilkigu, alde batetik GIL eta transfugak, bestetik pentsioak, Kataluniako hurrengo hauteskundeak, Lizarrako aire berriak; hemendik kanpo ere, Venezuelako gorabeherak, Timorreko sarraskia... Guzti honek, ez dakit zergatik baina Erroma zaharreko Errepublika garaiak dakarzkit burura: Sila-ren diktadura garaitik hasi eta Julio Césarren garaipena arte gertatutakoak. Silak, herio orduan, Estatua bere borondatearen arabera osatutako oligarkia baten menpe utzi zuen. Honek bere boterea erakunde kolektibo eta zalantzan jarri ezinezko baten bidez gauzatzen zuen, Senatuaren bidez, alegia. Senatu hau, zenbait Estatu-kolpe igaro ondoren, sakabanatutako talde ugariz osatua zegoen. Talde hauek, bere boterea mantentzeko, berezko armadaren jabe ziren Pompeyo bezalako aristokrata boteretsuen edo Craso bezalako negoziogizon aberatsen laguntza behar zuten, horren truke kontsul izendatzen zituztelarik. Akordio honek sistema politikoari egonkortasuna ematen bazion ere, politikari berri eta anbiziodunei atea ixten zien. Karrera politikoa egiteko bi aukera geratzen ziren: optimate bezala agertu, hau da, Silak emandako Estatu-kolpearen ondoren eraikitako erakundeek sortutako zirrikituen artean mugitu, aukeraren zain (Catilina edo Cicerónen kasua); edo jarrera populista hartu, nahiz eta optimate taldeko zenbaitekin akordioetara heltzeko prest egon (César edo Crasoren kasua). Optimate hauetako batek, Catilinak, bi urtetan zehar arrakastarik gabe kontsulatura aurkeztu ondoren, populisten taldera igarotzea erabaki zuen, aurrena moderatu bezala, eta gero, berriz, erradikalizatua. Baina erradikalizatuegia dirudienez, ezen talde honetako buruzagiek bizkarra eman, eta Marco Antonioren alde egin baitzuten. Azken porrota jasangaitza egin zitzaion eta Estatu-kolpea antolatu zuen. Honela idatzi zion Lutacio Cátulo bere lagunari erabakiaren berri emanez: "Hainbeste irain eta bidegabekeria jasan ondoren, eta nire ahalegin guztiak antzuak izan direla ikusita, ezin izango dut bete niri dagokidan lekua Errepublikan. Horregatik, nire ohitura jarraituz, zoritxarrekoen alde egin eta hauek publikoki defendatzea erabaki dut: baina ez nire gain hartu ditudan zorrak ezin ditudalako ordaindu, baizik eta ni gezurrezko susmoen bidez baztertzen nauten bitartean, merezi ez duten gizonak ohorez beteta ikusten ditudalako. Arrazoi honengatik oraindik gelditzen zaidan izen ona defendatzeko erabaki duina hartzen dut". Hitz antologikoak, helburu eta logika garbia dutenak: nola edo hala boterea eskuratu nahian dabiltzan demagogoen ahotan entzun daitezkeenak. Catilinaren konspirazio famatuak ez zuen arrakastarik izan, salatua izan baitzen, eta Cicerónek, gainera, Senatuan bere berri eman eta bere aurka jarri zuen, Catilinaren saiakera zapuztuz. "Quousque tandem abutere patientia nostra, Catilina?" Hauxe izan zen Cicerónen garaipenik handiena, bere burua Errepublikaren zerbitzari nagusiena bezala agertu baitzuen. Senatua, berriz, itxuraz behintzat, indarberritua atera zen, batuagoa, eta autoritate eta duintasunez jantzia. Hala azaldu zen, urtebete beranduago, hamaika gerratan Erromaren ohorea handitu ostean, Pompeyo botere osoa bere esku utziko zutenaren ustean garaile moduan Brindisin agertu zenean. Baina Senatuaren indarberritze hau bere inguruan mugitzen ziren pertsonaien interpretazioa besterik ez zen izan. Herri xumearentzat, aldiz, Catilinaren saiakera Erromako borroka demokratikoko beste gertakari bat baino ez zen, beste hainbaten artean, nobleziako talde batek burututako konspirazio soila besterik ez. Eta Julio Césarrek Rubicón ibai eta muga sakratua bere soldaduekin -Alea jacta est- igaro eta Senatua bere mende hartu zuenean erabili zituen argudioak ez ziren Catilinak erabilitakoetatik oso desberdinak izan: bere izena defendatu eta bere etsaiei aurre egin. Dignitas, duintasuna, helburu pertsonala, Erromako aristokraziaren kontzeptu funtsezkoena zena, maila politikora zabaltzen da. Orain, irakurle prestu hori, jar itzatzu gaur egungo izenak Erromako pertsonaien izenen ordez.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.