_
_
_
_
Entrevista:PACO IBAÑEZABESLARIA

"Bizitzaren misteriorik handiena ilusioa da"

Urtean lauzpabost aldiz etortzen da jaioterrira. "Nire burua oxigenatzeko, bake uneak bizitzeko; mendiez, pinuez, haritzez gozatzeko; oroimena berreskuratzeko, euskara berreskuratzeko..." Hizketan ari dela eskuak mugitzen ditu etengabe. Noizbehinka etenaldi luzeak egiten ditu, adjektibo egokia aurkitu arte isilik egotea nahiago baitu. Adunako Apakintza baserrian zoriontsua izateko behar duen guztia du: lagunak, familia... haurtzaroko oroimenak. Hantxe aurkitu dugu. "Etxe honetan sartzen dena bere etxean dago", dio horman eskegita dagoen koadroak. Galdera. Haurtzaroa dakarkizu gogora etxe honek? Erantzuna. Bai, oroimenak barruan sartzen zaizkizu zu haien bila joan gabe. Leku honetan bertan idien korta zegoen; aranondoak, madariondoak, sagardoa egiteko sagarrak... Gogoan dut hori guztia; zenbat aldiz joan ote nintzen basora osabari jatekoa eramatera! Eta nola laguntzen nion izekoari esnea Andoainera eramaten. Gogoan dut oso traketsa nintzela gauza guztietan, baina kaniketan txapelduna nintzen. G. Oroimena garrantzitsua da pertsonentzat eta herrientzat? E. Oroimena eraiki duzun etxe sentimentala da. Euskaraz egiten duzunean, herriz-herri zoazela jendeak euskaraz egiten duela ikusten duzunean, beraiek eta beraien arbasoek sortutako hizkuntza dela konturatzen zara. Hizkuntzak ondare unibertsala dira: frantsesa, galiziera, katalana, kurdua... Hizkuntza guztiak maisu-lanak dira eta kontserbatu egin behar dira. Nik gutxiengo guztien alde egingo dut beti, musikaren "harmonikoak" bezalakoak baitira, doinuari kolorea jartzen diotenak. G. Nazionalismoa ulertzen duzu? E. Nazionalismoa etxe hori, hizkuntza eta kulturak duten aberastasun hori salbatzea bada, bai. Aldiz, nazionalismoa maila ideologiko eta politikoan beren ikuspegiaren arabera taxututako gizartea egiteko manipulatzen bada, orduan oker erabiltzen da. G. Zer moduz moldatu zara Imanolekin? E. Imanol gabe ezinezkoa litzateke diskoa, bera gabe abesti batzuk abesteko gogoa besterik ez bailitzateke izango. Jendearen erantzuna oso ona izaten ari da. Imanol eta biok oso ongi pasatzen ari gara. Sortu nahi genuen giroa sortzea lortu dugu. G. Zure lanetan, noraino iristen da musika eta noraino poesia? E. Ehuneko ehunean da poesia. Musikak olerkia dagokion lekuan jartzeko besterik ez du balio. Adibidez, Celayak La poesía es un arma cargada de futuro idatzi zuenean, oihuz idatzi zuen. Abestea ozenago hitz egitea da. Beraz, olerki horrek berez duen doinua aurkitu behar duzu. Hori da zailena, testuari arrotz zaion nota bat bera ere ez gehitzea. G. Lana Euskal Herritik kanpo aurkeztekotan zarete. Erronka al da Madril edo Bartzelonan euskaraz abestea? E. Nik ez dut erronkatzat hartzen. Beharrizana da. Ez nau kezkatzen ulertuko ote duten ala ez. Arabieraz eginiko musika entzuten dut sarritan, nahiz eta hitzen esanahia ez ulertu. Zergatik? Ez dakit. Gustatzen zaidalako, besterik ez. Horixe nahi dut nik; Madrilen entzun dezaten, abestiak hartu eta etxera eraman ditzatela, ezer ez ulertu arren. G. Kultur mestizajea deritzana gustatzen zaizu? E. Mestizajea, era naturalean egiten bada, ongi dago. Baina horretarako naturala izan behar du fusioak. Oraingoz fusioa "konfusioa" besterik ez da. Modan dago Australiako bat danborra jotzen duen beste batekin nahastea. Aberasteko asmoz egiten da, baina hor elkar ezagutzen ez duten gauzak nahasten dira... Ez dute hizkuntza bera erabiltzen. Benetako mestizajea berezkoa da. G. Nola eusten diozu ilusioari hainbeste urtez musika egiten ibili eta gero? E. Hori da bizitzaren misterioa. Gure terrazan hazten ari den eta logelara sartu nahian ari dela dirudien jasmina bezala; bi hilabeteren buruan bere bidea egin du eta barrura sartu da. Hori da misteriorik handiena. Eta ilusioa bizitzaren adierazpidea da. Zergatik irteten nintzen kantari baserritik? Zergatik kantari itzuli? Zergatik osten nion dirua izekoari kantu-liburuak erosteko? Ez dakit. Nik ez dut Machín-en Angelitos negros idatzi, eta, hala ere, ezagutu egiten nuen. Misterioak dira. Bizitzaren misterio handia ilusioa da. Abestea gustatzen zait niri; esaten badidazu bihartik aurrera ezin izango dudala abestu eta nahi dudan guztia edukiko dudala... hurrengo egunean hilko nintzateke. G. Bizimodu errazagorik edo deskantsatuagorik imajinatu al duzu inoiz? E. Niretzat ez dago hau baino bizimodu deskantsatuagorik. Olerki bat hartzen dudanean abestua izateko egina dagoela pentsatzen dut. Nik ez dut musikarik idazten, buruan entzuten dut doinua. Momentu horietan ez dago beste ezer. Horrela ikusten nautenean, gelako bazter batean eserita, isil-isilik, buruan doinua bueltaka darabilkidala, batzuk ikaratu egiten dira, konpositoreek gitarra edo idazlumaz lan egiten dutela uste baitute. Nik ez dut horren beharrik, hasierako prozesuan behintzat, dena gogoan gordetzen baitut. G. Doinuren bat gogotik joan al zaizu? E. Bizpahiru kanturekin gertatu zait hori. Bada poeta brasildar baten doinu bat betiko galduta dagoena. Baina, agian, egunen batean atea jo eta esango dit: "Hemen naiz".

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo

¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?

Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.

¿Por qué estás viendo esto?

Flecha

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.

Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.

En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.

Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_