_
_
_
_

Guztien eskura dagoen eszenatokia

Estruktura erraldoiei nahita uko eginez, Urnietako Sarobe Arte Eszenikoen Gunea 1994an jarri zen martxan. Jaio zenetik, antzerki munduan dabiltzanen onespena du eta, berari, hain zuzen, eman nahi dio zerbitzu. "Kalitatezko muntaiak prestatzeko azpiegituren beharra zegoen", dio Kike Santiago Sarobeko zuzendariak. Horregatik, lan egitea errazten zuen diseinua bilatu zen. "Estruktura handien falta izan ez arren, euskal antzerki taldeen aurrekontuak ez dira handiak izaten. Baliabide teknikoen erabilerak diru gehiegi eskatzen du, eta Saroben hau konpontzen saiatu gara". Puntazko teknologia eta, aukeran, eskuzko erabilera elkartu egin dituzte horrela profesional ez diren taldeek ere bertan lan egin dezaketelarik. "Aukera guztiak hor daude, nahi izanez gero, bakoitzak ahal duen neurrian aprobetxatzeko, baina aldi berean inor kanpoan ez uzteko. Mantenu kostuak ez dira handiegiak, eta horrela jendea hona etor daiteke lan egitera. Ondorioz, proiektu gehiago aurrera ateratzeko aukera dago", dio Santiagok. Urnietako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzak lagundutako zentro honen helburuetako bat antzerki lanen ekoizpena eta salmenta bultzatzea da. Muntaiaren bat bertan prestatu denean, programatzaile nahiz ikusleentzat pasea egiten da. "Batzutan, lan berri bat jendaurrean taularatzen dutenean, zenbait xehetasun aldatzen dituzte ikuslegoaren erantzuna ikusita". Geroa izan zen Sarobe Arte Eszenikoen Gunean muntaia bat prestatzen lehenengo konpainia. 1994ko ekainean, Amazonas del caballo eta Rezagados antzezlanak prestatu zituen hamar egunez instalakuntzak erabiliz. Ondoren, eta zentroaren funtzionamendu modua izango zenari hasiera emateko, hiru pase egin zituen bertaratu ziren 800 ikusleentzat. Geroa bezala, euskal eszenan dabiltzan beste hainbat talde eta antzezlek ere bertan prestatu dituzte azken urtetan euren muntaiak, ondoren hamaika antzoki eta taula gainera eraman dituztenak. Bertatik pasa dira Lourvier"s, Tanttaka, Ur, Orain, Trapu Zaharra, Maskarada, Legaleón, Ados, Bederen bat eta beste asko. Guztira, zentro hau 82 aldiz izan da alokatua, eta erabiltzaile bakoitzak bataz beste zazpi egun pasa ditu bere lana prestatzen. Muntaiak nola gelditu diren ikustera, berriz, 16.000 pertsonatik gora hurbildu da, taldeek eskainitako ia ehun pasetan. Sarobeko jarduera ez da antzerki lanetara mugatzen. Hauek gehiengoa izanik ere, zineari atea ireki nahi izan diote bere arduradunek, eta baita musikari ere. "Kultura munduko ohiko eskaintzatik at gelditzen ziren eremuak ukitu nahi izan ditugu, gure helburua ez baita inori konpetentzia egitea, baizik eta ikusten genituen hutsuneak betetzea", dio Kike Santiagok. Horrela, ganbara operan lehen saiakera egin zuten iaz, Iziar muntaiarekin, arlo ezberdinetako profesionalak batu zituen euskarazko ikuskizuna, eta leku desberdin askotara iristeko ahalmena zuena, ez baitzuen eszenatoki handien beharrik modu egokian taularatzeko. "Hark izandako arrakasta ikusita, beste bat prestatzen ari gara, Zapatos de mujer titulua duena, euskara eta gazteleraz taularatuko dena". Ziurrenik, ganbara opera berri hau Parisen estreinatuko da azaroan, eta baliteke euskarazko bertsioan izatea gainera. "Oso argi daukat", dio Sarobeko zuzendariak, "gauzak ondo eta gogoz egiten direnean, hizkuntzak ez duela zertan oztoporik izan behar". Topagune Mota ezberdinetako musika, zaletu eta profesionalen topagune ere izan da Sarobe. Golden Apple Quartet taldeak iaz bertan egin zituen entsaioak, gero antzokietara eramandako Radio Golden ikuskizunarekin, eta Duncan Dhu taldeak edota Siniestro Total eta Antón Reixak ere eszenatoki honetan jo dute bere musika. Berriki, Rosendo eta Luz Casal izan dira bertan euren lan berriak prestatzen eta bideoklipak egiten. Zineari dagokionean, hasieratik bere eskaintzaren osagai garrantzitsu bat izatea bilatu dute zentroko arduradunek. Aula de cine eskolan irudiaren munduko izen ezagun asko aritu da, eta bertako ikasleek kurtso bukaeran egiten dituzten laburmetraiekin pozik azaltzen dira arduradunak. "Mallorcan ospatzen den egile gazteen aurtengo lehiaketan lehen saria irabazi berri du eskolako ikasle batek". Ekoizpenaren eremuan gehiegi ez sartzea erabaki bazuten ere, hemendik gutxira Yoyesen bizitzaren inguruan egingo den Desde mi ventana filmean parte hartuko du zentroak.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
SIGUE LEYENDO

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_