_
_
_
_
_
Reportaje:Gaiak | 40. EUSKAL LIBURU ETA DISKO AZOKA

Atzera begiratu gabe

477 nobedadek, horietako 361 liburuak, osatzen dute Euskal Liburu eta Disko Azokaren 40. edizioa

El País

Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren 40. edizioak asteazken honetan zabalduko ditu ateak; bost egunez, euskarazko musika eta literatura nobedade nagusiak aurkeztuko dira bertan. 40 urte zifra biribila izan arren, antolatzaileek ez dute ekitaldi berezirik antolatuko. "Jaiotza garrantzitsua izan zen, baina are garrantzitsuagoa da 40 urteko bidea", azaldu du Jon Irazabal Azokaren zuzendariak.

Estatistikei erreparatu besterik ez dago 40 urte hauetan egindako lanaren neurria ulertzeko: 1966an, lehenbiziko edizioa izan zen urtean, Azokak 100.000 pezetako aurrekontua izan zuen. Garai hartan euskarazko produktuak saltzeko zeuden zailtasunak kontuan hartuta, salmenta-kopurua ez zen makala izan, 680 liburu eta 179 disko erosi baitzituzten lehenbiziko egunean erakusmahaietara hurbildu zirenek. Iaz, berriz, salmentak milioi eta erdi eurokoak izan ziren, antolatzaileen kalkuluen arabera. Kopuru hutsak baino garrantzitsuagoa izan zen, agian, 2003an egoitza iraunkorraren inaugurazioa zela eta hasitako profesionalizatze-prozesua burutu izana. Horri esker, kultura-eskaintza osagarri zabala eskaini dezake orain.

Aurtengo edizioan 163 argitaletxe, diskoetxe, elkarte eta bestelako erakundek parte hartuko dute, 309 standetan banatuta. Produktu berriak 477 izango dira (2004an izan ziren), horietako 361 liburuak eta 34 diskoak; horiekin batera 43 bideo edo DVD, 49 aldizkari eta bestelako euskarritan aurkeztutako 10 nobedade aurkeztuko dira. Azken edizioetan gertatu den bezalaxe, litekeena da izen gutxi batzuek salmenten zatirik handiena bereganatzea; eta oker ibiltzeko beldur handirik gabe aurrera daiteke horien artean izango direla Joseba Sarrionandia, Bernardo Atxaga, Harkaitz Cano eta Unai Elorriaga, liburuen atalean, eta Mikel Laboa, Benito Lertxundi, eta Mikel Urdangarin diskoetan. "Baina urtero izaten da autore berri batek sortutako lanen bat, handik urte gutxira klasiko bilakatzen dena", ohartarazi zuen Irazabalek aurtengo edizioaren aurkezpen ekitaldian.

Liburuen eta diskoen ataletan sartzen ez diren nobedade ugari euskarri digitaletan sortutako produktuak dira, hauek gero eta presentzia handiagoa baitute. Azokak berak ere bere burua egokitu nahi izan du joera horrekin, Interneten duen lekua (www.durangokoazoka.com) berrituz eta osatuz. Webgunea egiteko orduan, azken urteotan indarra hartzen ari diren tresnak eta baliabideak erabili dituzte, adibidez, bloga eta albistegi automatikoa eta RSS jarioa. Tresna berri hau edukiz hornitu ahala, "euskal kulturaren esparruan erreferentzia" bihur daitekeela uste dute azoka antolatzen duen Gerediaga Elkarteak. Garai berrietara egokitzeko etengabeko ahalegin horretan "egun hauetako lana urte osoan zehar iraunaraztea" dute helburutzat antolatzaileek, azokaren arduradunak nabarmendu duenez, "beraz ez hartzea erakusketa baten moduan soilik, baizik eta 45. edizioak garai hartako gizartearen eskakizunei moldatzea".

Hala ere, azokaren arduradunek gogoan dituzte oraindik hasierako urte latzak, "liburu batzuk mahai azpian gordeta egoten zirenean, konfiantzazko lagunei bakarrik saltzeko", Irazabalen hitzetan. Horregatik, zentsura izango du ardatz aurtengo edizioak; hain zuzen ere gai horretaz mintzatuko da sarrera-hitzaldian Juan Mari Torrealdai idazlea. Azkenik, beste idazle bat, Gotzon Garate, omenduko dute, idazleak bere ibilbidean zehar euskararen alde egindako lan eskergarengatik.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_