_
_
_
_
_
Entrevista:JULEN GABIRIA | Idazlea | Gaiak

"Eskuan zine-kamera bat banu bezala idazten dut"

Julen Gabiriak, Connemara gure bihotzetan nobela ezagunaren ondoren, bigarrena eman du argitara, Han goitik itsasoa ikusten da. Liburua utopiaren bidean lanean ari direnei omenaldi gisa idatzia dago, Italian bigarren Mundu Gerran nazien kontrako panfletoak banatzen aritzen zen txirrindulari baten bizipenen bidez. Zinearen eragin nabarmena duen eleberrian -Fellini eta Bellinirena, besteak beste-hiru ezaugarri nagusi azpimarratu dira: egitura milimetrikoa, narrazioaren aukera sinbolikoa eta elipsirako joera nagusia.

Galdera. Hiru dohai nagusiok ez dira, baina, azken batean idazle baten gutxieneko ezaugarriak: nobelaren egitura zaindu, txukun idatzi eta narrazioaren joera sinbolikoa landu.

"Belaunaldi kontuek beldurra ematen didate; bizi dugun garaiak baino ez gaitu bereizten idazle gazteok"
"Toskanako biztanleak heroi legez erakutsi nahi izan ditut, injustiziaren aurkako borrokalari txikiak"

Erantzuna. Nik esango nuke egitura zinematografikoa dudala idazterakoan, beti sentitu izan dut boligrafoaren ordez kamera bat nuela. Pertsonaia guztiak enkoadratuta ikusten nituen eta travelling-ak imajinatzen nituen; pelikula bat idaztea bezala izan da. Eta egitura landua den arren, erraz irten zait: beti ari nintzen pentsatzen zelan lotu eszena bat hurrengoarekin, eta, alde horretatik, ondo etorri zait pertsonaia ugariko nobela izatea, kamera eskuz-esku aldatzen nuelako eszenei jarraipena emateko. Nire asmoa zen egituran ez egotea etenik edo alferrikako pasarterik, dena izatea inportantea liburu honetan.

G. Zer nolako lotura dute lehen zatiak eta bigarrenak?

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

E. Lehenengo zatia historiaren prehistoria moduko bat da, eta bigarren zatia, berriz, nobela bera. Estiloz nahiko desberdinak dira, lehenengoa surrealista samarra, zoroa. Bigarrena, berriz, errealistagoa, baina ameslaria. Batez ere, mitoen gaia ateratzeko erabili dut lehenengo atala, irakurleari jakinarazteko bigarren atalean idolo baten bila joango garela. Eta Euskal Herritik Toskanara salto egiten dugu, elipsi bat eginez nire pasio biekin: ziklismoa eta zinema. Niretzako gozamena izan da liburu hau idaztea, elementu guztiak iruditu zaizkidalako hurbilekoak.

G. Idazteko momentuan kontuan izan duzu ziklistak gaurko epopeiaren zati nagusia direla?

E. Ziklismoa kirol epikoa da, eta bizitzaren metafora bezala ere balio digu, topikoa izan arren. Niretzat, garai bateko ziklistak heroi handiak ziren, eta nobela honetan nahi izan dut Toskanako herritxo bateko biztanle guztiak heroi legez erakustea, denek egiten dutelako zerbait handia injustiziaren kontra. Pertsonaia txikiak dira, baina epikoak, garai bateko ziklistak bezala, eta hori nahi nuen: pertsona arruntei garrantzia ematea, gure inguruan entziklopedietan agertuko ez diren aguadore asko dagoelako, eta aguadoreak ezinbestekoak dira liderrak irabaz dezan.

G. Mitotik mitora lan handia izan da dokumentazioa nobela hau idazterako orduan?

E. Bi motatako dokumentazioa egon da: ziklismoari buruzkoa eta testuinguru historikoari buruzkoa. Bigarrenak askoz ere lan handiagoa eman dit, testuinguru historikoa islatzeak giro jakin bat islatzea eskatzen duelako, eta hori zailagoa da. Nik ez nuen ezagutzen 1943ko Italia eta bertan kokatu behar izan dut nire burua, ez hainbeste datu zehatzak emateko, baizik eta errepresio giro bat erakusteko. Zaila da zurea ez den garai historiko batean murgiltzea: ondo irteten bazaizu, oso naturala emango du; baina txarto irteten bada, nobela osoa pikutara doa.

G. Irakurleari begira idazten dela esan ohi da gaur egun, zein neurritan izan duzu presente irakurlea nobela idazterakoan.

E. Ez naiz asko gogoratu irakurlearekin. Ni gozatzen ari nintzen, eta etengabe buruan neukana nobelaren haria zen. Kontziente nintzen nobela hau aurrekoa baino helduagoa ari zitzaidala irteten, eta ondorioz pentsatzen nuen irakurleak ere helduagoak izango zirela, baina ez du zertan. Literaturan, ez dut sinisten adinen arteko mugetan. Nire ametsa litzateke nobela hau gazte zein helduengana heltzea, eta uste dut posible dela.

G. Nobela Unai Elorriagak aurkeztu zuen, bada kidetzarik zuon artean, bada nolabaiteko belaunaldi ezaugarririk?

E. Belaunaldi kontuek beldurra ematen didate, ez bainaiz nor horri buruz hitz egiteko. Egia da, esate baterako, gaurko idazle batzuk hizkerari buelta eman nahian ari garela. Txuletak bezala, literaturan gaur arte erabili izan den euskara nahiko eginda dago alde batetik eta orain txuleta horri buelta ematen ari gara, beste aldetik hobeto egin dadin. Hizkera freskoagoa egiten saiatzen gara, sakontasuna galdu barik. Baina tematikan, gauzak kontatzeko moduan, baliabideetan... guztiz desberdinak gara denok, Unai eta ni ere tartean. Garai bera bizitzea tokatu zaigun mundu desberdinak gara.

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_