_
_
_
_
_
Tribuna:
Tribuna
Artículos estrictamente de opinión que responden al estilo propio del autor. Estos textos de opinión han de basarse en datos verificados y ser respetuosos con las personas aunque se critiquen sus actos. Todas las tribunas de opinión de personas ajenas a la Redacción de EL PAÍS llevarán, tras la última línea, un pie de autor —por conocido que éste sea— donde se indique el cargo, título, militancia política (en su caso) u ocupación principal, o la que esté o estuvo relacionada con el tema abordado

Ezkerraldea

IBAN ZALDUA

Max-Center-ko Eroski-n, astearte bateko goizeko hamaikak hamar gutxitan, hirurogeita bi urteko gizon bat erosketa-orgari bultzaka dabil korridoreetan gora eta behera. Badira zazpi urte Joakin aurrejubilatu zutenetik eta ez da oraindik ohitu hipermerkatuko girora. Soziedadeko lagunei esan ohi dien bezala, "ordu horietan emakume gehiago egongo zela uste nian, baina agurez beteta egoten duk, alajaina! Agureak eta agureak alde guztietatik! Zuek eta ni bezalako agureak, zertarako engaina". Joakin da koadrilan agure hitza arazorik gabe erabiltzen duen bakarra.

Halako batean, apal baten errebueltan, Jaxinto sumatu du, inoiz baino herrenago. Sentipen eta oroitzapen kontraesankorrak datoz Joakinen burura, baina ez du aspaldidanik ikusi, eta hurbildu egin zaio. "Kaixo, Jaxinto! Zer moduz habil?" Jaxintok lanak ditu Joakin ezagutzen, baina segundo batzuen ostean, agurra itzuli dio, adeitsu: "Hombre, Joakin! Ondo, ondo nagok, ondo izorratuta noski, ja, ja. Izan ere, betaurrekorik gabe ez diat ezertxo ere ikusten" -lepotik zintzilik daramatza, eta jantzi egin ditu-. "Eta hi, zer moduz habil hi?""Hainbestean. Badakik, osasun gutxi, eta gorabehera gehiegi". "Neu bezala, orduan. Ba al hekien? Bigarren mehakezur ebakuntza egin behar izan zidatean. Baina hobeto nabilek orain, ezta?" Jaxintok hiru pauso ematen ditu orgatik urrun, eta Joakinek, lotsa pittin batez, gezur batez erantzun dio.

Ondoren, ezinbestez, lantegiko urteez mintzatzen hasi dira, eta Joakin ez da gaia saihesteko ezer egiten saiatu, gehiegi maite ez badu ere. Eta urteek handietsitako pasarteen segidari hasiera ematen diote: Inazio langile-buru putakumeari egin zizkioten putakumekeriak, sindikatuko lehenengo zelula antolatu zutenekoak, 1977ko greba basatia. "Orduan ere elektrizitate sailekook ibili gintuan sendoen. Kateakoak berehala kikildu ziren, greba hasi eta hamar egunetara. Baina guk agoantatu egin genian, bai horixe!" Joakinek ez du ezer esaten, unea ondo baino hobeto gogoratzen badu ere: itxialdia, gose-greba, ke-poteak eta karga... "Hi hamabi kaleratuen artean hintzen, ezta, Joakin? Oraindik ez zekiat nola libratu nintzen trago horretatik, mirari bat zirudik". Joakinek bazekien goibel jarriko zela, ez daki nola demontre utzi dion Jaxintori jarraitzen. "Eskerrak gero, komenioarekin, berronartuak izan zineten... Guztira zer izan ziren, bost, sei hilabete lanik gabe? Gogorra izango zuan, hala eta guztiz ere..." Bai, gogorra izan zen: are gehiago kontuan harturik ez zuela bost hilabete horietako soldata berreskuratu, eta itzulitakoan gutxieneko langile-kategoria ezarri ziotela, antzinatasun-sari guztiak ezabatzeaz gain. Joakinek zer edo zer murmurikatu du, baina ez dago zer esan nahi duen jakiterik.

"Bide batez, ea sindikatuaren egoitzatik bueltatxo bat ematen duan. Hilabeteak dituk ez haugula ikusi", dio Jaxintok. Hilabeteak, eta baita urteak ere, pentsatzen du Joakinek, irribarre mingots bat aurpegian. Ez da hara itzuli lana utzi zuenetik, ezta nahi ere. Zer galdu zaio bera bezalako erretretadun bati han? "Oraindik gauza baliagarriak egin zitzakeagu" -segitu du Jaxintok-. "Nik fotokopiak egiten zitieat konpañeroei. Aurretik Ordezko Gizarte Zerbitzua betetzen ari zen mutikoa arduratzen zuan, baina nahiago ditek nirekin: mantso, baino txukunago egiten omen ditiat kopiak. Gainera, horrela istilu gutxiago izaten duk, badakik..."

Joakinek adio esan dio Jaxintori: presatuta dabilela, eta badoala. Ez dela oraindik arrandegira joan, eta kristolako itxaronaldia egin beharko duela. Egongo direla luzeago beste noizbait. Jaxintok ere agurtu du: "Beste bat arte, Joakin. Baina ez ahaztu: itxaroten haugu. Orain liburutegia ordenan jarri nahi diet, eta laguntza pixka bat beharko nikek. Gainera hi oso irakurria hintzen..."

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

Joakinek ez ditu Jaxintoren azken hitzak entzun. Orga hartu eta izoztuen sailetik abiatu da abiada bizian. Heldu da arrandegira, eta zenbakia hartu du. Jende multzo handi samarra dago legatzez eta txipiroiez eta perrexilez beteriko erakusmahaiaren aurrean. Lau emakume kontatzen ditu, soilik.

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_