_
_
_
_
Gaiak

Hiri honetan (II)

3

-Ez kezkatu, hiri honetan edo beste edozeinetan miraria gertatu daiteke, nolabait esatearren.

Hitzaren tonua gutxitzen du. Ez dut agerkundea edo mirakulua esan nahi. Entzutea besterik ez da, munduaren, ingurukoaren aurrean nola jartzen garen.

Ez da gauza bera egunero ogia, egunkaria erosteko zeharkatzen duzun kaletik ibiltzea eta inguruko guztiari arretaz begiratuta paseatzea: eraikinak, dendetako erakusleihoak, albotik igarotzen diren pertsonak. Bidaiatik itzultzen garenean, herrialde edo hiri hartako pertsonak halakoak edo bestelakoak direla, era batera edo bestera janzten direla diogu.

Erregistro bera ote dugu geure hiriari buruz? Eduki badaukagu, hiri bat bisitatzen dugunean eta, beharbada, gehiago ez itzultzeko utziko dugula dakigunean bezala bereganatu ote dugu erregistro hori? Ez, Gabriel, ez da gauza bera. Entzuteko dugun gaitasuna ez da beti modu berean abian jartzen, gure zentzumenak astiro-astiro dabiltza eta inguruneari ezer gutxi erreparatzen diote, gure hirian, gure etxean gaudenean.

LABURPENA

Karmelo izeneko lagun batek gonbidatuta, protagonista Donostiara iritsi da euripean. Hiriko paisaia eta soinuetan, iraganeko mamuen aztarnak topatuko ditu eskuin-ezker.

Zentzumenak astiro dabiltza eta ezer gutxi erreparatzen diote ingurumenari
Zauria sendatu dela uste dugunean, berriro agertzen da, ustekabean
Lehen, zubia gurutzatzean, han ez zegoen ezer, harea besterik ez
Eraikuntza-jokoko piezak harean utzi dituen ume hori bezain galduta nago

Karmelok liburu bat hartu zuen, une horretan nire eserlekua zen sofaren ondoko mahaitxoaren gainetik. Mahai horretan, argitaratu dituen zenbait liburu eta oraindik amaitu gabe dituen beste liburu batzuk dauzka beti: behin-behinean karpetetan antolatutako orriak dira eta, lantzean behin, karpeta batetik bestera eramaten ditu. Horrez gain, irakurtzen ari den liburuak ere baditu mahaitxoaren gainean.

-Zure izena Gabriel izango ez balitz, beharbada berak ez zizkizun liburuok oparituko, eta zuk ez zenuen haren lana ezagutuko. Edonola ere, bost axola, berak zuk ez zenekiela uste zuen diskurtso poetikoa hurbiltzeko aitzakia besterik ez zen izan. Asmatu egin zuen, bere lana oso ezaguna ez delako, nahiz eta edizio elebidunetan argitaratuta egon. Hain zuzen ere, horrexegatik irakurri ahal izan duzu zuk. Beste Gabrielekin egin zezakeen, baina ezagutzen zenuela uste izan zuen.

Karmelok esku artean zeukan liburuko orrialdeetan bilatu zuen, eta euretako bat markatu zuen eskuineko eskuko hatz erakusleaz.

-Ezagutu genitueneko hiriarekin ez ezik, eurekin ezarritako harremanekin ere lotzen ditugu pertsonak. Lotura asko eta asko ez dira arrotzak harremanak dirauen bitartean, eta, ondoren, ez daudenean, erreparatu egiten diegu eta zenbait keinuren edo begi-keinuren garrantziaz ohartzen gara. Guretzat, hitzen zaleontzat, ulergarria da liburuak objektu garrantzitsuak izatea. Dena dela, berdin dio, Gabriel, hiriak eta olerkariak Lisboa eta Pessoa edo Torino eta Pavese izan litezkeelako -tira, badakizu Aresti Bilbokoa zela-. Sekretua ez dago hor, sekretua zauritu gintuen pertsona da. Zauria sendatuta dagoela uste dugunean, bat-batean, ustekabean agertzen da berriro, eta munduko beste edozein lekutan gertatu daiteke. Halakoetan, zauria ireki egiten da berriro. Hara, entzun:

-Zapaldu ditudan / hiri guztietan, / ikusi bide zaitut: / abian jarri eta / hartzen ez dudan autobusa, edo ixten ari den igogailua, / edo izkinan gauerantz bira egitean... (3) Ez dut besterik esan behar, nahikoa da-eta. Zure baitan bizi den mamua, Gabriel, berea da, ez olerkariarena.

Karmeloren hitzak une horretan bakoitik sartu zen lainoan desegin ziren edo nire buruan, gauza bera da. Apurka-apurka, zurrumurru, geltokiko nasaren amaieran galtzen diren oinatzen zurrumurru bihurtu ziren.

3 La mujer de mis sueños. Serie B. Karmelo C. Iribarren.

4

Kursaaleko zubian gelditu naiz zeruertzari begira, baina itsasoa oso ilun dago eta neure iragana baino ez dut ikusten. Barruko argiak piztuta daudenean, gauean argitasun atsegina sortzen duten material opakoko bi kubo horiek miretsi ditut. Horren ondorioz, gainera, gerizpe leuna sortzen da inguruko eremuan, mahaiaren edo apalaren gainean jarritako lanparak izango balira bezala.

Lanparok ez dute oinalderik, paper zimurtua edo material plastikoaren itxura dute, tentsio txikiko bonbilla dute barruan eta inguruko esparru txikia baino ez dute leuntasunez argiztatzen. Karmeloren estudioan bi zeuden: bata argazki-liburuak gordetzen dituen apalategian zegoen; eta bestea, sartzean, CD erreproduzigailua duen mahaitxo beltzaren gainean.

Lehen, han ez zegoen ezer, harea besterik ez, eta, zubia gurutzatzean, bazegoen ibaiko eskuinaldetik ibiltzerik, ilunpean barruratzerik eta itsasertzeraino iristerik. Nik hainbat eta hainbat aldiz egin nuen bide hori, hiri honetan nengoela. Oso gogoko nuen kostaldeko zati hau, bestea baino basatiagoa den hondartza, menderatuta dagoelako, aristokrata samarra delako eta postal turistikoa dirudielako ia-ia.

Gaur, eraikina itzalita dago, hain berandu denez, ikuskizunen bat egon izan balitz ere... Askoz handiagoak izan arren, badirudi bi bloke erraldoi hauek zamaontziaren naufragioaren ostean kostaldean hondartuta geratzen diren edukiontziak direla. Izan ere, metatuta daramatza, umeentzako eraikuntza-jokoetako elementuak izango balira bezala.

Badirudi umea korrika irten dela eta hortxe, harearen gainean utzi dituela, berandu dela konturatzean eta etxera bakarrik joateko gai izango ez dela pentsatzean. Ia-ia itsasoa den ibai honen gaineko zubia zeharkatu du korrika -Ni ixaso bat banenduka, / nora noan / banenki, / hibaia / baninz... (4)-. Niri ume horri bezala gertatzen zait, etxera itzultzen ez dakidala, itsasorik ez daukadalako.

Hori dela-eta, hementxe nago, nirea ez den itsasoari begira, eraikuntza-jokoko piezak harean utzi dituen ume hori bezain galduta. Kristal opakoz egindako bi bloke horiek horren lekukoak dira, berandu zela konturatu delako eta etxera bakarrik itzuli zitekeen ez zekielako...

Berea eta nirea antzeko mamuak dira. Bere bakardadea unean unekoa izango da, eta amaren besoetan babesten denean desagertuko da, amak samurtasunez besarkatuko duelako. Nirea, ordea, behin betikoa izango da, itzultzeko bidea zein den badakidala uste izan arren, ez dakidalako bide hori hartzea merezi duen. Non dago nire etxea? Tamalgarria etxerik ez edukitzea (5).

Orduan, olerkariaren -olerkariaren?- mamurik ez zegoenean, ia-ia esan egin ahal izan nuen hiri hau nire etxea zela. Garai hartan, ostera, beste begirada batez zeharkatzen nuen zubi hau, lanera edo etxera joateko ibai hau egunero gurutzatzen duen edonoren begiradaz, hain zuzen ere. Karmelok hizpide zuen eguneroko begiradaz, alegia.

4 Ibai zabala. Euskal Harria. Gabriel Aresti.

5 Leon Felipe.

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo

¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?

Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.

¿Por qué estás viendo esto?

Flecha

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.

Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.

En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.

Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_