Hitzaren arrazoia
Literatura txikien lekua aldarrikatu dute hainbat euskal idazlek Renoko Unibertsitateak antolatutako jardunaldi batzuetan
Euskaraz idazteko arrazoiei buruzkoa izaten omen da euskal idazleei atzerrian egiten dieten lehenbiziko galdera: "Zein da milioi bat hiztun ere ez dituen hizkuntza horretan sortzeko zioa?", entzun omen dute behin baino gehiagotan kazetari eta literatura-zaleen ahotan. Agian horregatik, euskaraz idazteak dakartzan berezitasunak izan dituzte hizpide, beste gai batzuen artean, literatura txikiek nazioartean duten lekua aztertzeko Renoko Unibertsitatean azken egunotan egin diren jardunaldietan
Minority Languages in the Global Scene (Hizkuntza Gutxituak Eszena Globalean) lelopean, 18 idazle eta bestelako aditu aritu dira aipatutako gaiaren inguruan. Horietako batzuek, beren tesiak azaldu dizkiote egunkari honi posta elektroniko bidez.
"Euskarak pisu afektibo txikiagoa du duela 40 urte baino", dio Atxagak
"Euskal idazle batek euskararen edo espainieraren artean, edo euskararen eta frantsesaren artean, hautatu behar du", adierazi zuen Iban Zaldua idazleak Euskal idazle batek aurre egin beharreko zortzi hautu erabakigarri izenburupean emandako hitzaldian.
Haren iritziz, gainerako idazleei ez diete inoiz galdetzen literatura sortzeko erabiltzen duten mintzaeraren inguruan. "Izan ere, oso idazle gutxik erabiltzen dugu euskara soilik", erantsi zuen.
Mari Jose Olaziregi kongresuaren antolatzaile eta Renoko Euskal Ikasketa Zentroko kidearen iritziz, berriz, Gabriel Arestik esan zuen bezala, euskara "ogia bezain beharrezko" bilakatu da hainbat idazlerentzat. "Baina horien ondoan euren identitatearen oinarri diren hizkuntza desberdinez baliatu nahi duten euskaldunak badira, euren uniberto literarioak euskaraz ez ezik, gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez bideratzen dutenak", adierazi zuen Mende berrirako ipuinak antologia literarioaren egileak. Jokabide horiek "gero eta nabarmenagoa izango den hibridotasuna" ekarriko duela iritzi zion irakasleak.
Bernardo Atxagaren irudiko, berriz, euskarak gaur egungo literaturan duen pisu afektiboak ez du orain 40 urte zuenaren antzik. "Orduan irakurle askok aitortzen zutenez, militantziagatik erosten zituzten euskarazko liburuak", gogoratu zuen Renon emandako hitzaldian.
Hala ere, aitortu zuenez, "literatura eta artea bete-betean sartzen dira nazioek beren izaerari eusteko darabiltzen borrokan; nortasunaren alde lan egiten dute".
"Gaur egungo euskal irakurleek ba ote dituzte Madrilgo, Londreseko edo Pariseko irakurleen antzeko ezaugarriak?", galdetu zion bere buruari Soinujolearen semea eleberriaren egileak. Haren iritziz, euskal idazleen jarduna "gogorra eta arriskutsua" izan zen iragan mendeko 70. hamarkadara arte. Gaur egun, berriz, sortzaileek erakundeengandik jasotzen duten babesa tarteko, lehen liburua argitaratzea askozaz samurragoa bihurtu dela deritzo idazleak.
Nazioarteko promozioaren beharra
Literatura txikiek nazioartean hedatzeko dituzten aukerak eta baliabideak aztertzea izan da Renoko Unibertsitateak antolaturiko mintegiaren helburuetako bat. Esparru horretan, "ia guztia egiteko" dagoela deritzo Mari Jose Olaziregik. Haren ustez, iaz sortutako Etxepare Institutuak zeregin garrantzitsua izango du datozen urteetan. "Nire ustez, antsietate, inprobisazio, konplexu eta gehiegi komeni ez zaizkigun presak baztertu eta helburuak argi dituen promozio-politika bat egin beharko litzateke", dio ikertzaileak.
Politika horiek eraginkorrak izan daitezen, "epeak zehaztu, baliabideak aztertu eta egokitu eta helburuak lortzeko eman beharreko ekintzen egutegia" zehaztu beharko lirateke, Renoko Euskal Ikasketen Zentroko kidearen iritziz.
Euskaraz edo gainerako hizkuntza txikiez idazteak gaur egun berekin dakartzan desabantailak eta aukerak izan dituzte hizpide Olaziregik antolaturiko jardunaldietan. Bertan, aipatutako Zaldua eta Atxagarekin batera, Rikardo Arregi, Aurelia Arkotxa, Mariasun Landa eta Miren Agur Meabe idazleak izan dira partehartzaile, nazioarteko hainbat unibertsitateko ordezkariekin batera.
Kataluniako literaturak ere izan du lekua Renoko eztabaidetan. Josep Pla Gironako eta Stanfordeko unibertsitateetako irakaslearen iritziz, katalanez idatzitako literaturak helburu argia izan du beti: "ahots autonomo eta bereizitua izatea, espanieraren eta frantsesaren eragina oso handia bada ere".
"Kataluniako literaturak ez dio inoiz uko egin munduan barrena zuzeneko eragina izateari", adierazi zuen irakasle katalanak Renon bildutako idazle eta adituen aurrean.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.