Knörren itzal luzea
Senide eta lankideek zendutako euskaltzainaren lanarekiko grina eta amaitu gabe utzi zituen proiektuak nabarmentzen dituzte
Heriotzak behin-betiko eten ditu Henrike Knörr-en etorkizuneko proiektuak. Hala ere, bere eskuzabaltasun intelektualaren fruituek are sakonagoa egingo dute datozen hilabeteotan Arabako euskaltzale handiaren lorratza. "Milaka proiektu zerabilen gogoan, baina asko bukatu gabe geratu dira eta beste asko hasi gabe", azaldu du Txari Santiagok, Knörren alargunak.
Gaixotasunak urtebeteko kalbarioa ekarri dio Euskaltzaindiko Iker Saileko arduradunari, baina zailtasunak zailtasun, iazko apirilean Cervantes Institutuak Frantziako Lyon herrian sortu zuen Gabriel Aresti Liburutegiaren inaugurazioan parte hartu zuen. Patuak eragotzi izan ez balio, datorren ostegunean, Ibilbide bat euskal kulturaren historian barrena: Iruña-Veleiatik gure egunetaraino izenburuko hitzaldia eskaini behar zuen Bilboko Bidebarrieta Liburutegian, hain zen handia lanean jarraitzeko zuen gogoa.
Akademian "hutsune handia" utzi duela dio Andres Urrutiak
"Henrikek Onomasticon Vasconiae bilduma ederra sortu zuen duela 20 urte, eta azken hilabeteotan, moldiztegira eramateko moduan utzi zuen 25. alea, hiruzpalau hilabete barru argitaratuko dena", azpimarratu du Andres Iñigok, Euskaltzaindiko Onomastika Batzordeko buruak.
Iñigo kargu honetaz jabetu aurretik, Knörrek 17 urte egin zituen euskarazko antroponimia eta toponimia finkatzeaz arduratzen den lantaldearen zuzendaritzan. "Horixe zen bere jarduera-esparru naturala, eta gerora begira, alor honetan eginak zituen lanen bilduma osatu nahian zebilen; bilduma hori egin eta plazaratzea izan daiteke Euskaltzainditik egin diezaiokegun omenaldirik onena", aurreratu du Andres Urrutia euskaltzainburuak. Haren esanetan, "Henrikeren heriotzak hutsune sakona utzi du Euskaltzaindiko zeregin akademikoetan, baina horrez gain, gogoan izan behar dugu gobernu-gizona zela, zer esan eta zer egin handia zuena Akademiaren antolakuntzan".
Iñigok zendutako euskaltzainaren "jendartekotasuna" nabarmendu du. "Harremanak egiteko zeukan erraztasunari esker, euskal kulturaren enbaxadorea izan zen nazioartean", gehitu du.
Henrike Knörr katalana zen jaiotzez eta ama-hizkuntzaz. Zazpi urte zituela Gasteizera etorri zen familiarekin. 50eko hamakadaren hasierako urte haietan, euskara hizkuntza arrotza zen aitaren sorterrian, baina Frankismoaren aurkako erresistentzia politikoan izandako militantziaren haritik -Langraizko kartzelan egon zen urtebetez demokrazia aldarrikatzeagatik-, euskara ikasi eta euskaraz bizitzeko konpromisoa hartu zuen anaia Gorkarekin batera.
Bere burua euskalduntzeko ahalegin horretan, laguntza handikoa suertatu zitzaion familiaren ahaide On Joxemiel Barandiaranek eskaini zion sostengua. 1970ean, hilabete egin zuen Barandiaranen Ataungo etxean. Urte batzuk geroago, Koldo Mitxelenaren laguntzaile ibili zen Arabako Ikastetxe Unibertsitarioan.
"Henrike baikorra izan da beti euskararen egoerari dagokionez", esan du adituaren alargunak. Ildo honetan, erakundeen jarrera omen Knörren kezkarik handiena. "Bere ustez, gure erakundeek ez dute hizkuntza arloan agintzen, ez dute hizkuntza behar bezala zaintzen eta bultzatzen", gaineratu du Santiagok.
1975ean hautatu zuten euskaltzain urgazle, eta bi urte geroago, euskaltzain oso izendatu zuten. Hizkuntza arautu eta gaurkotzeko ahaleginean egin zituen hiru hamarkadetan, Iruña-Veleiako euskarazko izkribuen aurkikuntza izan omen zen Knörren pozaldirik handienetakoa.
"Euskararen eta Euskal Herriaren historia aldatuko zuen aurkikuntza zela zeritzon, eta lehenbailehen zerbait argitaratzea proposatu zuen, baina zoritxarrez, Veleiari ez zaio eman orain arte merezi duen garrantzi linguistikoa", azaldu du kexuka Knörren alargunak.
Jakintsuaren kaierak
Henrike Knörrek ordena maite zuen. "Gauero, etxera berandu etorrita ere, gosaria prest utzi ohi zuen", gogoratu du euskaltzainaren alargunak. Aisialdia paperen artean ematen zuen sarrieta bere afiziorik gogokoenak "bizikleta, tenisa, mendia, eta batez ere, musika klasikoa" ziren, Txari Santiagoren esanetan.Ordenaren aldeko joera horren haritik, Knörrek samina hartu zuen "duela hiruzpalau aste" Euskaltzaindia eta Gasteizko Udalaren artean lantzen ari zen proiektuak porrot egitean. "Hamabi urteko ahalegina diru-faltak eragotzi du", esan du Santiagok. "Henrikek betiko akademien espirituari eusten zion, eta artikulu bat argitaratu edo komunikabideetan zeozer interesgarri topatzen zuenean, horiexen kopiak banatzen zizkien euskaltzainei", dio Andres Urrutia euskaltzainburuak.Halere, Knörren kaierak dira, Urrutiaren ustez, gasteiztarraren altxorrik preziatuenetakoa: "Dena apuntatzen zuen: batzarretako gogoetak, hitz bereziak...". Knörren ordenagailuaren ondoan, "40 libreta daude oraindik fitxategian sartzeko zain", baina informazio asko "buruan gordeta eraman du", alargunak dioenez.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.