"Batzuetan zortea behar duzu, baina zortea ere bilatu egiten da"
Maritxu Berritsu izan omen zen interpretazioaren grina txertatu ziona. Unax Ugaldek (Gasteiz, 1978) hamar urte besterik ez zituen irratian hasi zenean. Gero, itsasoaren sekretuak ezagutu nahi izan zituen Jacques Cousteau komandantearen antzera, baina patuak erabakita zeukan gasteiztar honen geroa: itsasoko kresal gaziaren ordez, famaren laudorio gozoak. Espainiako eta nazioarteko zineman ondo merezitako ospea lortu duen euskaldun honek Madrilen finkatuta dauka ohiko bizilekua, baina ez du esperantza galdu, egunen batean, euskarazko pertsonaiaren bat interpretatzeko.
Galdera. Txikitan Itsas Zientziak ikasi nahi omen zenituen. Zer dela eta sartu zinen antzezle lanetan?
Erantzuna. Kasualitatea izan zen, edo bizitza... ez dakit. UBI ikasten ari nintzen eta errepikatu egin nuen. Orduan, lagun batzuek esan zidaten Ingalaterrara joateko haiekin interpretazioa ikastera, baina gurasoei ez zitzaien gustatu Ingalaterrako ideia, eta esan zidaten: "Nahi baduzu urte bat egin interpretazioa ikasten, egizu Basaurin; eta hurrengo urtean, joan zaitez karrera egitera". Ondorioz, Basaurira joan nintzen, jarraian casting bat egin nuen, eta gero gerokoak...
"Telebistak fama handia ematen du, baina jende gehienak berdintsu begiratzen dizu serie batean agertzeagatik edo zure bizitza kontatzeagatik"
"Pauso guztiak ondo markatuta lan egiten dugunez, niri berdin zait sexu eszena bat egitea edo kamera aurrean hiltzea; guztia gezurra da"
G. ETBko Entre dos fuegos izan zen zure lehen lana pantaila txikian. Nola gogoratzen duzu garai hura?
E. Serie txiki bat zen, kulebroi bat, baina nik banekien oso inportantea zela niretzat. Nire lehen aukera izan zen, eta lana ahal den txukunena egiten saiatu nintzen. Hortik aurrera, berdin jarraitu dut, nire onena ematen une oro.
G. Duela ia 10 urte, Madrilera joan zinen. Aukera gutxi ikusten al zenuen Euskal Herrian antzezle bezala aurrera egiteko?
E. Gaur egun, produkziorik gehienak Madrilen egiten dira, eta Euskal Herriko, Galiziako zein Kataluniako jendea Madrilera etortzen da, zinean karrera egin nahi badu.
G. Nola ikusten da Madrildik euskal arte eszenikoen egoera?
E. Madrilen ez da horretan pentsatzen. Estatu honetan dena zentralizatuta dago, eta ematen du gauza guztiak Madrilen gertatzen direla. Oso zaila da komunitate desberdinetako arazoak ikustea. Jende asko dago interesatuta dena zentralizatuta egon dadin.
G. Madrilen, El grupo eta Periodistas izan ziren ezagutzera eman zintuzten serieak, nortasun zaileko pertsonaiak tarteko. Unax Ugalde ere halakoxea al da, nortasun zailekoa?
E. Oso interesgarriak iruditzen zaizkit nortasun zaileko pertsonaiak. Aurretik, goitik behera aztertzen dituzu, beti pentsatzen duzu zer gertatuko lizatzaizukeen bizitzako momentu horretan egongo bazina. Orduan hasten zara pertsonaiarengan sartzen, eta norberaren esperientzia ere oso baliotsua suertatzen da interpretazioari aurre egiteko. Pertsonaia guztiek daukate zerbait nigandik eta guztiek ematen didate zer ikasia.
G. Antzezle ofizio horretan jarduteko, nortasun berezia izan behar dela uste al duzu?
E. Seguraski, kuriositate eta jakinmin handia. Gure lanak badu antropologiatik zerbait. Pertsonaien burmuinetan sartzen ahalegindu behar duzu, nola eta nora mugitzen diren jakin ahal izateko. Alde horretatik, lan psikologikoa ere bada gurea. Askotan ikertu ere egin behar duzu nola ailegatu ahal den pertsona bat beste bat hiltzera edo konkistatzera; eta hori berebiziko erronka iruditzen zait antzezle bezala.
G. Kamera aurrean zaudela, ba al daude eszena batzuk besteak baino gustukoagoak?
E. Jendeak pentsa dezakeenaz gain, gure lana oso teknikoa da. Pauso guztiak ondo markatuta egiten ditugu, den-dena aurretiaz hitz eginda. Batzuetan, gauzak bat-batean ateratzen dira, baina lana besterik ez da, oso lan serio eta teknikoa. Ildo honetan, nik nire gorputzarekin lan egiten dut, eta berdin zait sexu eszena bat egitea ala kamera aurrean hiltzea. Guztia da zaila, eta guztia gezurra...
G. Milos Forman, Mike Newell eta zinema munduan zer esan handia duten beste askorekin lan egiteko aukera izan duzu. Zorte hutsa, ala ondo egindako lanaren ondorioa?
E. Batzuetan zortea behar da, baina zortea ere bilatu egin behar da. Horrez gain, ondo lan egin behar duzu; zeozer egin behar duzu zuzendariek ikusi eta gogoan har zaitzaten. Nik errespetu handia diot profesioari eta profesioak momentuz errespetatzen nau. Neure lana besterik ez dut egiten, eta lan egiten ez dudanean, desagertu egiten naiz beste pelikula bat eta beste pertsonaia bat prestatzeko. Hauxe da nire bizimodua.
G. Desagertzea aipatu duzula, beldurra ematen al dizu telebistan ez agertzeak dakarren bat-bateko ahanztura horrek?
E. Telebistak promozio handia egiten du eta fama izugarria ematen dizu, baina berdin da serie batean agertzea edo programa batean zure bizitzaz hitz egitea. Jende gehienak igual-igual begiratzen dizu. Zinean, aldiz, jendeak ahalegina egin behar du zine-aretora joan eta sarrera erosteko, eta kalean ikusten zaituztenean errespetua arras desberdina da. Nik badauzkat telebistarako proiektu batzuk, eta bueltatu egingo naiz, baina badakit telebistak ematen duen fama beste era batekoa dela.
G. Zer moduz daramazu fan fenomenoarena?
E. Nik nahiko pasatuta daukat neska gazteen fan fenomeno hori. Gaur egun, ni baino askoz ere antzezle gazteagoak eta guapoagoak daude, eta haiexei dagokie orain fan fenomenoa. Egia esan, nahiko gogorra izan zen. Bat-batean jende pilo bat zebilen gainean, eta presioa izugarria izan zen. Baina hori telebistak ekartzen du gehienbat.
G. Profesionalki, zertan zabiltza gaur egun?
E. Duela hamar bat egun, Helena Tabernaren azken pelikula amaitu genuen,
La buena nueva izenburukoa. Bertan, apaiz baten papera egiten dut. Orain hurrengo pelikula prestatzen hasiko naiz. Che Guevararen pelikulan parte hartuko dut Soderbergh-ekin eta Benicio del Tororekin. Puerto Ricon hasiko gara filmatzen irailean. Beraz, bi hilabete dauzkat kubatar baten papera prestatzeko.
G. Euskalduna izanda, harrigarria da nola ez dizuten inoiz enkargatu euskarazko pertsonaiarik.
E. Nire lehenengo lana euskaraz izan zitekeen, ETBn euskarazko serie ugari zegoelako orduan; baina azkenean ETBk ekoitzitako lehen erdarazko telesailerako aukeratu ninduten. Eta euskaraz lan egiteko aukera izan dudanean, ez zen garaia, ez zen gidoia edo ez zen pertsonaia... Dena den, antzezle bezala, nik ez dut gogoan hartzen zein hizkuntzatan lan egiten dudan.
G. Helena Tabernaren filma gutxienez elebiduna da...
E. Ez, hiru eleduna, meza latinez ematen dut eta...
G. Euskaraz ikusi ahal izango zaitugu egunen batean?
E. Datorrenean gidoi bat, momentu bat eta gustuko dudan pertsonaia bat, orduantxe egongo gara euskaraz lan egiten, seguru.
G. Beraz, ez da katxe kontua.
E. Ez, ez da katxe kontua, gidoi kontua baizik, eta batez ere momentu kontua.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.