Optimistak eta pesimistak
Jainkoak hasieraren hasieran zalantza handiak zituen ea gizona sortu behar ote zuen bere irudi eta antzera. Ez zekien, ez zegoen seguru, gizona berak egindako mundu zoragarri baten erdian jartzea ona ote zen, ez baitzen fidatzen. Eta bere buruarekin ezbai gogorrean zebilelarik, deabrua etorri zitzaion pailazoz antzaldaturik eta hitz lausengariz eta imintzio balakariz esan zion gizona bere irudi eta antzekoa bazen ongi gobernatuko zuela mundua, ez izateko damurik. Eta Jainkoak, jainko banitatez puzturik, jainko ontasunez handiturik, sinetsi egin zuen deabruaren hitzek ziotena, bere buruaren edergarri zirelako, eta gizona ekarri zuen. Berehala damutu zen, baina, deabru barre-egilearen aurrean itsusi ez geratzearren, isildu egin zen eta ezkutatu eta desagertu. Gainerakoa jakinekoa da: deabrua errazago da ikusten Jainkoa baino.
Harrezkero, beti izan dira optimistak eta pesimistak munduan. Baieztapenak, noski, ez du zer ikusirik arrazoimenarekin. Optimistak ez du arrazoi askotxorik behar baikor agertzeko; pesimistak ere ez du aitzakiarik behar ezezkoan ixteko, karramarroa bere maskorrean bezala. Diotenez, Cain pesimista zen, eta Abel, aldiz, optimista. Cainek Abel hil izanagatik ez da pentsatu behar pesimistek optimistak hiltzeko joera dutenik. Pesimistaren ezaugarrietakoa ez baita bestea hiltzea, bere burua baizik. Pesimistak bere buruaz beste egiten duen bezala bere buruaz beste egiten du optimistak. Nabarmena da hori. Hiltzailerik handienak izaeraz eta itxuraz optimistak izan dira: Stalin, Hitler, Mao, Pol Pot... Ustez mundua hobeagoa nahi zutelako gizon hobea egiten saiatu ziren, gizonak hobea izan nahi ez bazuen ere, gizonari berdin bazitzaizkion ere hobekuntzak oro. Buruzagi guztiz argi horiek, optimistak zirelako, pesimismoa, gaizki ikusia ez ezik, krimenaren lurralderaino eraman zuten, estatuaren aurkako krimena bihurtuz.
Batman bera ere galtzaile aterako zen, tamaina horretako pailazo irribarretsuen aurkako borrokan. Batman, heroietan heroiena izanik ere, ez da Joker bezain atsegina. Beltzez janzten da, eta belzturak ikara egiten du, tristura bezain, zergatik geure buruak engaina. Irribarrea, ordea, faltsua edo gaixoa izanik ere, erakargarria da.
Pesimismoa esperantzaren aurkako ekintza zela uste izan dute diktadoreek. Siberiako meategietan pesimistak ugari ziren. Eta horrek lagundu zien zigortuei azkeneraino irauten. Izan ere, ezer espero ez duena ez da asaldatzen eta ez da izutzen esperantza guztiak kentzen dizkiotenean. Lehenean segitzen du, azkenera arte, jakina. Hilkintzak alde batera utzirik, ahal dela, eztabaida eztitsuak izan dira optimisten eta pesimisten artean. Diotenez, Heraklito pesimista sutsua zen; eta Demokrito, berez, optimista beroa. Ez zen soilik izaera kontua, ikuspegiak ere bazuen zer begiratua horretan. Batari alai eta argia begitantzen zitzaion besteak ilun eta tristea ikusten zuen alderdia. Heraklitok giza zorigaitzak ikusten zituen eta Demokrito, bere irribarretik, giza ergelkeriaz zen ohartzen. Zorigaitza ez baita ergelkeria, ergelkeria zorigaitza izan daitekeen moduan, nondik datorren. Ergelkeria litzateke zorigaitzik inon ez ikustea.
Zorigaitza bada, ordea, eta ez da urruti bizi.
Jakintsuak bere hatz luzeaz ilargia erakusten duenean, optimistak ilargia ikusten du eta bere artean aitortzen ederra dela oso, zuria dela oso, eta itsua dela oso, eta pozten da, neurrigabe, halako ikuskizunaz gozatzeko aukera eman izanagatik. Pesimistak, ordea, ilargia erakusten duen hatzaren jabeari begiratzen dio, bada ezpada ere, hatzak ilargia erakusteaz gain, urkaberako bidea ere erakuts bailezake, keinu berean, mugimendu txiki bat egin ondoren.
Pesimista Jainkoaren seme edo alaba da, Jainkoaren beraren seme edo alaba peto. Pesimistak egia non den ez daki, eta, hitz egitean, bere zalantza baizik ez du erakusgarri. Horregatik ihes egiten du jendeak pesimistaren ondotik, legenduna balitz bezala. Eta denborak arrazoi ematen dioenean pesimistari, berandu da berarentzat.
Pesimismoaren ironia. Cassandraren patua.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.