"Idaztean errealitatea deritzogun horretatik aldentzen gara"
Ero hiria da Javi Cillerok (Bilbo, 1961) Reno hirian kokatu duen ipuin liburuaren izenburua. Urrun bizi da (Bruselan zehazki) ipuin-egile trebea dela erakutsi duen egile hau. Lehen liburuan zinemaren eta literaturaren mundua izan zuen hizpide; orain, beriz, pertsonaiak eta bere bizitza galduak hartu ditu protagonistatzat.
Galdera. Arrazoi biografikoak direla medio, Estatu Batuetako eszenatokiak maite dituzula ematen du.
Erantzuna. Hala gertatzen da hein batean. Gainera, arrazoi biografikoak ez ezik, arrazoi literarioak eta zinematografikoak ere kontuan hartu behar dira. Izan ere, hango egile batzuek eta film batzuek aspalditik tira egin zidaten eta inguru horietako bazterrak ezagutzeko bultzada eman. Egia esan, espazio zabal eta zehazgabe bat sortzeko aukera eman didate eszenatoki horiek, Euskal Herriko espazio zehaztuegien aldean. Nolanahi ere, aitzakia ederra da Renon urte batzuetan bizi izana, istorioak kasinoen hirian kokatzeko.
"Errealismo zikina freskotasun handiz hasi zen, baina indarra galdu du eta asimilatu egin da azkenik"
G. Ero hiria mundu txiki baten erretratua da?
E. Mundu txiki bat osatzen dute pertsonaiek, behintzat. Egia esan, idazten hasten garen momentutik errealitatea deritzogun horretatik aldentzen gara, nahiz eta errealitatearekin zerikusia handia izan literatura lan batzuek. Esan dezagun, idazlearen mundutxoaren isla dela liburua, pertsonaiak eta lekuak idazlearen burutik aterata daudelako.
G. Errealismo zikinaren ildoak ikusi dira liburuan.
E. Errealismo zikinaren zertzeladak badaude ipuin batzuen sortze-prozesuan; nolabait esateko, istorio batzuen hazia errealismo zikinetik dator. Halere, ipuinak idatzi ahala, istorioak beste ildo batzuetatik joan ziren, eta esan genezake ipuin askotan komedia eta ironiaren aldera lerratzen direla kontuak. Nire ustez, errealismo zikinari gertatu zaio beste hainbat literatura teknikari edo begiradari bezala. Hau da, fresko-fresko hasi zen, indarra hartu, eta gero estilizatu egin da. Nolabait esateko, asimilatu egin da errealismo zikina, eta koskak atera behar zaizkio estilo horri kontakizun original bat ekartzeko.
G. Badirudi mikrokosmos bat azaldu nahi izan duzula. Horregatik pertsonaiek ipuin batetik bestera egiten dute bidaia?
E. Istorio solteak kontatu ditut, baina aldi berean, oihal handiago bat ehunduz. Hau da, pertsonaiak ez dira agortzen begirada bakar batez, eta horregatik azaltzen dira beste ipuin batzuetan, erdi isilpean bada ere.
G. Reno hiria ez-tokia bezala agertzen da, eta han galtzen dira baita ere pertsonaiak helbururik gabe, etorkizun handirik gabe
E. Ez-tokia kontzeptu hori betidanik interesatu zait. Horregatik, mapan begiratzen dudanean, lekuek eskaintzen dituzten posibilitateak ikusten ditut, eta ez benetan dauden toponimoak edota toki fisikoak. Gogoan dut herri bakoitzak, hiri bakoitzak bere gisako xarma duela, zer edo zer iradokitzen digula norbaitek lekuaren toponimoa aipatzen duenean. Eta esango nuke hein handi batean gure buruan baino ez dagoela xarma hori edo eragin hori, errealitate birtualean, hain zuzen ere.
G. Pertsonaien erretratua da sarkorrena ipuin liburu honetan. Berebiziko arreta jarri duzu haietan?
E. Hollywood eta biok-en argumentuak zeukan pisu gehiena, eta oraingoan berriz, pertsonaiek eraman dute zama handia. Zuk esan bezala, berebiziko arreta jarri diet pertsonaiei, eta honako asmoa neukan: pertsonaia hauekin aldi bat baino gehiago emateko gogoa sortzea irakurleari.
G. Geografia bat baino gehiago geografia moral eratu duzulakoan nago.
E. Ez nintzateke ausartuko esatera moral bat antolatu dudanik ipuin hauetan; egia esan, ez zen hori nire asmoa. Halere, bizitzak aurpegira botatzen dizkigun erronka guztietan hautu bat egin behar dugu, eta hortik dator istorioaren morala. Baina lehengo galderari lotuta, esan genezake etorkizunik ez duen edo etorkizunean pentsatzen ez duen pertsonajeek ez diotela gehiegi erreparatzen moralari.
G. Kontatzeko trebezia nabari da zure lerroetan. Pozik zaude emaitza honekin?
E. Idazten duzunean konturatzen zara ipuinak beti gelditzen direla herren, eta idazlearen eginkizuna beteezina dela. Baina denboraren poderioz trikimailu berriak ikasten dira. Hori dela eta, ipuin bilduma itxuroso bat osatzeko moduan zaude, baina hori irakurleari eskaini ahal zaion gutxienekoa da, ezta? Bada, bai, pozik gelditu naiz liburuak hartu duen tankerarekin, batez ere, hainbat urtetako emaitza delako, eta burutik kendu behar nituen hainbat istorio eta pertsonaia bertan bilduta dauelako.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.