Hendaiako maletak
Hendaiako aduanan bada aspaldiko gela bat, txikia bezain estua, gaur egun inork erabiltzen ez duena eta horrexegatik seguru asko hamaika giltzaz eta beste hamaika giltzarrapoz itxita dagoena. Bertan ehunka maleta daude pilatuta, bata bestearen ondoan, bata bestearen gainean, edo azpian, nondik begiratzen den. Hautsak guztiak jan ez baditu ere, leundu ditu bere eskuaz batzuk, higatu, maiztu eta maspildu besteak. Galdua dute, dagoeneko, lehengo kolorea, erositakoan zeukatena, koloreak galtzen diren lurralde zurian. Ez dago maparik, ordea, lurralde hori non den jakitek. Ez dago tresnarik, neurriak zein diren asmatzeko. Ez dago izarrik, harainoko bidea erakutsiko digunik. Ez dago esploratzailerik, lurralde horretaraino gidatuko gaituenik. Ez dago apaizik, hara joateko bedeinkapena emango digunik. Ez dago soldadurik, haraino lagundu ez ezik, arriskuetatik ere libratuko gaituenik. Hara iristekotan, bakarrik joan beharko dugu, antzina bidaiak egiten ziren bezala, ibilbidea patuaren mende utzita.
Batzuek diote Italiatik zetorrela, eta badira Ingalaterratik abiatua zela baieztatzen dutenak ere, haur eta eroaren sinesmenaz
Gustukoa izan balu kartzelako egonaldia, ez zuen alde egingo, ziegan geratuko zen, altzari zurrun bihurtuz
Begiratzen bazion gizon bati, hark zerbait galtzen zuela sentitzen zuen, batzuetan adimena, askotan lotsa
Era guztietako maletak dira, larruzkoak batzuk, oihalezkoak besteak, plastikozkoak, artilezkoak edo olanazkoak gutxi batzuk. Kartoiz egindakoak ere badira, baita zur finez edo altzairu mehez taxutuak ere. Batzuk dotoreak eta aberatsak dira; beste batzuk ezainak eta pobreak. Batzuk sokaz itxi zituzten; beste batzuk, zilarrezko edo urrezko morroiloz. Bakoitzaren izaerak jabearen nortasuna islatzen du. Horretan zintzoak dira, bederen; ez dute gezurrik esaten. Jabeen izen batzuk baizik ez da gordetzen, eta, maleta bakoitzak bere historia badu ere, gutxi dira guregana iritsitakoak.
Esaten denez, haizeak kalejiran daramatzan hitzetan esan ere, maleta bat, bere garaian larru ederrekoa izana, konde batena omen zen, Laudemonio kondearena hain zuzen eta hain oker. Ihesi zetorren, baina ez jakin nondik. Batzuek diote Italiatik zetorrela, beste batzuek Errusiatik, eta badira Ingalaterratik abiatua zela baieztatzen dutenak ere, haur, mozkor eta eroaren sinesmenaz. Inork ez zuen asmatu nork segitzen zion, edo asmatu bazuen isilik geratu zen, zerbaiten esperoan bezala, esperantzaren esperoan seguru asko. Maleta horretan urrea eta Frantziako banketxeko billeteak omen zeramatzan, Nafarroan sartu eta gerra egin nahi zuten karlistek armak eros zitzaten, arma berri hilgarriak. Inork ere ez daki dirua nondik atera ote zuen. Batzuek diote Errusiako handikiek emandakoa zela, Euskal Herriko erregezaleen artean banatzeko, anaien artean bezala; beste batzuek, ordea, Ingalaterrako banketxe batean ostutakoa zela zin egin zuten, apaiz, itsumutil eta beretterren sinesmenaz. Eta badira ardoaren arintasunaz kondearen fortuna hori Italiako printzesa baten oparia zela diotenak, karlistak gogokoak baitzituen, eta Zumalakarregi are gogokoagoa. Dirutzaren arrastorik ez da inon, ordea. Historiak, bai, beren arinean hegan egiten duten historiak dabiltza buru batetik bestera, belarri batetik bestera, aho batetik bestera. Karlistekin haserretu omen zen, kondeak jeneral izendatzea eskatu eta nafarrek ezezko lodi eta borobila eman ziotenean. Kondeak urrea gorde egin zuela diote urrezaleek, Hendaiatik ez urruti, ezta gertu ere, auskalo non, eta han dagoela oraindik. Erregezaleek, ordea, kondea ito egin zutela goiz batez bainuontzian zegoela, apar gozoz estalita. Ez omen zuen batere sufritu.
Esaten denez, urak berarekin fandangoa jotzera daramatzan hitzetan esan ere, maleta bat, burdina astunez egindakoa, asmatzaile batena omen zen, Asmatov jaunarena, zorrez lepo zegoelako, hartzekodunengandik ihesi etorria. Asmatzailea txekiarra omen zela zioten ezagutu zutenek. Inork ez omen zion ezer ulertzen, hizketan hasitakoan, eta horrexegatik atera zuten asmatzaileak txekiarra behar zuela izan. Hizkuntza ulertezin batez hitz egiteaz gainera, izugarri gustatzen omen zitzaion garagardo arin eta aparduna, garagardo urre-kolorea, garagardo txirrimirria. Txekiarrek garagardo-egile eta edale sona dutenez, inork ez zuen zalantzan jarri Asmatov jauna txekiarra zenik. Burdinazko maletan, ikusezin bihurtzeko formula omen zekarren. Eta airean dabiltzan galderak dira ea halako formula edukita, zergatik ez ote zuen erabili hartzekodunengandik libratzeko. Misterioak, batetik bestera dabiltzan misterioak, mendiak zulatu eta haranak zeharkatu egiten dituzten misterioak, lurra zolitu eta airea garbitu egiten duten misterioak... Aipatzen diren historietan esaten denez, maitasunagatik ez omen zuen formula erabili. Maitasuna, izan ere, hain izanik ikusezin, ikusgarri bihurtzen ditu maitalerik ikusezinak ere. Hendaian zegoelarik, muga igaro eta bestaldera joateko prest, uda oro bainuak hartzera zetorren kondesita batez maitemindu omen zen, Arrosabeltz kondesitaz, eta, ondorioz, kendu egin zitzaizkion ikusezin bihurtzeko gogo guztiak, kondesita ikusi nahi baitzuen hark bera bezala, maitasuna batez ere begien gozamena baita, beste gozamen klase batzuk baztertu gabe: ahoaren gozamena, belarrien gozamena, eskuen gozamena...
Hain zegoen asmatzailea kondesitarekin maiteminduta, galdu baitzuen egunen eta gauen kontua, igaro baitzituen arrazoimenaren eta eromenaren arteko mugak, eta ez zuen jakin, azkenik, bera nor zen eta nor zen bera. Ondorio larriz, ikusezin bihurtzeko formula norbaitek eraman zuen. Ahoberokeriak, berriketarako aitzakiak, solaserako irrikak izango dira, baina badira formula eraman zuena Aireustel lotinanta izan zela diotenak, Arrosabeltz kondesitaren maitale agerikoa, maitaleak diren bezala. Lotinantak ikusezinen armada sortu nahi omen zuen, alemanei eta ingelesei, italiarrei eta serbiarrei, austriarrei eta espainolei egurra emateko. Baina halako armadaren berri izan ez denez, pentsatzekoa da norbaitek Aireustel lotinantari lapurtu ziola Asmatov jaunak sortutako formula, eta seguru aski hortik zehar ibiliko da lapurra bera, oso urruti ez, ikusezin bihurtua, eta gauero, haurrak lotan daudelarik, berauen ametsak zaintzen; edo, bestela, lo egin nahi ez badute, begietara putz eginez, loa arin asko etor dadin. Ikusezinak zintzoak baitira gehienetan, aingeruak. Hori bai, haserretzen badira demonioen modura, hobe urruti egon. Diotenez, hodeiak haizeari kontuz ibiltzeko dioen moduan, Arrosabeltz kondesitak abandonatuta utzi omen zuen Asmatov jauna; abandonatuta, lur jota eta etsipen karratuak erasanda. Handik urtebetera edo, kondesita burutik ezin kendu, harenganako amodioaren sua ezin iraungi, lehen zenaren erdia ere ez zelarik, dena hezur eta dena larru, erabat ero eta erabat hordi, ahanzteko pilulak asmatu zituen. Gero, inork ez du gogoan zer izan zen asmatzaile hartaz.
Batzuek esaten dute, ikusezina barik, mamu bihurtu zela, eta hortik zehar dabilela nortasunez aldatuz: gaur gaiztagin, bihar on-egile; gaur hiltzaile, bihar sendatzaile; gaur beltz, bihar zuri.
Esaten denez, suak dantzatzera atera dituen hitz beroetan esan ere, zur finezko maleta bat iraultzaile porrokatu batena omen zen, Revuelta jaunarena, hain juxtu. Maleta barruan ez zekarren ez planorik ez formularik, ez arroparik eta lurrinontzirik, ez dirurik ez harribitxirik, orriak baizik, orri soil eta arruntak, tinta beltzez bustiak, dena dela. Orriak ez ziren, ez, iraultzara dei egiteko idazten diren horietakoak, dena oihu eta dena negar, ezta oraindik utopia izen eta abizenak dituen lurralde hori deskribatzeko idazten direnak ere. Ez, maletak poemak zeuzkan gordeta, maitasun poemak, kartzelaldian emazteari idatzitakoak. Revuelta jauna mexikarra zen, jaiotzez; izatez, ordea, mundutarra. Europako polizia gehienek, batez ere Prusiakoak, begia emana zioten, eta gobernu gehienek, batez ere Prusiakoak, saria ere eskainia zuten, atxilotzea lortzen zuenari edo atxilotzen lagungarri suerta zitekeenari, eta ez edozein sari. Jasotzen zuenak utz zezakeen mundu hau, eta beste bat erosi ordainean, erosoago bizitzeko. Europako kartzela gehienak ezagunak zituen, batez ere Prusiakoak, eta garbi dago ez zitzaiola askotxo gustatu hango azken egonaldia, ihes egin baitzuen, gau batez, eta denen aurrean, apaiz jantzian. Gustukoa izan balu kartzelako egonaldia, diote gaiari buruz dakitenek, ez zuen alde egingo, ziegan geratuko zen, denboraren mende, bera ere, azkenik, ziegako altzari gogor eta zurrun bihurtuz.
Emazteak, Karolina izenez eta Algarada abizenez, Espainiarako bidea hartu zuen, ez dakigu senarra ahanzteko ala senarraren etsaiak atzean uzteko. Senarra ahanzteko arrazoi asko omen zituen Karolina Algaradak, aspertuta baitzegoen gizonak, emaztearekin sutondoan lasai eta gozo, kontu-kontari eta etorkizunari begira egon beharrez, espetxeetan sartzen zituen orduez, iragan kontuak berritzen, eta gerorako gerorik ere ez uzten. Galdera ordea, batzuetan herrenka eta besteetan kojoka dabilen galdera, hauxe da: non demontre daude orain poema horiek? Taberna-zuloetako jakitunek diotenez, haizeak euriari kontuz ibiltzeko dioen moduan, poema horiek saldu egin omen zizkion iraultzaileak paper zaharrak biltzen zituen judu bati, jakin zuenean emazteak berari ihes egin ziola, berak ere prusiarrei egin zien bezala. Baina ez da segurua. Nola izango da bada segurua? Mihi-luze eta mihi-gaiztoek diotenez, euriak hostoei kontuz ibiltzeko dioen moduan, poema horiek jokoan galdu omen zituen balizko iraultzaileak eta haien galera jasan ezin eta, Hendaiako hondartzan ibili omen zen alderrai eta gero uretan sartu eta galdu. Baina, egia benetakoa, egia berdaderoa, egia egiazkoa da Revuelta jaunaren poema baten berri badugula, Ikerbide filologo eta literatura-aztertzaile txit ezagunak bera sartu baitzuen Euskal Poesiaren Loretxoak izeneko antologian. Hasiera batez poemaren egiletzat Juxto Jokoandia jo zuten, muszale porrokatua izanagatik, ezaguna ez ezik, gorrotatua ere bai herrian. Geroxeago, ordea, Juxtok berak aitortu zuen, oin bat ohean eta bestea hilerrian zuelarik, argitaratutako poema, beste askorekin batera, gizon beltzaran eta bibotedun bati karta-jokoan irabazitako baten itzulpen libre eta sueltoa zela. Galtzaile txarra eta oso txukuna ez zela aitortu zuen, bidaiari, abenturazale eta esperantzadunen sinesmenaz. Itxura denez, BIBA KOMUNA! oihuka hasten baitzen, kartak aldrebes etorritakoan, eta esaten bazioten ere, gizalegez esan ere, tabernan ez zela komunik eta estuasuna izanez gero joateko kanpora gereziondoak ureztatzera, kasurik ez hark eta Parisko Komunaz ari zela erantzun. Lekutakoa! Hauxe da poema:
Zure ahoan txori bat dardarka,
zure hatzetan izarrak saltaka.
Zure bekokian arrain bat igeri,
zure ilean zuhaitz bat ageri.
Aingeru batena duzu ahotsa,
zu entzuteko nik daukat lotsa.
Bila ari naiz zure begiaren,
neureak hantxe gordetzearren!
Esaten denez, zeruak bere koloreak kantatzera daramatzan hitzetan esan ere, oihal gorrizko maleta bat, espioitzan aritu izan zen emakume batena zen. Bettina Betarte zuen izena. Parisen eta Erroman, Moskun eta Berlinen ezagutu zutenek Beginini deitzen ziotela aitortu dute eta zin egin ere bai, miresle, maitale eta gurtzaile sinesmenaz, udako egun bat bezain argiak zituela begiak eta sugearenak bezain hotzak. Izan ere, Bettinaren begiradak barrukoa kanpora ateratzen zuen eta kanpokoa barruan gordetzera bultzatu. Begiratzen bazion gizon bati, hark, berehala, zerbait galtzen zuela sentitzen zuen, batzuetan adimena, besteetan begiramena, askotan lotsa, eta, begirale izatetik, begiragarri izatera bihurtzen zen, guztiz otzan eta esaneko. Horregatik, seguru asko, Europako hiriburuetako emakume ahaltsuek debekatu zieten adiskide, maitale eta senarrei ez hurbiltzeko Bettina Betarterengana. Alferrik, Bettinaren begiak distira egiten zuen, faro baten indarrez, eta berarengana erakartzen zituen bai gizon bai emakume eta gero nahi zuena egiten zuen haiekin, ezerezera botatzen zituen itsasoak hondakinak botatzen dituen bezala, edo, gehienetan, zerbitzari bainoago esklabotzat hartzen zituen eta bere xedeetarako erabiltzen. Horrela lortu omen zuen Europako gobernuek kanporatu nahi ez zituzten sekretu askoren jabetza, ez legezkoa noski, baina bai eskumenekoa. Bettinaren ibilaldiaren berri izan nahi zuenak, eskandaluen albisteak irakurtzea besterik ez zuen egunkarietan. Hiriburu gehienetan utziak zituen arrastoak. Ministro eta jeneral, kazetari eta kardenal, eroriak ziren haren begien sarean. Eta akordura etorri baino lehen eginak zituzten traizio eta lapurretak, iruzur eta hilketak.
Hendaiara iritsitakoan beste izen bat zeukan, lehenaren ordez. Gloria Zerugoiena deitzen zen eta betaurreko beltzez estaltzen zituen begiak. Ezagutu zutenek diotenez, hostoek ibiltari bakartiei kontuz ibiltzeko dioen moduan, emakume lasaia zen. Egunero, arratsaldeko zazpietan mezatara joaten omen zen, dirua pobre eta behartsuen artean banatzen zuen. Batzuek zin egin zuten, jarraitzaile, gogaide eta ikasle sinesmenaz, santa bat zela, zerura joateko jaioa. Beste batzuek, zin egitera ausartu gabe, ozenki aldarrikatu zuten, bekaizti, arerio eta oldarkorraren sinesmenaz, dena trikimailua izan zela, antzerkia, engainua. Halako batean desagertu egin zen, eta batzuek, sinestunek, esan zuten ur gainean ibiltzen ikusi zutela hondartzatik gertu eta galtzen ere bai, argia galtzen den tokian. Santa baten azken miraria zela, beraz. Beste batzuek, sinesgogorrenek, aitortu zuten, ahapeka eta ia lotsatuta, urpekari bat etorri zitzaiola bila ia hondartzaraino eta hantxe joan zela, Ameriketara edo Japoira, ezin jakin zehazki. Maletan zegoenari buruz ere ez dira ados jartzen garaiko lekukoak. François Gerra historiagileak Hendaiako Argia astekarian idatzi zuenez, maleta hartan ezpainak pintatzeko arkatza, itsaso-koloreko lentillak eta argazki makina txiki-txiki bat omen zeramatzan. Uste horren kontra Maurice Gerraondo historiagilea azaldu zen. Hendaiako Itzala astekarian artikulu bat idatzi zuen, iturri ezagun bezain fidagarriak aipatuz, Gloria Zerugoienak maletan Parisko harri koxkor bat, Berlineko ezki-hosto bat, Erromako krabelin bat, lehorra noski, eta Errusiako perla beltz bat zeramatzala.
Esaten denez, olagizonek burdina leuntzeko darabiltzaten hitzetan esan ere, maleta txuri-txuri batean, andregai baten ezkontza-soineko urdina dago, berria oraindik, estreinatu gabea. Ezkontzeko bezperan ihes egin omen zuen, gelan azaldutako tximeleta urdin baten atzetik. Batzuek diote ezkongaia tximeleta bihurtu zela, tximeleta urdin, tximeleta pinpirin, tximeleta ipurtarin.
Esaten denez, zuhaitzak hostoak trikitia joz daramatzan hitzetan esan ere, maleta haragi-kolore batean Arrate Arrabitaren biolina omen dago, mutu betiko. Eta suge-larruzko maleta batean ipotx baten hezurdura. Eta sokaz lotutako maleta berde batean plastikozko loro bat, gezurretako pirata batena.
Hor daude, aduanako gela itxi batean, paradisuan bezala, nork begiz joko, nork iratzarriko, nork eskutik hartuta eramango, nor haietaz gogoratuko, ametsetan bada ere.
Felipe Juaristi
Erre-usaina dator handik / hezur eta ile kiskaliek / busti egin dute giroa / Auschwitz datorkit oroimenera. Hitz horiekin deskribatu zuen Felipe Juaristik (Azkoitia, 1957) nazien kontzentrazio-eremu batean giltzapetutako emakume batzuen samina, 'Airezko emakumeak' (Erein, 2004) liburuan. Gaur egungo euskal literaturaren izenik esanguratsuenetako baten sentikortasunaren lagin txiki bat besterik ez dira bertso horiek. Izan ere, 1985an 'Denbora, nostalgia' argitaratu zuenetik, sentimenduak literatura (bereziki poesia) bihurtzeko berezkotasuna agerian utzi du hogei izenburu baino gehiagotan, horien artean 'Laino artean zelatari' (1993) eta 'Galderen geografia' (1997) olerki-liburuak, eta 'Arinago duk haizea Absalon' (1990) eta 'Ilargi lapurra' (1993) eleberriak daudela. 1998 eta 2000 urteetako Euskadi Saria irabazi zuen, haur literaturaren eta poesiaren ataletan hurrenez hurren; eta 2005ean, Espainiako kritikariena, 'Begi-ikarak' poesia bildumarengatik.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.