_
_
_
_
Reportaje:GAIAK

Hitza laztan bihurtzeko artea

Helduei entzuteko ohitura galdu duen haur belaunaldi berrira egokitu nahian ari dira ipuin kontalariak

Istorioak fantastikoak, errealistak, tristeak, dibertigarriak eta beste hainbat koloretakoak izan daitezke, baina kontalari bakoitzak, bere trikimailu eta sekretuen bidez, kontaketa bakoitza paregabe eta errepikaezin bilakatzeko gaitasuna du. Funtsean, keinuetan, hitzaren aukeraketa egokian, berba bakoitzak behar dituen tokia eta doinua ematean, irrietan, isiltasunetan...Horretan datza esatari bakoitzaren indarra eta artea.

Antton Irusta eta Peio Añorgak 20 urteko ibilbide aberatsa daramate lanbide honetan. Tarte horretan, haurrak, gurasoak eta jostailuak aldatu badira ere, ipuinek, ordea, lehengo xarmari eusten diote eta umeen arreta erakartzen dute oraindik ere, Añorgaren ustez "sentiarazten eta transmititzen dutelako". Honen arrazoia egungo gizartean bizi dugun presazko egoera eta denbora falta dira. "Egun nork du denbora arreta osoz haur batekin egoteko? Umearekin hitz egiteko, entzuteko eta jolasteko? Ipuin kontaketan, aldiz, atentzio osoa eskaintzen diozu umeari eta horregatik du arrakasta. Izan ere, ipuin kontaketan elkar entzuteko espazio bat sortzen da eta egun gero eta gutxiago entzuten diogu elkarri", dio kontalariak.

Keinuetan, irrietan, hitzen doinuan eta isiluneen erabilera egokian datza esatariaren indarra
Egungo haurren informazio iturriak begietatik sartzen dira eta entzuteko zailtasunak dituzte

Umeak heldua behar du alboan, gauzak kontatzen ikasteko, jolasteko eta galdetzeko. Eta korrika eta presaka bizi garen gizartean arreta osoaren jabedun diren espazioak gero eta erakargarriagoak dira umeentzat.

Gizarteak jasan dituen aldaketez gain, arte guztietan gertatzen den bezala, denboraren poderioz hobetzeko nahiak bultzaturik, bilakaera bat jasan du ipuin kontaketak ere. Antton Irustaren ustez, "traje ezberdinak jantzi eta erantzi dizkiegu ipuinei. Hasieran alde afektiboa lantzen genuen ipuin kontaketan eta gero beste hainbat osagarri iritsi ziren, hala nola, antzerkia, marrazkiak eta pailazoak". Hala ere, modalitate guztietan garrantzitsuena istorioa da eta protagonismoa mantendu beharko luke modu guztietan. Ipuin zaharraren naturaltasuna eta alderdi afektiboa aldarrikatzen ditu aditu honek. "Istorioa bera da beti garrantzitsuena, bitartekariak bigarren mailan gelditzen direlarik eta kontalaria ezin da inoiz ipuinaren gainean jarri".

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
SIGUE LEYENDO

Hartara, kontalariak igorle xumea eta apala izan behar du, istorioak garrantzia mantendu dezan. Azken urteetan, ordea, hainbat ikuskari ipuin kontaketatzat jo diren arren, beste izen bat jaso beharko luketela uste dute beteranoek. Irustak dioenez, "oso errespetagarriak izanda ere, ez dira kontalariak; beste bide eta ikuskizunak baizik".

Horrez gain, ipuin kontalariak harreman afektiboa garatu behar du hizkuntzarekin eta "hitzak laztantzeko gaitasuna" izan behar du. Mintzoak dastatzen, aukeratzen eta zaintzen jakin behar du narratzaileak, hitz batek ere espazio berri bat sortu eta zirrara eragiteko gaitasuna eduki baitezake. "Istorio biluzia garrantzitsuena izanik, berba bilakatzen da kontalariaren gainetik garrantzitsuena eta ipuina naturaltasunez kontatzeko hitz eta testuinguru egokiak nahitaezkoak dira", azaldu du Peio Irustak.

Gizartea eta ingurunea aldatzen diren heinean, istorioak ere ingurune berrira egokitu dira; garai bateko ipuin zaharrak mantentzen diren arren, egungo gizarte modernoan eta industrialean errazago egokitzen diren istorioentzat ere ateak ireki dira.

Hala ere, protagonistak eta testuingurua aldatu arren, osagai nagusiak mantentzen dira eta mamia eta egitura berdinak dira. Aldaketen artean, entzuleek jasan dituztenak ere aipagarriak dira, izan ere, egungo umeek ez dute duela 20 urtekoekin zer ikusirik. Irustaren hitzetan, "egungo umeak ez daude entzutera ohituak eta euren memoria garatu gabe dago. Euren informazio iturri guztiak begietatik sartzen dira eta entzuteko zailtasun handiak dituzte". Hortaz, ipuinaren ahalmen nagusia haurrak belarriaren bitartez irudi propio bat irudikatzeko gaitasuna garatzean datza. Egungo umeek, ordea, kontzentrazio arazo handiak dituzte, batez ere irudia nagusi den gizartean bizi baitira eta entzuteko gaitasuna ez baitute garatzen.

Bitarteko egokiak

Ipuin kontaketa ikuskizun xume bat baino, hezkuntzaren beste alderdi bat bezala ulertu behar dela uste dute kontalariek, kontzentrazio eta entzute-gaitasuna garatzeko ariketak direla iritzita.

Hori dela eta, gaur egun, ogitartekoarekin nahiz berandu iristen diren umeei eta gurasoei kontaketa egoki baterako bitarteko batzuk behar direla azaltzen diete kontalariek. Horrela, aita-amei ere entzuteko gonbitea egiten die Antton Irustak, sarritan "oso aberasgarria" izaten baita beraientzat. Horrez gain, kontaketa ingurune eta baldintza egokietan garatzeak garrantzi handia du profesional hauentzat. Peio Añorgaren arabera, "isiltasuna beharrezkoa kontsideratzen dut nik; elkar entzuteko espazioa eta intimitatea sor daitezen baldintzak eta egoera nahitaezkoak dira". Kontalariak zuzenean iritsi behar du entzulearengana, sinpletasunean oinarritua. "Horregatik nik adibidez ez ditut jada plazatan ipuinak kontatzen, istorioak batez ere entzungarria izan behar baitu".

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_