Hatxea zela eta ez zela
1970 izango zen, azaroaren hasieran, Domu Santuen festaren inguruan, Durangoko azoka bezperan. Ordurako eskatua genuen bertan guk argitaratutako liburuak saltzeko baimena eta trukean ezezko borobila jaso genuen.
Talde horren atzean Lur Argitaletxea zegoen. Horrek bildu ginduen Ramon Saizarbitoria, Ibon Sarasola eta neroni, bezpera euritsu hartan, Durangoko kaleetan, batez ere elizaren inguruko bazterretan. Tarteka euria egiten zuen eta hori gure asmoen kontrakoa zen.
Orduan azoka elizaren atarian egiten zen, arkupetan. Han biltzen ziren euskaraz egindako liburuekin zerikusia zuten guztiak eta gu ere horretarako ari ginen lanean, gure liburuak bestenekin batera saldu ahal izateko.
Gau hartan argitaletxearen izena idatzirik zuten kartelak jarri nahi genituen paretetan. Ez diguzue gure liburuak saltzen uzten, baina gu, hala eta guztiz ere, argitaletxe bat gara. Antzeko zerbait zebilen bueltaka gure buruetan egun haietan.
Dozena erdi kartel jarri baino lehen etorri zitzaizkigun udaltzainek eta inguruan zegoen komisaldegira bideratu gintuzten, zakarkeriarik gabe, han argitu behar genuelako ze demontre ziren kartel haiek. Esan beharra dago berehala ulertu zutela ze txori klase ginen eta kartelak besapean hartuta egin genuen alde minutu gutxiren buruan.
Biharamunean, goizean goiz, han zeuden oraindik guk jarritako kartelak, zuri hondoan eta berde letretan. Gainera, Xabier Gereñok bere mahaiaren zati bat utzi zigun Lur-ekoei eta haren babesean liburu mordoska saldu genuen eta, oraindik miresgarriago, hainbat irakurlerekin harremanetan jarri ginen.
Guk argitaratutakoak liburu onak edo txarrak ote ziren, hori ez zen kontua. Kontua da nola idatziak zeuden liburu horiek, euskararen batasunaren alde edo kontra ote zegoen egilea.
Gu alde geunden, Aresti gidari genuela, guztiz batasunaren alde, zehazkiago, Euskaltzaindiaren arauak jarraitzeren alde. Hatxezaleak omen ginelako ukatu ziguten urte hartan mahai bat Durangoko azokan. Gaurtik ikusita, gertakizunak txistea dirudi, baina oso grazia eskaseko txistea.
Askotan esan ohi da gutxi batzuek jardun zutela Francoren kontra, ez kondairak dioen jendetza ugaria. Gutxiagotan aipatzen da, berriz, pertsona mordoska haren artean ez zela guztia senidetasuna eta elkar-laguntza izan, liskarrak ez zirela euskaltzaleen eta estatuaren artean soilik gertatzen.
Norbaitek aztertu behar lituzke hatxea zela eta ez zela egin ziren gehiegikeriak, banatu ziren zigorrak. Azkenean batasunak aurrera egin zuen eta, pelikulatan bezala, bukaera eder batek hobetu egiten du historia osoa. Gaur euskara batua ez da eztabaidagai.
Hurrengo urtean bai, hurrengokoan utzi ziguten gure mahaia jartzen eta han bildu ginen, arkupearen babesean, argitaletxean lan egiten genuenak: Enrique Villar, Ramon Saizarbitoria, Ibon Sarasola, Xabier Kintana... Arestiren eskutik mutil gazte bat etorri zen kantatzera arkupe hartara. Natxo de Felipe zen gitarra eta guzti, sasoi hartan Bartzelonan ikasten zuten euskaldunei zerbait esan nahian.
Gero jakin nuen arkupetik beste leku hobera pasa zutela azoka. Baina pasako ziren gutxienez dozena bat urte berriro Durangoko azokara azaldu gabe eta hori gertatu zenean, hasierako urte haien irudiak oraindik bizirik zeuden burmuinean. Gauza da ia-ia Franc-furteko feriaren pareko iruditu zitzaidala Durangokoa, glamourrez betea. Urte gutxi horietan heldua zen glamourra, are euskal literaturaren artaldera. Argazkiak, telebista kamerak, autografoak, kazetariak, txaloak, hasierako urte haietan ametsetan ere bururatzen ez zitzaizkigun baldintzak.
Eta Durangoko azoka gure literaturaren bihotzaren erdian dago, duela 30 urte zegoen bezalaxe.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.