_
_
_
_
_
Gaiak
Columna
Artículos estrictamente de opinión que responden al estilo propio del autor. Estos textos de opinión han de basarse en datos verificados y ser respetuosos con las personas aunque se critiquen sus actos. Todas las columnas de opinión de personas ajenas a la Redacción de EL PAÍS llevarán, tras la última línea, un pie de autor —por conocido que éste sea— donde se indique el cargo, título, militancia política (en su caso) u ocupación principal, o la que esté o estuvo relacionada con el tema abordado

Bilbo literaturan

Ez da erraza adierazten zer irudi duen hiri batek. Baina azaldu dezakegu zein irudi agertzen duen hiri batek literaturan. 2000. urtean Bilboko Udalak ipuin liburu bikoitza atera zuen: Bilbao, almacén de ficciones deitzen zen gazteleraz idatzitakoa, eta Bilbao, ipuin biltegia, euskaraz idatzitako bere anaia bikia. Biak Bilbok ospatzen zuen bere jaiotzatik betetzen ziren 700 urteak gogoratzeko asmoz argitaratuak.

María Bengoak eta Pedro Ugartek osatu zuten gazteleraz idatzitako liburua eta lerro hauek sinatzen duenak bigarrena. Asmoa bat eta bera zen: Bilboko idazleak bildu eta haien ipuinak argitaratu. Ez dago esan beharrik ospakizun nahiak betetzen bazuen ere asmoaren bidea, ez zitzaiela idazleei oztoporik jarri eta bakoitzari bere idazkeraren berri emateko eskatu zitzaiela. Bakoitzak, beraz, askatasun osoa zuen berak nahi zuena emateko bilduman argitara zedin. Batzuk Bilbori buruz idatzi zuten, eta ipuina hirian kokatu zuten, beste batzuk, aldiz, bere estiloa zaindu -edo zapuztu, horrelakoa egin zuenik ere baitago- eta ipuina beste espazio batean kokatu zuten.

Banuen susmoa ipuin liburu biotan bazela Bilbori buruzko irudi nagusi bat, ez idazle batek edo beste batek ematen zuena, baizik eta Bilboko idazle nagusi batek agertuko zuena.

Gazteleraz idazten duten idazleak kontutan hartzen baditugu, lehen ondorioa zera da: gehienek ez dutela ipuina Bilbon kokatzen, beste espazio batzuk maite dituztela, azken batean: Madril, edo Vietnam, edo Marbella eta Mexiko, berdin da, exotismoak baduela jokorik, horixe da lehen ondorioa. Baina bilduman agertu ziren hogeita hamahiru idazleen lanaren artetik bederatzik hartu zuten hiria bere pertsonaien kokagune gisa. Euren hiria Gran Viako hiria da, Plaza Borobiletik Eliptikora doan hiria, Finantzen tokia, bankuen kokalekua, politikaren sinboloen kalea (Diputazioa, Gobernu Zibila). Idazle batek esaten duen moduan, "Bilbo elegantea" da gazteleraz idazten duen batek agertzen duena.

Euskal idazleek, ostera, beste irudi bat agertu dute. Gazteleraz idazten dutenek baino presenteago dute Bilbo ipuinen kokalekua agertzeko orduan. Esan dezakegu bildumaren ospakizun joeraz askoz ere prestuago egon zirela ipuina agertzeko zenean. Baina ez da banaketa bakarra. Gaztelerazkoek Bilbo burges bat agertu zuten artean, euskarazko idazleek nahiago izan zuten Kasko Zaharra, Zazpi Kaleak, Hiri Zaharra agertu. Datu txiki bat baino ez da, baina oso esanguratsua, gerora narrazioaren norabideak aldatuko dituena.

Canclini antropologoak hiru lau hiri mota desberdindu zituen: historikoa, gune politikoa, industriala eta komunikazionala. Bada, lau horiek kontuan hartuz gero, honelako joerak aurkituko genituzke gure idazleek agertu izan duten Bilbo honetan: gaztelerazko idazleek Bilbo gune politikoa adierazi izan dute, eta euskal idazleek, ostera, historikoa eta territoriala. Zazpi Kaleak aukeratuz, eta batzuk ez dute ahaztu han gertatu ziren uholdeak, joera apokaliptikoa emanez hiriari, sinbolo historikoa landu dute euskal idazleek.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

Baina, paradoxa bat ere gertatzen da idazle multzo bien artean. Zeren euskal idazleak askoz ere biziago agertu dute urte horietan gertatu den hiriaren aldaketa. Gaztelerazkoek, adibidez ez dute Guggenheim Museoaren berri ematen, bitan bakarrik aipatzen dute eta beste batean ipuinaren kokaleku bihurtzen da. Euskal idazleek, ordea, ipuin bitan jarri dute espazioaren fokoen pean, eta bere garrantzia adierazi dute. Joera historikoa mantendu dute bai, baina hiriak dituen aldaketak oso kontutan hartuz, horra bigarren desberdintasuna euskaraz eta gazteleraz idazten duten idazleen artean.

Dena dela, hiria topografia bada, eta neurri berean, soziologia, pertsonaien aurkikuntzetarako tokia, sinboloen gurutzbidea eta ideologiaren agerleku, ipuin molde horietan Bilbok badu presentzia berezia, fotoetan baino garbiago agertzen dena.

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_