Martutenetik nora?
Gaiak
Imanol Larzabal hil da. Etxetik urrun. Euskal Herritik urrun. Euskaditik urrun. Kantariei dagokien bezala. Olerkarien bertsoak musikan entzuleei, entzuteko prest dagoen edonori eskaintzeko borondateak eramanda: edozein bazterretan egon daitezke entzule horiek, edozein bazterretan dago olerkari baten bertsoak eta hitz ederrak gozatzen dituenik. Edonon egon daiteke kantari baten, olerkari baten etxea eta aberria.
Bainan Imanol ez zen bakarrik kantari, eta ez zen kantari bezala bakarrik etxetik urrundu, Euskaditik. Behar ez zuena kantatu zuelako, behar ez zuen tokian kantatu zuelako, behar ez zenari kantatu ziolako ihes egin behar izan zuen. Etxean mehatxuak jaso zituelako. Euskadin berarentzat tokirik ez zegoela erabaki zuelako norbaitek. Hainbeste jabe dituen Euskadi honetan berarentzat tokirik ez baizegoen, itxuraz. Beste askorentat ez dagoen bezala. Nahiz eta gizartearen gehiengoak ahazturik duen bere baitan horrelakorik gertatzen denik.
Azkena Gasteizen elkartu ginen. Euskaldun batzuk erahildako beste euskaldun baten gogoratze egunean, Fernando Buesaren omenaldi batean. Imanolek zekiena egin zuen: kantatu. Eta kitarra hartu eta beste norabaitera joan. Bertsoek eta mehatxuek eraginda. Hura izan zen elkar ikusi genuen azken aldia.
Aurrenekoa berriz 1968an, Martuteneko kartzelan. Gaztetasuna eta ilusioa nagusi genituen garaietan, nahiz eta kartzelan egon. Eta orduan ere Imanol kantari. Ilunabarretan, jada joana zaigun beste bere lagun batekin bikotea osatuz, kantaldi ederrak eskeintzen zizkiguten askatasunaren itxaropenaren sostengu.
Eta handik aurrera, politikan beti agindutakoaren kontra bidea eginez, inon betirako etxerik aurkitu ezinean -ez adreiluzkorik, ez espirituzkorik-, erbesteratuaren izaera oinarri bakar izanik, bainan beti kantuan: olerki zaharrak, olerki berriak, bakarrik eta bikotean, gaurkoak eta Gurutzeko Done Joanenak.
Amaitu zaio ibilbidea Imanoli. Ez du jada ihes egin beharrik edukiko. Itzul daiteke etxera mehatxu egin ziotenek nahi zutena etorri zaiolako. Itzul daiteke lasai ez diotelako gehiago gaitzik egingo. Eskubideak hitzetik hortzera darabiltzan gizarte honetan, betiereko nortasuna eta milaka urtetako agizko identitatea etengabe ospatzen diren gizarte honetan, oparotasunean -ez bakarrik ondasun materialen oparotasunean, baita botere politikoari eta bere identitatea zaintzeko aukerei dagokien oparotasunean- bizi den gizarte honetan, eta hala eta guztiz ere hil edo biziko arazoak asmatu behar dituen gizarte honetan oraindik zenbaitek erbestean hil behar du. Eta hilda bakarrik egin dezake etxerako bidea.
Ez zen hori eskierki Martuteneko ilunabar haietan Imanolek amesten zuena. Nork esan behar zion orduan Euskaditik ihes egin beharko zuekeenik eta hilda bakarrik itzuliko zenik? Askatasunaren preziorik garestiena pagatu behar izan du, orduko kartzela egunak baino garestiagoa. Imanoli zuzenean eta fisikoki jada inork gehiago kalterik egingo ez badio ere, bere askatasun egarriari, eta pagatu behar izan duen prezioari, barre eta iseka egingo dionik ez da faltako, esango baitu oraindik norbaitek berak pagatutako prezioa eta eraildako guztiek pagatu duten prezioa ez dela ezertako kontutan hartu behar euskal gizartea definitzerakoan, definizio hori erabaki daitekeela historia horiek guztiak ezertarako kontutan hartu gabe, gertatu ez balira bezala, zori pertsonal banako hutsak izan balira bezala, baina inolako esanahi publikorik, politikorik gabekoak, nahiz eta politika izan erro-errotik prezio hori ordainarazi diena.
Hilik ere erbestean jarraitu beharko duzu, Imanol, gizarte honen jabe direla uste dutenek ez dizutelako, ez bizirik, ez hilik, zuri eta zure askatasunari tokirik egingo euskal gizartean!
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.