Ez dakit zergatik
1937ko abenduaren egun batean, Pariseko kaleetatik lagun batzuekin batera paseatzen ari zela, Samuel Beckett idazle irlandarrak labankada bat jaso zuen ezustean. Hogeita hamaika edo hogeita hamabi urte zituen orduan. Nozitutako zauria oso larria izan zen, Beckett hiltzeko zorian jartzeko modukoa. Laguna zuen James Joyce ospitalera joan zitzaion berehala. Handik irten ondoren Joycek bere semeari idatzi zion: "Beckett ozta-ozta salbatu da".
1938rako Beckett poema batzuk eta pare bat liburu zituen argitaratuta. Horien artean ezagunena Murphy, egilea ospitalean zegoela plazaratu zena. Baina ez zen inondik ere gerora bilakatuko zen ospeko idazle abanguardista, 1969an Literaturako Nobel Saria jasoko zuena, Molloy, L'innomable eta En attendant Godot bezalako lanak idatzi eta gero. Pentsa liteke, gauzak gehiegi bortxatu gabe, Becketti buruz orain ez genuela hitz ere egingo, 1937an, zoritxarreko labankada haren ondorioz, idazlea hil egin balitz. Beste askoren aldean, segur aski, Beckettek egundoko zortea izan zuela, azken finean, esan genezake halaber.
Sendatu zenean, idazleak egin zuen lehenbiziko gauza kartzelan zegoen erasotzailearengana joatea izan zen. Labankadaren arrazoiaz galdetu nahi zion ("zergatik egin zenuen hori?"). "Je ne sais pas, monsieur", esan zion harek, ez zekiela zergatik erasotu zuen, ez zuela hori egiteko arrazoirik, ez berezirik ez inolakorik. Erostratok garbi zekien zertarako eman zion sua Artemisen templuari, historian tokitxo bat nahi baitzuen, erabat gaitzesgarria izan arren (bai eta lortu ere, haren izena ahaztu eta isilarazteko Atenasek hartu zituen neurriek eta biztanlegoaren esfortzuek emaitzarik ekarri ez baitzuten), baina Becketten erasotzaileak ez, bere bidean aurkitu zuen lehenengoari, edo bigarrenari, edo azkenari, labana sartzea erabaki zuen bere eroaldian bestela eroa ez zen gizon hark.
Denbora askorik galdu gabe egingo genuke zorte gutxiago izan duten idazleen zerrenda bat, gazteegi hil zirenen obituario txiki bat. Agian horietako batzuek askoz ere ospetsuagoak izateko aukera galdu zuten -edo kendu zieten- betirako, hori esateak fikziozko eta balizko munduan bete-betean sartzea dakarren arren, baina estatistika soilari helduz gero, banaka batzuk behintzat orain diren baino ezagunagoak izango zirela esateak ez dirudi gehiegikeria.
Nolanahi ere, Becketten bizitzaren pasarteak azaleratzen duen arazo nagusia -horrela ulertu zuen Beckett berak- beste nonbait da, gizakiak noizbehinka (edo sarritan) erakusten dituen portaera ulertezin eta zergatirik gabeko ekintzetan, batez ere beste gizakien aurka bideratu eta gauzatzen direnetan. Arrazoirik ez dagoen lekuan ez dago ezer aurreikusterik. Kalean zoazela, erabat ezezaguna den pertsona bat gerturatzen zaizu eta, erreakziorako astirik eman gabe, belarriondoko zaratatsu bat ematen dizu, lasterka urrundu baino lehen. Zergatik? Erasotzaileak ere ez daki. Errepidean gure eremutik goazela, kontrako norabidean datorren autoaren gidariak guregana egiten du bat-batean, eta ez doa lo, zuzen-zuzen, zealdorik gabe, hurbiltzen ari baitzaigu. Zorteak soilik salbatuko gaitu orduan, edo abileziak, maiz zortearen beste izen bat besterik ez den ezaugarri horrek. Zer dela eta gertatu zaigu? Godoten mezulariak ere ez du jakingo hura noiz agertuko den edo zergatik atzeratzen ari den, behin eta berriz, haren etorrera.
"Je ne sais pas pourquoi". Gizakiaren barne-amildegira begiratzeko balkoi txiki bat eskaintzen dizkigute portaera ulertezin horiek, baina egia da ezer gutxi argitzen digutela, gehienetan lehen baino harrituago eta batez ere ikaratuago uzten gaituztelako, irrazionalitatea ez baitago kontrolpean jartzerik; hauxe da bere indar nagusia eta krudelena. Egon badago, ordea, eta hori kontuan hartzera behartuta gaude, nahitaez. Ukatzea, berriz, inozokeria hutsa besterik ez da: ikusi nahi ez baldin badugu ere, hor egongo da, gure aurrean eta milaka ustezko arrazoiz apaindutako bortizkeriaren ondoan, gizakiaren zergatirik gabeko basakeria.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.