_
_
_
_
Reportaje:

Arazo zaharrei irtenbide berriak

Maila handiko hizkuntzalariak dauzkagu eta orain arte aztertu ez diren gaiak jorratzen dira

Gaiak

Euskal gramatikagintza bide onetik doa eta aurrerapauso handiak ematen gabiltza azken urteotan. Hizkuntzalari talde gero eta zabalagoa eta sendoagoa ari da osatzen eta hizkuntzalaritzaren teorian egiten ari diren azterketek gero eta eremu zabalagoak ukitzen dituzte'. Hauxe da Pablo Albizuk Euskal Gramatika XXI. mendearen atarian: arazo zaharrak azterbide berriak izenburuko ikastaroaren zuzendarietako batek uste duena. Joan den uztailaren 15 eta 16ean Donostiako Miramar Jauregian izan zen Pablo Albizuk eta Beatriz Fernandezek Azuzendutako ikastaroa, Euskal Herriko Unibertsitateko XXI. Uda Ikastaroen egitarauaren barnean.

'Egungo hizkuntzalariak orokorrean eta euskaldunak partikularrean, oso ongi prestatuak daude nahiz eta ezin dugun gure aurrekoen meritua gutxietsi, beraien lana baita gurearen abiapuntu. Hala nazio mailan bai eta nazioartekoan ere, prestigio handiko hizkuntzalariak ditugu eta orain arte aztertzen ez ziren gaiak jorratzen dira'. Hauxe da Pabloren aburuz izan den ikastaroaren ondorio azpimarragarriena. Teoria linguistiko berriaren tresneria euskarari aplikatzeko ahaleginean, euskal gramatikagintzan emandako aurrerapausoak handiak izan dira.

Albizuren hitzetan 'euskararen zenbait fenomenori azterbide berriak ezartzen saiatu gara. Gramatika sortzailearen teoria 1950. urtekoa izanik bilakaera ugari jasan ditu eta egun 1995. urtean hartutako bere azken formaren arabera euskarara aplikatzen saiatu gara. Egun milimalismoaren teoria aplikatu dugu; funtsean, hizkuntzaren gaitasuna jaiotzetik guztiok dugun gaitasun bat dela dio. Era berean, gramatika unibertsal baten existentzia defendatzen du, eta hizkuntza ikastean, gramatika unibertsal honen zenbait parametro ezartzen ditugu'. Teoria hau euskal gramatikaren arazo zaharrei aplikatu diete ikastaro honetan zehar, ikuspegi linguistikotik interesgarri izan daitezkeen arazoak.

Tradizionalki, euskararen ezaugarrietako bat ergatibotasuna da eta gai hau Itziar Landak aztertu zuen. Bestalde, hitz-hurrenkeraren, hots, hitz ordenaren inguruan ere kezka eta arazo ugari sortu izan dira euskararen inguruan. Horren inguruan, Arantzazu Elordieta eta Jon Ortiz Urbina aritu ziren. Entonazioaren gaia ikuspegi fonetiko batetik ere aztertu zuen Gorka Elorrieta irakasleak. Ipar bizkaierako entonazio sistema aztertu zuen hizlariak, euskara munduko hizkuntzen tipologia batean kokatzeko ahalegina ere egin zuelarik. Beste gai bat izen sintagmaren egitura izan zen, azken urteetan asko konplikatu den egitura. Konplementazioaren alorrean beste hizkuntza batzuetako proposamenek balio dutela irakatsi zien bertaratutakoei, teoria linguistikoan modifikazio batzuk eginez. Azkenik Myrian Uribe-Etxeberriak denbora aztertu zuen, orainaldia eta lehenaldiaren azterketa, hain zuzen ere, sintaktikoki denbora erlazioak nola aztertzen diren.

Ikastaroan 111 ikasle izan ziren nahiz eta 50 baino gehiago ez zuten espero antolatzaileek. Hasieran espero ez zen ikasle mota bat gerturatu zen ikastarora. Unibertsitateko ikasleetaz aparte, ikasle nahiz irakasleak, hizkuntzalaritzan espezializatuak ez diren asko ere joan ziren. Pablok azaldutakoaren arabera 'horregatik ikastaro hau ikuspuntu pedagogiko batez egin nahi izan da, gramatika mundua ezagutzen ez duten haiei ezagutarazteko'.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
SIGUE LEYENDO

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_