'Euskaltzaindiak euskaldunok ematen diogun indar morala dauka'
Andolin Eguzkitzak, Aita Villasante euskaltzain osoak Euskaltzaindian utzitako eserlekua bete du. 1953. urtean jaiotako santurtziarrak, 15 urte zituela, birraiton-amonen hizkuntza ikastea erabaki zuen. Egun bihotzeko hizkuntza du euskara.
Galdera. Euskaltzain oso izendatze ekitaldia izan zenuen joan den otsailaren 23an Santurtzin. Nola gogoratzen duzu ekitaldia egun batzuk pasa ostean?
'Euskara ikasten hasi nintzenean nire hizkuntza izango zela erabaki nuen'
'Elebidun izateko, erdaldunak euskara erabiltzera behartuak sentitu behar dira'
Erantzuna. Ekitaldi hunkigarria izan zen. Hilabete bi prestatzen eman nituen eskaini nuen mintzaldia. 'Xalotasunaren laudorioa' izenburuko mintzaldiak hiru atal zituen: lehenengoan, gure aurreko santurtziar eta bizkaitarren lana gogorazi nahi izan nuen. 'Aita Villasanteri goratzarre' zen bigarren atala. Gizon jakintsu honek euskal literaturari eman diona aipatu nuen, sorkuntzako idazle ez izan arren, gizon honek zuen prosa idazteko modu izugarria goraipatu beharra nuen. Hirugarren atalean, Aita Villasanteren giza balioa aipatu nuen: gizon honen handitasunean haren xalotasunak eta apaltasunak balio handia zuten. Bizitzan gutxitan izaten diren egun horietako bat izan zen.
G. Aita Villasante ezagutu zenuen. Nolakoa gizona zen?
E. Gizon jakintsua, apala eta xaloa zen.
G. 1953. urtean Santurtzin jaio zinen. Enkarterrietako euskaltzain oso bakarra zara, ez?
E. Enkarterri osoetan ez dago euskaltzain osorik, ez urgazlerik, ez eta ohorezkorik. Gure aurretikoek euskal kulturaren eta Euskal Herriaren alde egin duten guztiagatik nago, egun, nagoen tokian. Bestalde, oso zorte handiko pertsona izan naiz ikasketak burutzeko aukera izan dudalako. Euskal Herrian, Salamancan, Alemanian eta Estatu Batuetan izan nintzen eta honek gauza asko ikasteko aukera eman zidan.
G. Salamancan Koldo Mitxelena ezagutzeko aukera izan zenuen.
E. Urtebete berarekin lan egitera joan nintzen eta irakasle sokratiko bat izan nuen, hots, elkarrizketa luzeak izaten genituen eta harengandik ikasten ematen nituen orduak. Oso gizon jakintsua eta berba egitea gustatzen zitzaiona zen, horrela ikasi nuen berarekin.
G. 15 urterekin hasi zinen euskara ikasten. Zerk bultzatu zintuen hizkuntza hau ikastera?
E. Gurasoen kontzientzia politikoak bultzatuta euskara ikastea erabaki nuen. Ikasten hasi nintzenean, unibertso bat aurkitu nuen, politikarekin zer ikusirik ez zuena. Euskara nire hizkuntza zela erabaki nuen. Ordutik bizkaiera literarioa da nire hizkuntza.
G. Euskaraz bizi al zara?
E. Bai, ahal dudan neurrian. Nire bizitzan eta bakarrik naizenean bizkaiera literarioan mintzatzen naiz. 12 urte kanpoan eman nituenean, nire buruarekin euskaraz egiten nuen. Itzultzean jendea harritzen zen euskara galdu ez nuelako baina nik nire gauzak hizkuntza honetan egiten ditut euskara baita nire bihotzeko hizkuntza.
G. Euskara oraindik Euskal Herrian zaindu beharreko haurtxoa al da?
E. Hizkuntzak ikuspuntu teknikotik aurrerapen izugarria egin du. Ikuspuntu soziolinguistikotik ordea, asko dago oraindik zaintzeko. Nafarroan eta Iparraldean, euskaldun jendeak haren seme alabei hizkuntza erakustea lortu behar dugu, Bizkaian eta Nafarroan gertatu zen moduan. Bestalde, Nafarroan gertatzen ari dena ikaragarria da. Gobernua etengabe euskararen aurka dekretuak ateratzen ari da. Orain dela hilabete epaitegi batek esan behar izan zion Nafar gobernuari seinaleak elebidunak izan behar zirela. Euskaltzaindiak euskararen osasuna zaindu behar du eta alor horretan, eskubide urraketak publikoki salatu ditzake. Ez da ordea, alderdi politiko bat eta elkarrizketa mantendu behar du.
G. Zer egin dezake Euskaltzaindiak urraketa hauen aurrean?
E. Euskaltzaindiak indar morala du eta euskaldun jendeak ematen dion indarra. Euskal erkidegoak, Euskaltzaindia euskararen gotorleku kontsideratzen du. Zentzu horretan euskaldun jendeak ematen digun indar morala dugu. Horrez gain, EAEn eta Nafarroan Euskaltzaindia euskara aholkulari eta hizkuntza mailan arau emailea da.
G. Iparraldeari dagokionez zer egin dezake Euskaltzaindiak?
E. Euskara belaunaldiz belaunaldi galdu behar ez den altxorra dela ikusarazi behar diegu bertakoei. Zer edo zer egiten hasi dira, Euskararen Kontseilua onartu baita baina de facto ez da ezer egiten. Guztiz funtsezkoa da euskararen ofizialtasuna onartzea, euskaldunek duten konplexua gal dezaten.
G. Euskararen erabilera esparru guztietara zabaltzea da beste erronka bat.
E. Horretan datza euskararen osasuna. Eragin sozial eta politikoak beharrezkoak dira. Herri txiki bat gara eta beti izango ditugu hizkuntza indartsuak gure alboan. Alde batetik maila pertsonalean herriarekiko eta hizkuntzarekiko atxikimendua landu behar ditugu: hizkuntzaren plazerra sentitu, euskararen alde egotea bizitzaren alde egotea baita niretzako. Bestalde, politikoki eraginez, hizkuntza erabiltzea lortu behar dugu. Belaunaldi aldaketarekin elebidunen kopurua gehitzea lortu behar da eta hori erdaldunak euskara erabiltzera behartuak sentitzen direnean lortuko dugu.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
¿Tienes una suscripción de empresa? Accede aquí para contratar más cuentas.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.