Nitanoz beste egin zuen maisua
Bada puntu bat, gizarte bizitzaren ostertzean, gehiegia eta ezereza berdintzen dituena: informazioa. Behinola Afrikako kostaldean itsasoa zulo batean sarrarazteko esperantzan ari zen mutikoaren tankeran bizi gara, mami hutsaleko albiste-borrastean. Are okerrago, galduxea dugu Hiponako haurrari argibidea eskaini zion aingeruarenganako sinestea -eta atxikimendua-. Eta ondorioak bere horretan ahituko balira, sikiera... Gehiegi dakigu zaharraren zaharrez lurreratutako orbelaz, eta askoz gutxiago hostoak arbolari lotuak eusten dien indarraren nondik norakoaz eta zertasunaz. Kultura eta herrigintza dira, jakina, lehenbiziko kaltetuak, belaxkatu egin baitzaizkigu, esku ahurretan, zehaztasun eta -barka- konpromisoarekiko grina, eta neurririk gabe puztu zaigu, isolamendu burrundatsuak gortu gaituen heinean, 'ni' izenordea, ezinbesteko aterpe eta hazpide izan behar lukeen 'gu' horren kaltetan.
Bestelakoa zen oso Koldo Mitxelenaren jarrera jakite, sorkuntza eta bizitzaren aurrean. Eta ez soilik idazteko unean, baita duintasunez bizitzeko beharrezkoa den jakituria urratsez urrats sortzeko eta elikatzeko garaian ere. Izan ere, belaxkatik izpirik ez duen barne indar batek bultzatuta sortu, ikertu eta idatzi zuen Errenteriako eta nonahiko maisuak. Bizi izan zen bezala, alegia.
Oso gazterik jakin zuen Mitxelenak gizakiaren oztopo eta mugen berri. Eguneroko lanaren nekeekin batera osatu behar izan zuen ikasketen oinarrizko bidea, eta gerra zibilean, zilegitasun demokratikoaren aldeko konpromisoak hartaraturik, 'gerraren zentzugabekeria' lubakietatik bertatik ezagutzeko parada izan zuen. 'Hitz ederrak eta arrazoibide argiak deus gutxitarako direnean, artean nabari ez zen zerbait sor daiteke gizonaren erraietan, onerako nahiz txarrerako. Bake egunetako leialtasuna ez bezalakoa behar da orduan eta egunoroko eginkizunak egiteko behar den baino bihotz finagoa', esan zigun bere lehen kartzelaldia, sei urtekoa, hasi eta hogeita bat urte geroago.
Ez dut uste leialtasun eta bihotz fineziaz askorik erakutsiko ziotenik guztira zortzi urtez luzatu zitzaizkion kartzelaldietan borrero izan zituenek. Berezkoa behar zuen, edo, bestela, inguru oldarkor batean goritutako gizalegeak erakutsia.
Entzun diezaiogun: 'Ea, 'nitanoz' mintzatu behar badut ere, neure burua edertzeko grinari amore larregirik ematen ez diodan', eta, beste pasarte batean: 'Ez nuke 'nitanoz' edo 'nika' sobera ari nahi'. Hala mintzatzen zen gizonak guztiz barneratua behar zuen, bistan denez, 'gu' baten kontzientzia, eta etengabean agertzen du Mitxelenak horren arrastoa. 'Gu' hori zein den ere zehazten du han eta hemen, eta ez soilik espazioan, baita denboran ere. Izan ere, Salamancako zein Euskal Herriko Unibertsitateetako irakasle, euskaltzain nahiz idazle, hizlari, euskaldun eta eleanitza nahi zuen herri bateko seme soil, ez zuen sekula iragana, oraina eta etorkizuna ehuntzen dituen lokarria eten nahi izan, 'loturik naukan hari horri eutsi beharrean suertatzen' baitzen. Ez zuen, askok ohi duten bezala, Historia gerarazteko premiarik, hari eta geroari buruz teorizatu ahal izateko.
Lokarria, antza, zama astuna bilakatu zitzaion inoiz, baina konpromisoaren zentzua ez zen Mitxelenarengan boladako edo boladaz kanpoko komenigarritasunaren araberako zerbait: 'Nik aski aldiz sumatu dut (...) tentazio bizi bat: maizegi pentsatu dut euskalduntasunari edo delako arbasoengandik datorkidan grina horri hain loturik ez banengo, lasaiago biziko nintzatekeela eta are agian nagoen baino diruz hornituago nengokeela. Baina, tentazioa bizia baino biziagoa izanik, ez diot amorerik eman, bien malgré moi (...), maizegiko hotzaldiak eta ilunarteak gorabehera, estekatzen nauten lokarriak eteteko kemenik izan ez dudalako'.
Horixe zor diogu, besteak beste, euskaldunok, aurren-aurrenik, eta euskal herritar guztiok oro har, euskalgintza bazter uzteko haren adore eza horretatik heldu baitzaizkigu gaur euskarak komunikazio tresna bete eta batu bilakatzeko urratsetariko ugari. Eta, horiekin batera, euskara geure beharretarako -eta ez ikur modura- erabiltzeko euskaldunok gaur egun dugun aukera; Mitxelenak komunikazioa baitzuen maite: komunikazio argia eta zehatza, egiatia eta sentitua, hizkuntzaren baitakoa eta hizkuntzen artekoa.
Hori baita, azken batean, Mitxelenaren pentsamendua gure artean bizirik izatea: nitanoz beste eginik, elkarbizitza eta komunikaziorako behar bezala hornitutako 'gu' bat bilatzea, etengabean, hark urratutako bidetik.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.