_
_
_
_
Entrevista:KARLOS LINAZASORO | IDAZLEA | GAIAK

'Literatura behar fisikoa dut. Ezin dudalako idatzi gabe bizi idazten dut'

Literatura behar fisikoa da idazle tolosar honentzat, pasioz idazten duela aitortu digu, eta pasioak gutxi irauten duelako edo narrazio laburrak idatzi ohi ditu gehienbat. Ipuin Errotikoak da plazaratu duen azken liburua: absurdua, umorea eta giro itogarria biltzen duten kontakizun motzak. Liburuzaina da ogibidez eta idazketa du pasio. Besteak beste, Zer gerta ere edo Ez balego beste mundurik ipuin bildumak eta Udazkeneko karabana erratuak, Apunteak eta Ahanzturak edo Euriaren eskuak poesia liburuak idatzi ditu.

Galdera. Zein izan da Ipuin Errotikoak liburuaren ibilbidea?

Erantzuna. Nire liburu guztiak antzekoak dira, guztietan nire marka nabaria da. Liburu hau eta Ez balego beste mundurik batera argitaratu nahi nituen baina Alberdaniakoei komenigarriagoa iruditu zitzaien bi liburu ezberdinetan banatzea. Ipuin Errotikoak bi zati ezberdinetan banatu ditut; Hil Artekoak batetik, eta Akufenoak edo nire belarriko soinuak bestetik. Nire obsesioak, kezkak eta fantasiak nahiko errotua daude nigan, bide hori nire baitan dago eta hori aldatzea oso zaila iruditzen zait. Guzti hori nire idazketaren marka da, bakoitzak bereari eutsi behar dio, bere buruarekin duin izan behar du. Barrenetik ateratzen den hori kontatu behar dela uste dut eta niri ipuin hauek ateratzen zaizkit. Badakit oso bide berezia dela eta horregatik jende askorengana ez direla iritsiko, baina hori ez zait gehiegi axola.

G. Jendearen txaloa espero ez baduzu, zer da idazketarekin bilatzen duzuna?

E. Ez dut txalorik espero. Norbaitek nik idatzitako zerbait gustatu zaiola esaten badu nik poz handia hartzen dut, badakit gutxi direla baina nik asko estimatzen ditut eta jarraitzeko indarra ematen didate. Ez zait euskaltegiko irakurlea edo irakurle behartua interesatzen. Nire liburuak zirkuitu horietatik at daudela uste dut. Ezin dudalako idatzi gabe bizi idazten dut, askotan esaten dut denbora hartu beharko nukeela ez idazteko baina ezinezkoa egiten zait, angustia sortzen zait eta hori baretzeko idatzi egin beharra daukat. Koadernoak era nahiko obsesibo batean betetzen ditut, beti daukat zerbait hasita, ezin naiz ezer idatzi gabe edo irakurri gabe egon. Literatura behar fisikoa da niretzat.

G. Zure lan gehienak ipuin bildumak dira. Zergatik atsegin duzu narrazio laburra?

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

E. Ipuin laburrak nire izaeraren ispilu direla uste dut. Nik pasioz idazten dut, pasioak hilabete irauten dit eta hilabete batean ez dago gauza luzerik idazterik. Ni ez naiz sekula nobela irakurle zalea izan. Gauza laburrak askoz gehiago hunkitzen naute. Nobela asko irakurri izan ditut baina ez naute betetzen. Nobela mundu oso baten islada dela uste dut, istorioa oso sendoa behar du izan. Ipuin batek ez du hori lortu nahi, xumeagoa da.

G. Euskaldunek ba al dute narrazio laburrak irakurtzeko ohiturarik?

E. Ipuina nobela baino askoz gutxiago irakurtzen da. Ez nuke esango marjinatua dagoenik baina jendeak nahiago ditu nobelak.Mundu guztiak esaten du ipuina oraindik ez dagoela behar bezala kontsideratua, euskaraz ere gauza bera gertatzen dela uste dut.

G. Beti koadernoa zurekin daramazunez, izango duzu zerbait esku artean

E. Noski, badauzkat apunteak eta koadernoak, baina Ipuin Errotikoekin nahikoa izan dudala uste dut, urte honetarako behintzat eta argitaratzeari dagokionez. Hexalogia bat egingo nuela esan nuen behin eta gauzatuko dut, irakurlearen zoritxarrerako edo zorionerako.

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_