_
_
_
_
Tribuna:
Tribuna
Artículos estrictamente de opinión que responden al estilo propio del autor. Estos textos de opinión han de basarse en datos verificados y ser respetuosos con las personas aunque se critiquen sus actos. Todas las tribunas de opinión de personas ajenas a la Redacción de EL PAÍS llevarán, tras la última línea, un pie de autor —por conocido que éste sea— donde se indique el cargo, título, militancia política (en su caso) u ocupación principal, o la que esté o estuvo relacionada con el tema abordado

Trantsizioa

IBAN ZALDUA

- Aita, ¿qué es eso de la Transición?

Ustekabean harrapatu du semearen galderak. Izan ere, Luis oso nekatuta etorri da fakultatetik, eta ez du ezertarako gogorik izan salako sofa handian zabal-zabal etzan denetik, ezta telebistako kateetan beste programa teorian egokiagorik (hots, arinagorik) topatzeko ahalegina egiteko ere. Bestalde, hamaika aldiz errepikatu duten Trantsizioari buruzko saio hori ez zaio guztiz desatsegina egiten, oroitzapen on batzuk ekartzen dizkion neurrian. Aurpegi guztiak ditu ezagun, eta irribarre ñimiño bat marraztu zaio ezpainetan Martín Villa, Carrillo, Fernández Ordóñez eta Marcos Vizcayaren irudiak sumatzerako, urruneko senideen edo aspaldiko lagunen argazki zaharrak albumean berrikusten dituenean bezala (edo norbaitek Pink Floyden edo Mikis Theodorakisen disko kraskatuak platoan jartzen dituenean bezala). Asier salako mahai ondoan eserita dago, bere dragoi bolak edo dena delako horiek marrazten. Galdera hori bota duen arte, telebistari kasu izpirik egiten ez ziola uste izan du.

Ez du berehalakoan erantzun. Galdera bitxia da zortzi urteko mukitsu baten ahoan; are zailagoa da topatzea haren belarrietarako erantzun egokirik. Ondo gogoan du, esaterako, non zegoen Franco hil zen egunean. Eta zer dela-eta ipini zuten azken aurreko ORT-ren Korteetarako Madrilgo zerrendan, 77ko hauteskundeetan: Complutensen zebilen estudiante, eta denbora hartan euskal abizendunen bat aurkeztea ez zegoen, inondik ere, gaizki ikusia, kontrakoa baizik. Hitz egin zuen mitin bakarrean, Vicálvaron, halaxe aurkeztu zuten: "Koldo, el compañero vasco"; hitzak totelka atera zitzaizkion, eta megafoniaren eskasak ez zion diskurtsoa sendotzen lagundu. Hala ere, lan itzela egin zuen kanpaina hartan. Zurrunbilo baten antzekoak gogoratzen ditu egun haiek.

Hurrengo hauteskunde orokorretan, 79koetan, azken aurreko jarri zuten Luis, baita ere, baina beste partidu bateko zerrendan, bere jatorrizko probintzian. 83koetan zinegotzi hautatu zuten, eta bien bitartean lanpostu bat lortu zuen unibertsitate sortu berrian; ez zuen asko itxaron behar izan titularitatea eskuratzeko. 86an, NATOren aldeko kanpainaren ondoren, Madrilgo ministerio bateko zuzendariorde izendatu zuten, eta horiek izan ziren, ezbairik gabe, bere bizitzako urterik gozoenak. Behin batez, Juan Goytisolo alboan egokitu zitzaion afari-mahainguru horietako batean; azkenean biak bakarrik geratu, eta sekulako parranda egin zuten. Idazlea kezkatuta zegoen Euskadin gertatzen ari zen gerra zikinaren kontuarekin, eta -whiskyak joan, whiskyak etorri- eztabaida amaigabe batean murgildu ziren; gaua ondo amaitu zuten, hala eta guztiz ere. Zer esango ez lioke Juan Goytisolok orain, azaleratu den guztiarekin... Baina Luisek ez du uste idazlea berriro ikusiko duenik.

Laurogeita hamarreko hamarkada ilunagoa suertatu da, ezbairik gabe, Luisentzat. Itzulera tristea izan zen: unibertsitatea oso aldatua sumatu zuen, eta betiko galdua Madrilen erdietsi zuen askatasuna. Maiteren ustez, gainera, heldua zen umeak ekartzeko ordua, eta horren ondorio izan zen Asier. Ez zuten bigarrenik nahi izan. Aita hil zitzaion, minbiziak jota, eta anaia bat, motor istripuan. Autoa bi aldiz erre diote, dagoeneko, Luisi, eta, duela bost hilabete, bizkartzaina jarri diote. Morrosko galanta da. Kasualitatez, Asier du izena, semeak bezala.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

Ez du uste gustura ikusiko lukeenik azken garaiei buruzko telebista saiorik, hemendik hogei urtera, adibidez. Fuentes Quintanaren ahotsa heltzen zaio telebistako bozgorailuetatik, urrundik, oso urrundik: "(...) una política definida respecto a la crisis. Respondiendo a su pregunta: las medidas del Pacto de la Moncloa estaban en dos grandes cestas. Las de saneamiento y las de reforma. Yo pretendía (...)". Beti iruditu zaio ezatsegina Fuentesen bele aurpegia; lehen planoak, gainera, ez dio mesederik egiten. Asier dagoen tokirantz jiratu du begirada. Airea ez da apenas mugitzen, eta sakon hartu du arnasa erantzun aurretik.

- La Transición, qué es la Transición... Mira, Asier...

GAIAK

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_