Unibertsaltasuna lantzen
Japonian kontzertuak eskaintzetik iritsi berria da eta dagoeneko Bilboko sorreraren 700. urteurrenaren ospakizunetan murgilduta dago, beste hainbat proiekturekin batera. Kepa Junkerak mugak gainditzen dituenik ezin ukatu. Ez bakarrik bere lanak Euskal Herrian bezala atzerrian ere oihartzuna izan duelako, baizik eta munduko artista askorekin elkarlanean aritzea ohitura duelako ere bai. Bizkaitar musikariak azaltzen duenez, Japonian bere diskoak banatzen dituzten bi etxe daude eta hauetako batek berriki 17 kantarekin bilduma osatu du. Hauxe aurkezteko abiatu da bertara Kepa Junkera, bide batez munduko musiken inguruan antolatutako jaialdi batean parte hartu duelarik Tokion.Japoniarrek euskal musika gogoz hartu dutela dio trikitilariak, txalaparta, erritmoak eta trikitia bera estimatuz, eta musika betidanik unibertsala izan dela argi utziz. "Beti izan da horrela", dio Junkerak. "Orain egiten ari garena da normala dena, eta ez lehen gertatzen zena. Ezin duzu pentsatu guk egiten dugun musika euskaldunentzako bakarrik egokia dela. Japonian bezala, aurretik Brasilen ere izanak gara, eta bi mundu ezberdin izanik, zuk musika sentitzen baduzu eta besteengana iritsi arazten badakizu, jendea erakarria sentitzen da".
Junkerak Euskal Herrian bertan jotzen hasi zenean jendea harrituta gelditzen zela dio, trikitixa modu berritzaile batean erabiltzen entzunda, baina bere esanetan "gakoa ez dago jotzen duzun instrumentuarengan, zuk ematen diozun izaeran baizik. Ni beti saiatu naiz gauzak ahalik eta errazen, sinpleen egiten".
Bere osotasunean
Oskorriren Ura diskoan koprodukzio lana egin du, emaitza, bai taldeak eta baita trikitilariak ere diotenez, oso positiboa izan delarik. "Bizitzak ematen dituen buelta horietako bat izan da", dio Junkerak. "Ni hasi nintzenean beraiek urte dezente zeramatzaten eszenatokietan eta diskoak grabatzen. Abiapuntua hori izan zela kontutan hartuta, grabaketa honetan laguntzen aritu izana oso polita izan da niretzako". Oskorrik berarengan jarritako konfidantzagatik eskertuta agertzen da Junkera, "neurri batean beti euren seme gaztea bezala ikusi naute, zentzu musikalean", dio.
Musikaren inguruko ikuspegi pertsonala gehitu dio berak Oskorriren lanari, munduko edozein musikarik sonoritate aberasgarriak erantsi ditzakeela, alegia, eta freskotasuna ere, bide batez. Produkzio eta interpretari lanak azken finean bat direla dio trikitilariak. "Musikaren atzean dagoena ere garrantzitsua dela pentsatu dut betidanik, konposaketa, jendeak zergatik du musika bat gustuko. Ez dut instrumentu bat jotzera mugatu nahi, musikaren mundua oso zabala delako eta interesgarria hasieratik bukaeraraino".
Bilbao 00:00h diskoak lortu zezakeen arrakastarengan ez zuela pentsatu adierazten du Junkerak. "Lan berri bat egiten duzunean nahi duzuna jendeari gustatzea da, gauza berriak deskubritzea, zu ere pozik gelditzeaz gain, noski. Baina lanaren erritmo bizian sartuta zaudenean ez daukazu denbora asko gerokoan pentsatzeko". Dena den, moda edo momentuko arrakastengan ez duela sinesten azpimarratzen du, eta baita musikariak bere lanarekin orokorrean kontentu egon behar duela, hori baita aurrera jarraitzeko beharrezkoa den oinarri sendoena.
Mundu osoko hainbat musikarirekin elkarlanean aritu ohi da Kepa Junkera, bere disko eta kontzertuetan argi geratzen den moduan. "Zuk miresten eta errespetatzen duzun jendearekin batera lan egin ahal izateak energia handia ematen dizu. Eta dudarik gabe, asko ikasteko aukera ematen dizute kolaborazio horiek, zure ikuspegiak zabaltzen dituzte. Beste izaerak ezagutzea, hemendik kanpo egiten ari dena zer den jakitea beti positiboa da norberaren lanarentzako".
Elkarrekin egindako lan honen ondorioz influentzia ezberdinak dituela aitortzen du Junkerak, espresio modu propioa bilatzeko bidean. "Niretzako garrantzitsuena lengoaia propio bat lortzea da. Erraza litzateke modan dagoen disko bat hartu, doinuak piska bat aldatu eta antzeko zerbait egitea, baina benetan bilatu behar dena norberaren adierazteko modua da. Horretan, noski, influentzia guztiak izango dituzu, baina beste zerbaitetara iristeko baliagarriak direla irizten diot. Eragin eta estilo guztien gainetik, lortu nahi dudana jendeak nire musika entzutean Kepa Junkerarena dela antzematea da".
Musikarekin gozatu
Aurrera begira, proiektu berriak etengabe lantzen ditu trikitilari bizkaitar honek. Txalapartaren inguruan produkzio berri bat burutzen ari da oraintsu Arkaitz Martínez eta Igor Otxoarekin batera. Disko honi begira doinuak berak konposatu ditu, eta molde asko hautsiko dituenaren ziurtasun osoa duela dio Kepa Junkerak.Hori bukatu bezain pronto bere hurrengo diskoan buru belarri sartuko da berriro, urte hasierarako kalean izatea nahi du eta. Baina, gainera, kontzertuen erritmoa ez da moteltzen eta atzo Kepa Junkera Eskoziara abiatu zen bertan kontzertu bat eskaintzeko asmoz.
Eskoziatik itzuli bezain pronto, hil honen 17an, Bilboko hiriaren sorreraren 700. urteurrena dela-eta ospatuko den kontzertuan izango da, beste hainbat artistarekin batera. "Nire lana eta nire hobbya bat etortzearen zortea dut", dio Junkerak, "eta horregatik ez dit axola erritmo bizian lan egiteak. Azken finean, bizimodu honekin oso ondo pasatzen dut".
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.