"Arterik ez balitz, oso zaila izango litzateke bizitzea"
Bukatu berria da disko berriaren aurkezpen ekitaldia. Mikelek ez du gogoan noiz sinatu ote zuen hainbeste autografo jarraian; nekatuta dirudi, baina irribarretsu erantzun die eskari guztiei. Memoria historikoa gordetzearen garrantziaz hitz egin du, "abangoardismo" hitzak egun duen esanahiaz, eta kanta berriak idaztea gero eta gehiago kostatzen zaiola aitortzen du. Dena den, abesti berriz osatutako diskoa egiteko asmoa du, "baina poliki-poliki eta lasai".G. 2000. urtean Gernika, zergatik?
E. Nik uste dut Gernikak zentzu handia duela Euskal Herrian. Gerra zibilean apropos egin zuten bonbardaketa hori, gizarte zibilari lehenengo aldiz armamendu modernoarekin egin zitzaion lehen bonbardaketa izan zen; gero Ingalaterrako Coventryn eta Hiroshiman gertatu zen bezala. Gainera, denok geneukan Picassoren Guernica koadroa etxean. Nik bi urte nituen eta Gardata auzoan bizi nintzen, Izpazter eta Lekeitio artean. Oso txikia nintzen baina gogoratzen naiz familiak kontatzen zidala hegazkinak Araba aldetik zetozela. Kantan "kate hotsa" hitzak sartzen ditut momentu batean; hango baserritarrek bonbak kateekin botatzen zituztela uste baitzuten eta ateratzen zuten soinua kateena zela. Kontuan hartu behar da gauza berria zela beraientzat, 1937an izan baitzen.
G. Nola ulertarazi hori guztia belaunaldi berriei?
E. Historia, musika, kondaira... guztia sartzen da hor; pelikularen bat edo beste ere egin da gai horri buruz. Zer esan jende horri? Belaunaldi hain desberdinak dira. Nik txikitatik bizi izan nuen, egunero entzuten nituen gauza horiek etxean. Eta, noski, gaur egungo gazteek ez dakite ongi zer gertatu zen, zeren eta handik hona hainbeste gauza gertatu dira! Baina dudarik gabe garrantzitsua da memoria hori gordetzea; Gernika sinbolo bat zela Euskal Herrian, nola horren aurka joan ziren eta herri honetan bazegoela Francoren kontra zegoen jendea.
G. Diskoaz hitz egin dezagun. Orfeoiarekin eta Orkestra Gaztearekin grabatu dituzu kanta batzuk. Nola geratzen zaio jantzi klasikoa Laboaren musikari?
E. Niri Tolosatik deitu zidaten grabatzeko eta Orkestrarekin jaialdi bat egiteko. Hasieran ez nuen oso argi ikusten, prestatzeko denbora gutxi bainuen. Gauza bat zen Orfeoiarekin egin genuen jaialdi hura, bi kanta, Txoriak Txori eta Baga Biga Higa; baina ez kanta guztietan. Batzutan merezi du gitarra soil batekin kantatzea; edota kontrabaxu batekin, edo a capella. Ez da jantzi oso hori behar. Kasu honetan Biga Baga Higa-rekin ikusten zen irabazten duela edo beste mundu bat sortzen zela Orkestrarekin, eta Gernika-rekin nire ustez ere bai. Orduan, momentu batzutan posible da horrelako gauzak egitea, baina bestela sinpletasunera jo behar da.
G. Pozik zaude emaitzarekin?
E. Bai. Hainbeste aldiz entzun dut agian hobe izango dela denboraldi batez uztea. Baina orokorrean disko interesgarria dela uste dut. Osorik entzun beharreko diskoa da.
G. Orkestra zuzendari kubatar bat, tradizio desberdinetatik datozen musikariak..., nolako konexioa izan da diskoan parte hartzen duten musikarien artean?
E. Elkar ezagutzen dugu denok. Carlos Puigek egin ditu orkestazioak. Orkestrarekin 1997an izan genuen saioa Anoetako futbol zelaian; beraz, bazegoen esperientzia bat. Nire musikariekin ez dago arazorik, aurretik batera ibilita gaudelako. Jaialdi hartan, Anoetan, penagarria izan zen horren grabaketa txarra izatea.
G. Poema musikatuak ala musikaz jantzitako poemak egiten dituzu?
E. Biak. Niretzat oso zaila da bereiztea; ez dut uste musika eta poesia banatzerik dagoenik, oso lotuta doaz. Alde horretatik, Atahualpa Yupanqui edo Paco Ibáñez-en antzekoa naiz, ez dut uste egin daitekeenik oso kanta ona oso hitz txarrekin; ez dut ulertzen hori. Eta alderantziz ere ez, oso letra ona musika txarrarekin.
G. Zumetak egin dizu beste behin azalaren diseinua, honezkero nolabaiteko sinbiosia sortuko zen bion artean, ezta?
E. Lagunak gara. Oso hurbil ibili gara urte askotan. Nik badakit berak zer pintatzen duen, eta berak badaki gutxi gora behera zein kanta mota egiten dudan. Sinbiosia hori da. Berak badaki zer egin behar duen. Ez diot esaten: "Egidazu diseinua diskoa entzun gabe". Aurretik grabazio guztiak ematen dizkiot, eta gero berak erabakitzen du zer egin. Disko honen diseinua asko gustatzen zait; eta aurrekoak ere bai. Hartu-eman hori dago bion artean.
G. Ez dok hamairu bezalako mugimendu batek lekurik izango luke gaur egun?
E. Ez dakit. Momentu bat izan zen. Kontuan hartu behar da Frankismoaren menpe geundela. Kultura mundua basamortu bat bezalakoa zen. Orduan Aresti, Oteiza eta abar sortu ziren; Zumeta eta hauek guztiak sortu ziren. Gaurko egunak desberdinak dira. Benito eta biok bost urte egon ginen Gipuzkoan ezin abestuta... Egun desberdina da, beste ildo batetik joan behar da. Nolakoa izango ote litzatekeen gaur egun? Ez dakit.
G. Zein dira zure hurrengo proiektuak?
E. Jaialdi batzuk baditut laster, Tolosan eta Kepa Junkerarekin Donibane Lohitzunen adibidez. Lan honetan bi kanta berri sartu ditut. Nire asmoa, ordea, bi kanta hauek hurrengo disko baterako uztea zen, baina azkenean ikusi genuen ondo zihoazela lan honetan. Beraz, beste disko bat ateratzea da asmoa, baina poliki-poliki eta lasai. Aurten zaila izango da, agian datorren urtean izango da disko hori kanta berriekin.
G. Zer da musika Mikel Laboaren bizitzan?
E. Espresiobide bat, pintura edo artearen beste edozein atal bezala. Zure barrua betetzen dizun zerbait da musika. Beste asko ere badago, baina musika beti izan da eta izango da. Niri tokatu zait paper hau jokatzea. Musikarik gabe edo pinturarik gabe oso zaila izango litzateke bizitzea; jendeak behar du zerbait. Arterik gabe oso zaila izango litzateke bizitzea.
G. Aurrera begira zer ikusten duzu?
E. Arazo handiak daudela. Eta zaila ikusten duzu denak konpontzea, baina interesgarria da aurretik zer gertatu den irakurtzea, aurrera joateko. Nik bakea eskatuko nuke. Hain mundu txikia gara..., eta Euskal Herria txikiagoa. Bizi garen lur honetan, bakea eta justizia soziala lortzea garrantzitsua izango litzateke.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.