"Hizkuntza arloan ez dago nazionalista izan beharrik"
Ibon Sarasola (Donostia, 1946) Bartzelona, Bilbo eta Donostiaren artean joan etorrian bizi da. Euskal Herriko Unibertsitateko Euskal Institutuko arduraduna da gaur egun eta karguari neurria hartzen ari zaio oraindik. Hau izan da Euskal Herriko Unibertsitateak azken urteotan egindako fitxaketa garrantzitsuenetariko bat. Bartzelonako Unibertsitatean egindako denboraldiaren ondoren, familiak bertan jarraitzen du (bi seme-alaba 7 eta 5 urtekoak) ikasturte hau bukatu arte behintzat. Irailean Lexikografiari buruzko klaseak ematen hasiko da Gasteizen eta, era berean, ikerketa lanetan jarraitzeko asmoa du. Bere azken eginkizunak Euskal Literaturaren Antologia eta Orotariko Euskal Hiztegia dira. Galdera. Zer egingo duzu Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU)? Erantzuna. Bi eginkizun ditut. Batetik, datorren urtean Lexikografia irakatsiko dut eta, bestetik, Leioako fakultatean Euskara Institutua martxan jartzen ari gara. Harian-harian ikusiko da nondik nora joko dugun, baina antza denez, batez ere unibertsitateko terminologi arazoei aurre egiteko izango da. G. Zer suposatzen du zuretzat honelako lan batek? E. Erronka da niretzat dudarik gabe. Orain arte terminologi kontuetan bidea egin duen joera ez zait gehiegi gustatu. Hori aldatzea izango da nire eginkizuna. . G. EHUk kanpoko talentuak bereganatzeko politika abiatu du. Zer iruditzen zaizu erabaki hori? E. Talentuak? Komeni zaion jendea bereganatzea, noski, oso ondo etor dakioke. Alde horretatik oso interesgarria iruditzen zait, dudarik gabe. Hain zuzen ere legedi berezia egin behar izan du hori lortzeko eta alde horretatik baliabide ona da euskal unibertsitatearentzat. Aurrerapauso interesgarria izan daiteke. G. Bartzelonako esperientzia nolakoa izan da? E. Pertsonalki ezin hobea. Katalanak ezin hobeak dira eta Bartzelona ere bai. Unibertsitatean eta Fakultatean lan erosoa nuen, erraza, gratifikazio handikoa. Ezin nuen gehiago eskatu. Niri Katalunia izugarri gustatzen zait, katalanak ere bai. Nire burua katalantzat dut. Katalanek badituzte egundoko bertuteak guri ondo etorriko litzaizkigukeenak.Beste aldetik, lanari dagokionez zeresanik ez, ia egun osoa libre nuen nahi nuena egiteko. Orotariko Euskal Hiztegia Bartzelonako urte honetan aurreko urtetan baino hobeto zuzendu dut. Hemendik aurrera ikusiko dugu, baina ez dut uste Bartzelonan nuen kontzentratzeko eta lan egiteko aukera hori hemen izango dudanik. Ez dut uste. G. Hizkuntzari dagokionez, zein desberdintasun dago Katalunia eta Euskal Herriaren artean? E. Han hizkuntza gauza normala da. Jende askok kontzientzia linguistikoa du. Hori da desberdintasunik handiena. Hemen berriz, jende gehienak ez du kontzientzia linguistiko hori eta, noski, horrela doaz gauzak doazen moduan. Goitik eta behetik egiten diren zenbait ahalegin oso ondo daude baina kontutan hartu behar da euskaraz hitz egiten duen gehiengoak kontzientzia linguistiko garbi hori ez duen bitartean, problematikoa izango dela. Niretzat katalanarekin duen desberdintasun handiena hori da. Euskaldun gehienek izango balute kontzientzia linguistiko hau arazo erdia konponduta egongo litzateke. Badago minoria bat -nik beti esaten dut laurdenaren laurdena garela kontzientzia linguistikoa duguna-. Noski, laurdenaren laurdenarekin ezer gutxi egin daiteke. Gauzak ikas daitezkeela bai, baina aldez aurretik eta hasi baino lehen arazo hori dugu: laurdenaren laurdena dela gure eremua G. Zein helburu edo erronka ditu euskarak aurrera begira? E. Batez ere kontzientzia linguistiko hori jendeari ikusaraztea, hots, euskal nortasunaren elementurik inportanteena dela. Hori argi dute katalanek. Euskal abertzaletasunaren barruan jende asko, baita hainbat erradikal ere, euskararik gabe, teorian eta erretorikan soilik, praktikan lasai bizi dira. Hala ere, azken 20-30 urteetan alde horretatik pauso onak egin dira, baina oraindik asko falta da egiteko. Nire ustetan, bere burua nazionalistatzat duten abertzaleek hizkuntzaren praktikan badute zereginik. Hori da lehen pausoa. G. Testuinguru honetan Bai Euskarari kanpaina nola ikusten duzu? E. Lagun dezake, baina ez dakit hor ere noraino ez den erretorika. Aldez aurretik beldur piska bat ematen dit kanpaina horrek. Ez ote du kontrabotere bat sortuko? Metodo aldetik ere, anbiguoegia ikusten dut eta gainera anbiguotasun kalkulatua. Alde horretatik ez dut oso garbi ikusten kontu hori. Erretorikan eta teorian bai, baina gero praktikan nire zalantzak ditut. G. Nola ikusten duzu komunikabideen papera, batez ere ETBrena E. Askotan esan dut Euskal Telebistaren kontua alde batetik tristea dela. Ez dut esango ETBren euskararen maila txarra denik, baina ez du hobetzen. Hor ez dago politika linguistikorik eta egon beharko luke, eta gainera ez dago borondate politikorik hori egiteko. Alde horretatik salagarria da eta egunen batean horri aurre egin beharko zaio. Katalunian, berriz, urteetan TV3ko buru Kataluniako idazle ospetsu eta literatur mailan figura handikoa izan da. Ekipo ona eta profesionalitate handikoa egin du, maila gorenekoa. Nik neure begiekin ikusi dut plato batean programa bat bertan behera geratzen. Han programaren zuzendariak edo hizkuntzaren zuzentzaileak esan dezake: "Hanka sartu du, moztu". Hemen ez dago hori egiterik. Are gehiago, badaude horren kontrako teorikoak eta hau kezkagarria da. G. Beti entzun izan dugu hizkuntzak herria elkartzen duela. Euskal Herrian lortuko al dugu hau, eta noiz? E. Kontzientzia linguistikoa ez dagoen bitartean, ez. Gu beste zerbaitek batzen gaitu. Ez dakit zerk, baina batu egiten gaitu. Ni gogoratzen naiz Salamancan urte bete ikasten eman nuenean euskaldunon artean bazegoela halako kimika. Urte osoan ez nuen aurkitu zein ezaugarri zen. Dudarik gabe ez zen hizkuntza, zeren batzuk euskaldunak ziren eta erdaraz mintzatzen ziren. Ohitura hau aldatzen ez den bitartean ezer gutxi egin dezakegu. Hizkuntzak izan beharko luke ardatz hori, baina ez da. Hizkuntza arloan ez da zergatik izan behar abertzale erradikala, ez nazionalista, aski da nortasun propioa izatea. Katalunian adibidez hain katalan zaleak dira nazionalistak nola ez nazionalistak. Nik ikusi ditut sozialisten propagandak katalanez eta azpian ohartxoa esanez "Gaztelaniaz ere badakigu". Adibide honetan ikus daiteke ez dela hizkuntza bakarrik elkartzen gaituena, hizkuntzaren aldeko jarrera baizik. Sozialistak ez dira abertzaleak baina katalanarekiko badute nazionalistek adina sentimendu. G. Azken bolada honetan zenbait iskanbila sortu dira epaiketak euskaratzeko eskaerekin. Zein da zure iritzia gai honen inguruan? E. Ez dut oso ondo jarraitu. Ez dut batere garbi ikusten kontu hori. Ingelesen historian, ingelestu zen azkena justizia izan zen. XVII. mendera arte epaiketak frantsesez egiten ziren. Badirudi gai hau ez dela hil ala biziko kontua hizkuntzarentzat eta ez dakit horrenbeste presio egin behar ote den.Ez dakit presio horien atzean hizkuntzaren defentsa soila ote dagoen ala zerbait gehiago. Nire susmoak ditut. G. Nolakoa da euskal literaturaren egoera? Batzuen iritziz edozer argitaratzen da, baina ez da gauza bera gertatzen beste hizkuntzetan? E. Hori da. Hizkuntza gehienetan azken bolada honetan edozein gauza eta edozein modutan argitaratzen da. Nik uste dut baditugula lehen mailako hiru autore, munduko edozein hizkuntzatan inongo lotsarik gabe aurkez daitezkeenak: Bernardo Atxaga, Anjel Lertxundi eta Ramon Saizarbitoria. Gero baditugu zenbait idazle erdi mailakoak eta, azkenik, interes handirik ez duten autoreak. Baina beste hizkuntzetan bezalaxe, bai espainolaz, frantsesez zeresanik ez, inongo interesik gabeko idazle mordoa daukagu. G. Zein proiektu edo egitasmo dituzu esku artean aurrera begira? Ilunpean jarraituko al duzu zure lana? E. Bai, niri hori gustatu egiten zait. Pertsona publikoa izateak ez nau batere erakartzen. Ni askoz hobeto nago bulego batean, liburu artean nire lana egiten eta hor konpon. Alde horretatik horrela jarraitzeko asmoa daukat. Eta lehen galderari erantzunez, Orotariko Euskal Hiztegia bukatu egin beharko dugu. Momentu honetan Euskal literaturaren antologiarekin urte pare bat daramat eta azken bolada honetan nahiko serio, batez ere testu aukeraketak egiten, irakurtzen eta testuak finkatzen. Oso ondo pasatzen dut eta orduak ematen ditut.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.