_
_
_
_
_
Reportaje:Gaiak

Pentsamenduen zubiak

Filosofiaren eta literaturaren arteko loturak aztertuko dituzte zenbait idazlek Donostian

Zein da pentsamenduaren eta literaturaren arteko zubia? Galdera horri erantzuna ematen saiatuko dira datorren ostegunetik larunbata bitartean zenbait idazle eta intelektual, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) udako ikastaroen baitan Donostian egingo den hitzaldi eta mahainguru-zikloan. Lotura hori hiru ikuspuntu desberdinetik izango dute aztergai: literaturak epealdi bakoitzean pentsamenduarekin izan dituen harremanak, idazleek literatura sortzeko erabili dituzten testuak eta literatura idazleen baliabide gisa.

"Filosofiari betidanik zientzia kategoria eman izan zaio, beste zientzia eta metodoen gain gogoeta egitera deitutako metazientzia gisa hartua izan delako", azaldu du Patxi Ezkiaga itzultzaileak, jardunaldien lehenbiziko egunean Inguma eta erramua izenburupean eskainiko duen mintzaldiaren aurrerapen gisa. "Tradizio akademikoari sinetsi behar badiogu, filosofia eta literatura sarritan nahiko urruti aurkitu izan dira bata bestearengandik", erantsi du. Carlos Rojas Espainiako Literatura saridun eta Emeryko (AEB) irakasle emerituarekin, eta Carlos Arkotxa Bordeleko Unibertsitateko irakaslearekin batera arituko da Ezkiaga.

Más información
Intelektualen zereginaz

Filosofiaren eta literaturaren arteko lotura horrek, berriz, espresiobide desberdinak izan ditzake, egile bakoitzaren ikusmoldearen arabera. Hala, horietako bat aurkitu du Bernardo Atxaga Martin Heideggerren lanetan. Hain zuzen ere, XX. mendeko filosofo alemanaren pentsamenduan sumatu dituen atakak deskribatuko ditu idazleak mintegiaren bigarren jardunaldian. Berarekin batera arituko dira Anjel Lertxundi eta Joan Mari Irigoien, Rudolf Steiner eta Simone Weil pentsalariak hizpide hartuta. "Weilen A la espera de Dios eta La gravedad y la gracia irakurri nituen eta liluratuta utzi ninduten, oro har, bere prosa zehatz bezain distiratsuarekin; gero mirespenezko soneto bat eskaini nion", esan du Irigoienek.

"Azken aldi honetan izugarri kezkatzen nau literaturaren funtzioa zein den aztertzeak", argudiatu du Atxagak, Heidegger mintzaldiaren gaitzat aukeratzeko izan dituen arrazoiak gogoan. "Gero eta handiagoa zen kezka hori eta halako batean hasi nintzen aztertzen nire ogibidea, aztertzen zer den idaztea, zer den idazle izatea, aztertzen zein den literaturaren funtzioa". Bide horretatik abiatuta, nazien garaikide izan zen pentsalariarengana iritsi da, "Hitlerren alderdikoa eta portaera guztiz arbuiagarria" izan zuena. "Zergatik gertatzen da hau? Iragan mendeko pentsalari handienetako batek, poesia idazle amorratua izan zenak, naziek egindako Europako Platon izango zela pentsatzen zuen. Zergatik egon da historikoki halako lotura poesia eta despotismoa eta krimenaren artean?", galdetu dio bere buruari.

Steinerrengan, berriz, "bizitza osoan zehar literatura eta bertan agertzen diren ideia nagusiak" aztertu dituen intelektualarekin egin du topo Lertxundik. Hain zuzen ere, Europaren ideia erabili zuen gai nagusitzat pentsalari horrek, "baina Europarena ez eraikuntza politiko gisa bakarrik, baizik eta Europa hiru pentsamendu erlijioso handiren konfluentzia gisa: judaismoa, kristautasuna eta islama, batez ere lehenbiziko biak". "Steinerrek gehiago egin du: literaturaren emaitzak aztertu eta emaitza horietan nola egituratu den Europaren ideia analizatu", erantsi du Hamaseigarrenean aidanez eta Gogoa zubi lanen egileak.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

"Goyaren Gerrako hondamendiak grabatu ezagunen irudia erabiliko dut hitzaldian", aurreratu du Carlos Rojasek, zikloan parte hartuko duen hizlari ez euskaldun bakarrak. Badute gaur egun indarrik artistak irudikatu nahi izan zituen ideiek? "Gaurko egunkaria ireki eta nazioarteko atala irakurri besterik ez dago: Iraken bertan han dira frantsesak, kasu honetan amerikarrak, Goyak ikusi zituen krimen berak egiten; eta, aldi berean, irakiarrak gatibu hartutako pertsonei lepoa mozten".

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_