_
_
_
_
_
Gaiak
Columna
Artículos estrictamente de opinión que responden al estilo propio del autor. Estos textos de opinión han de basarse en datos verificados y ser respetuosos con las personas aunque se critiquen sus actos. Todas las columnas de opinión de personas ajenas a la Redacción de EL PAÍS llevarán, tras la última línea, un pie de autor —por conocido que éste sea— donde se indique el cargo, título, militancia política (en su caso) u ocupación principal, o la que esté o estuvo relacionada con el tema abordado

Bakearen esanahia

Duela gutxi eta aspaldiko partez mezatan izan nintzen, apaizak esaten zituen hitzei adi, hitzen esanahiari baino adiago, egia esan. Niretzat, eta nire esperientzia hutsez ari naiz, meza entzutea euskal hitz garbiak entzutea da, errito zahar, benazko eta erlijiosoaren partaide izatea bainoago. Nire aulkian eserita igaro nuen mezaldi osoa, neure hartan mugitzeke, hitzak joan hitzak etorri, hitzen hegaldi eta jirabira nekatuak ikusten eta ikustaldi hartaz gozatzen, zertarako engaina. Iritsi ginen meza amaierara eta apaizak elkarri bakea emateko esan zigun. Eskuinean gizona nuen eta ezkerrean emakumea, adinekoak biak, esan beharra bazegoen. Emakumeari begiratu nion lehendabizi, kortesia kontuak, eta eskua eskaini zidan. Eskua eman nion. Gizonari begiratu nion gero, eta hark ere eskua eskaini zidan. Eskua eman nion. Bakea, pentsatu nuen neure artean, elkarri eskua ematea da.

Bitxia da keinu hutsen sakontasuna. Edozein adierazpen baino indartsuagoak dira keinuok, eta iraunkorragoak ere bai. Keinurik txikiena ulertzen ez duenak ez du bizitza ulertzen, bizitza zentzurik zabalenean, noski. Izan ere, lagunarekin topo egiten dugunean, eskua eskaintzen diogu. Adiskidetasuna eta tratua, esku-estutzearekin ixten dira, edo irekitzen, nondik begiratzen den. Itunak ere, esku-estutzearekin ixten ziren. Bakea ere, zentzu batez, ituna da; gerrari amaiera ematen dion akordioa. Baina delako bake hori gerra bati amaiera ematen diolako garrantzitsua izanik, nahikoa al da?

Carl von Clausewitz irakurtzea komenigarria izaten da, ez dezagun bakeaz iritzi handiegirik, edo iritzi itxaropentsuegirik izan. Bake-ituna Clausewitzentzat, gerra-estrategia da. Gerra ere, politika da, baina, ezpata hartzen da eskuan, luma hartu beharrean; edo biak hartzen dira, eskuinean ezpata, ezkerrean luma, ikusia dugu. Bakea eta gerra politikaren bi alderdi dira, aurkia eta ifrentzua, esango nuke; ezpata eta luma ere, biak aurkari izan gabe, osagarriak dira, bata bestearena. Gerra egin ezin duenak bakea egiten du; eta bakea egin nahi duenak gerra egiten du, edo gerrarako prestatzen da. Hala izan da beti. Bakea, lehengora itzuliz, ituna besterik ez da, gerra lehengo bidetik ez eramateko borondatea. Baina aldea dago, gerrako bakearen eta bakeko gerraren artean; aldea dagoen bezala gerra aurreko bakearen eta gerra ondorengo bakearen aldean. Aldea ere bai, barneko bakearen eta kanpoko bakearen artean. Biak eraman daitezke batera, edo ez. Norbera bere buruarekin bakean bizi izateak ez du esan nahi besteekin bakean egon daitekeenik. Baina barneko bakerik ezean, ezin bakeaz hitz egin, norberarentzat baliagarri den bakeaz bederen.

Areago esango nuke, baldin eta bake politikoa gerra ezaren formalizazioa edo irudikatzea bada, bake politikoak atsedena ekarri behar luke ondoren, denbora huts arina, denborarik gabeko denbora, ez denbora, eza: ez gerra, ez bake. Gerrak eta bakeak bakoitzak bere helburuak dituen bezala, atsedenak ez du helbururik, bera baita bere helburu, hutsean amaitzen den hustasuna. Eta atsedenak askatasuna esan nahi du, askatasun huts zergatirik gabea, helbururik gabea, biderik gabea, norakorik gabea: bere horretan amaitzen den ekintza askatzailea. Baina hori da, hain zuzen, bakearen sakoneko esanahia, keinurik behar ez duena, irudikatzerik behar ez duena, antzezpenik behar ez duena, itunik behar ez duena. Halako bakeak erabat aldatuko lituzke gure arteko harremanak, eta gaindituko ere bai gure politika estu kaskarraren mugak, baita bakearen beraren esanahia ere, gerraren esparrutik urrutira eramango bailuke bera, norberaren espaziora ekarriz.

Meza elkarri eskua emanez amaitu zen. Kalera irten ginen denok, poliki-poliki, eta ez nuen gehiago ikusi pixka bat lehenago eskua eman nien gizon-emakumerik. Joanak ziren haiek ere, bakoitza bere tokitik, bere bakebidetik zehar. Ez dakit bakerik ote nuen orduan, ez dakit, baina bakean nengoen, eta lasai, oso lasai, atseden betikoan, haurtzaroko urte urregorrizkoetan bezala.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_