_
_
_
_
_
Reportaje:GAIAK

Bertako produktua

Goya sarien atzean, Euskal Herrian bada marrazki bizidunen industria sendoa, Europari begira lanean

Karramarro uhartea [Irusoin], Ametsen lapurra [Dibulitoon Studio] eta Marco Antonio [Merlin Animación], hirurak animazio filmeak; hirurak Euskal Herrian eta euskaraz ekoiztuak, eta denak, pasa den astean banatu ziren Goya sarietarako hautagaiak. Azkenean, Irusoinek ekoiztutako Karramarro uharteak eraman zuen animaziozko pelikula onenaren saria. Nominazio eta sari honen atzetik, bada baina, Euskal Herrian marrazki bizidunen munduan aritzen den industria handiago bat.

Disney eta manga marrazkien garaian bizi gara. Urtero, Estatu Batuetatik eta Japoniatik dozena erdi filme iristen dira gure zine aretoetara, eta beste hainbeste telesail berri izaten ditugu telebista kateetan. Euskal animazioa ezezagun handi bat izan da ikusleentzat azken urte hauetan. Aurten ordea, hiru euskal ordezkari zeuden lehian zine aretoetan, eta Goya sarietan. Zergatik, baina? Dibulitoonseko arduraduna den Ricard Ramón Gonzalezen ustetan, 'pasa den urtekoa kointzidentzia bat izan da. Normalean filme bat ekoizten da urtean, baina aurrekoan ezen luzemetraiarik ekoiztu, eta aurtengoen ere, ez da filmerik aurkeztuko. Hiru pelikula ezberdin pilatu dira aretoetan, hori da guztia'. Merlin Animación-eko arduraduna den Carlos Varelaren ustez, hau guztia 'Euskal Herrian dagoen jende ausartaren erakusle da. Kasualitate pixkat dago oinarrian, baina, baita gogo eta kalitate handia'.

Aurrekontu motza

Ez da erraza, aurrekontu motzekin aritu, eta ia publizitaterik gabe zine aretoetara iristea. Azken urteotan areto kopurua handitu bada ere, atzerriko ekoizpenek, estatubatuarrek batez ere, betetzen dituzte sesiorik gehienak 'arazoa ikaragarri zaila da. Publizitate minimoa ez duen filme batek, oso zaila du publikoa lortzea, eta areto bat lortzeko lehia oso handia da' Iñaki Gomezen [Irusoin] hitzetan. Carlos Varelak ere, promozio ezaz hitz egin du 'aurrekontuak hain dira estuak, non ez dugun publizitatean dirua jartzeko aukerarik, eta horrela oso zaila da jendea erakartzea'.

Pasa den urtean estreinaturiko animaziozko hiru luzemetraien aurrekontuak 150 eta 270 milioi pezeta artean ibili ziren. 2000. urtean Espainiar Estatuan ekoiztu ziren 104 pelikulen bataz besteko aurrekontua, 315 milioikoa izan zen. Hauetatik 80 baino ez ziren zine aretoetara iritsi. Hau gutxi balitz, urteroko Disney luzemetraiaz gainera, azken urte hauetan Spielberg boteretsuaren Dream Works ekoizpen etxea ere, marrazki bizidunen munduan sartu da. Gauzak horrela, Euskal Herrian animazio filme bat egitea 'kapritxo bat da' Ricardo Ramon Gonzalezen hitzetan 'Ingalaterran egiten dugun lanaz bizi gara, eta gero, Ametsen lapurra ekoiztu dugu, guk esan ohi dugun bezala: por amor al arte'.

Marrazkiak egitea lan nekeza eta motela da. Pantailan ikusten den segundo bakoitzeko, 12 marrazki egin behar izaten dira, eta horregatik, ekoizpenak epe luzera egiten dira. Karramarro uharteak hiru urte behar izan ditu. Ametsen lapurra amaitzeko, lau urte eman dituzte lanean Dibulitoons ekoizpen etxean. Marco Antonio, hiru urteko lanaren ondoren iritsi da aretoetara.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

Aretoetan estreinatzen diren luzemetraiak dira euskal ikusleengana iritsi diren lanak, baina, azken urte hauetan, euskal animazioa osasuntsu dago. Badago zerbitzu industria sendo bat. Hori bai, marrazki gehienek erosle atzerritarrak dituzte 'lan asko egiten da, baina derrigorrez kanporako, hemen ez dago merkaturik' dio Gomezek 'Euskal Herrian lan asko egiten da, baina batez ere, zerbitzuak eskainiz kanpoko ekoizpen etxeei. Hemen ez dago produktu propioa finantzatzeko diru nahikorik'.

Azken urte hauetako datuen arabera, Euskal Herrian Espainiar Estatuko animazio lanen %70a egin da. Gehiena zerbitzu lana da, eta gutxi dira ekoizpen lanetan aritzen diren enpresak.

'Goya saria arlo komertzialean mesedegarria izango da'

Juan Berasategi eta Miriam Ballesteros dira ekoizpenean buru belarri sartuak dauden ia bakarrak, halaxe dio Carlos Varelak. Horregatik, euskal marrazki gehienak Europan, batez ere Ingalaterra eta Alemanian, edo Estatu Batuetan ikusten dira. Animazio munduan aritzen diren ekoizpen etxe guztiek argi dute produkzioa oso gauza konplexua dela, eta euskal merkatua urriegia gelditzen dela luzemetrai batek sortzen dituen gastuei aurre egiteko. Ez da erraza izaten zine aretoetan euskarazko filmerik topatzea [egun hauetan Baloia filme belgikarra ikus daiteke Donostiako Warner aretoetan], eta horregatik bereziki deigarria da pasa den urtean estreinatu ziren hiru filmeak euskaraz aurkeztuak izatea 'euskaraz estreinatu genuen, gure ustez, euskarazko filmeak eskatzen dituen publikoa dagoelako' Iñaki Gomezen hitzetan. Ricardo Ramon Gonzalezek ere, argi dauka: 'jendeak euskaraz eginiko gauzak ikusi nahi ditu. Guk Euskal Herrian izan ditugu ikusle gehien'. Marco Antonio euskaraz estreinatu zen 'gure hizkuntza delako, eta laguntzak jasotzerako orduan errazagoa delako', baina, Carlos Varelaren ustetan 'ikusleak erakartzea zaila da, eta gainera, euskaraz bada, are gehiago'. Bai Iñaki Gomez eta baita Ricardo Ramon Gonzalezek, argi dute euskarazko bertsioek ikusle gehiago bildu dituztela. Euskal Herrian lortu dute ikuslerik gehien, baina hala ere, Iñaki Gomezek ez du itxaropena galtzen 'orain Goyak era komertzialean zerbaitetarako balioko duela espero dugu'. Carlos Varelak Estatu Espainiarretik kanpo, Marco Antoniok emaitza onak izango dituela uste du 'banatzaileek adierazi digutenez, Latinoamerikan interesa piztu du pelikulak, eta ziurrenik egun gutxiren buruan Mexikora saldu ahal izango dugu'. Etorkizunari begira, Dibulitoons bi luzemetrai berritan ari da lanean: ASEGARCEk ekoizten duen El rey de la granja, non benetako aktoreak eta marrazki bizidunak nahasten diren, eta Elkano, munduari lehen bira, marinel ospetsuaren bidaian oinarriturik. Irusoin ekoizpen etxeak ez du epe motzera beste luzemetrai bat egiteko asmorik, 'lehen esperientzia hau neketsua izan da oso' eta orain, filmean oinarritutako telesailean ari dira buru belarri. Merlin Animación-en, oraingoz, zerbitzu lanak eskaintzen jarraituko dute, batez ere Emilio Aragonek zuzentzen duen Aragon Animaciones ekoizpen etxeari.

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_