Jakintzaren ederra
Zientziak eta literaturak dibulgazioaren garrantzia azpimarratu dute ZIO Festan
Zientzia dibulgazioa sasoian dago, eta alor honetan dihardutenen zeregina gero eta garrantzitsuagoa izango da kultura literarioa eta kultura zientifikoaren etena leuntze aldera. "Zientziari buruz behar bezala informatuta dagoen gizartea, gizarte helduagoa da, askeagoa", esan du Pedro Migel Etxenike nafar zientzilari ezagunak.
Etxenikek Anjel Lertxundi idazle gizpuzkoarrarekin batera parte hartu zuen ostegunean Euskal Herriko Unibertsitateak Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean antolatu zuen ZIO festan. Haren esanetan, "zientzia eta literaturaren kulturak elkarrengandik aparte egon izan dira sarri", baina "XXI. mendeko kultura, neurri handi batean, zientziaren eta teknologiaren kultura izango da".
Euskarak dibulgazioan "oinarrizko zeregina" izan behar duela uste du EHUko errektoreak
Ildo honetan, Lertxundik gogoratu du "literaturak gutxi hitz egin duela zientziari buruz", eta hitz egin duenean, "zientzialariek asmatutako munstroak -Frankenstein, Gizon ikusezina, Jekyll eta Hyde-" eta "zientziarenganako gehiegizko fedearen errezeloa" nabarmendu izan dituela. Nolanahi ere, bere ustez, "jakituria eta boterea berdinduta agertzeko" joera horri esker sortua omen da "literaturak mamitu duen gairik originalena: jakituria arimaren truk lortzeko bidezidorrarena".
"Euskal tradizioak eman duen idazlerik handienak, Axularrek, deabruak Salamancan zeukan kobazuloan ikasi omen zuen", gaineratu du Lertxundik, XIX. mende amaierako kondairak gogora ekarriz.
Etxenikek Gerard Holton historiagileak aipatzen duen "gaueko zientzia" edo "irudimen zientifikoa" azpimarratu du zenbait aurrerapen garrantzitsuren inspirazio iturritzat, eta Lertxundik "poesia errealitatearen ezagutza modu bat" dela aldarrikatu du.Nork bere esparrutik, zientzia eta letren mundua elkartzearen aldeko mezuak igorri dituzte. "Zientzilariok azalpen bat zor diogu gizarteari: zer egiten dugun, zergatik egiten dugun egiten duguna, eta egiten dugun horrek zertarako balio duen", aitortu du zientzialariak.
"Letren munduak bi aldiz pentsatu beharko du zer egin gero eta gutxiago ulertzen duen mundu zientifikora hurbiltzeko, zeren, etorkizuna, letrek deskubritu eta deskribatu nahi luketen errealitatea, zientzien eremu horretan jokatzen ari baita", azaldu du Lertxundik. Euskal kultura literario eta zientifikoaren ordezkari hauek ezin hobeto zehaztu dituzte beren azalpenetan zein den dibulgazioaren benetako zeregina, eta horixe da, 2003. urteaz geroztik, EHUko ZIO bilduma betetzen ahalegindu dena. "Euskarak oinarrizko zeregina izan behar du dibulgazioan", esan zuen Juan Ignacio Pérez errektoreak ekitaldian.
Lenihan, Guedj, Jacob eta Allen Paulosen nazioarteko best sellerak euskaratu ondoren, osteguneko ZIO festan liburu-sorta honetako seigarren alea aurkeztu zuten: Jorge Wagensbergen Formen matxinada.
Elhuyarren itzal luzea
Elhuyar Fundazioa ezinbesteko erreferentzia bilakatu da euskarazko zientzi dibulgazioan, eta erakunde honek izandako bilakaerak "sektorearen osasun ona" islatzen du, Itziar Nogeras zuzendari nagusiaren hitzetan.
Fundazioa duela 35 urte sortu zen. 1974an, izen bereko aldizkaria plazaratu zuen, Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteak argitaratzen zuen buletinaren eranskin gisa. Elhuyar aldizkariak 232. alea argitaratu berri du, eta horrez gain, Fundazioak Norteko Ferrokarrilla eta Teknopolis dibulgazio saioak ekoizten ditu -lehenengoa 1995etik eta bigarrena 1999tik- Euskadi Irratia eta Euskal Telebistarako.
Teknologia berrien alorrean, Zientzia.net aldizkari elektronikoa, Basqueresearch.com ataria eta Zernola.net gazteentzako webgunea kudeatzen ditu, baita Interneten erabiltzeko moduko euskara-gaztelania hiztegi bat ere. 1994az geroztik, CAF Elhuyar sariak antolatzen ditu dibulgatzaile berrien harrobia sustatzeko. "Gure produktuak kontsolidatuta daude, eta bisitarien goranzko joera ikusita, euskarazko zientzia dibulgazioa txukun eta kalitatez landuta dagoela esan genezake", adierazi du Nogerasek.
Datozen hilabeteotan, erronka berriak hartuko ditu bere gain. Teknopolis telesaioa berritu eta EHUko Kazetaritza Fakultatean hizkuntza gutxituetako zientzia dibulgazioari buruzko master profesional bat abiarazteaz gain, 2008. urteko udazkenean, BTEK Teknologiaren Interpretazio Zentroa zabalduko du Bizkaiko Parke Teknologikoan, Iruñeko Planetarioa eta Donostiako Kutxagunearen osagarri.
EHUn ere, zehaztuta eta enkargatuta dauzkate ZIO bildumaren barruan plazaratuko diren hurrengo lau aleak: Graham Farmeloren Eder behar du; Marc Hauserren Gogamen basatiak, Steve Pinkerren Hizkuntza sena eta Antonio Damasioren Descartesen errorea.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.