Musika maratoilariak
Bilboko bandarekin zuzeneko diskoa grabatuz ospatuko du Oskorrik bere 35. urtemuga
1971eko martxoaren 25ean, lau musikari gazte azaldu ziren Bilboko Deustuko Unibertsitateko Paraninfoko oholtzara. Itziar Gallastegi, Natxo de Felipe, Juanma Zuazo eta Imanol Heredia ziren eta Oskorri zuten izen artistikotzat, kantaldiaren kartelak zioenez. Gipuzkoan ordurako aski ezaguna zen Ez dok hamairu mugimenduaren eredua Bizkaia aldera eraman nahian ari ziren. Proiektuak 35 urte bete ditu eta taldeak musika egiten jarraitzeko asmoa du. Gaur egun zortzi musikariz osatutako banda ezaguna da, De Feliperekin batera Bixente Martinezek eta Anton Latxak iraun dutela hasierako garaietatik. "Nukleo iraunkorra izan dugu", dio taldeko kantari eta aurpegirik ezagunenak, "bide profesionalagoa egitea erabaki genuenez geroztik, hiru lagun aritu gara eta hori oso garrantzitsua izan da".
"Oskorri ez da sekula modako taldea izan", erantsi du De Felipek taldearen ibilbidean hain itzal handia izan duen Bilboko Alde Zaharreko kafetegi batean eserita. "Ez da sekula modaren arabera mugitu. Hortaz, presio gutxiago izan dugu, normalean kontsumoko musikaren dinamika guztiz bestelakoa dela, gazte, sexy eta eder izan beharra alegia", azaldu du. Hala, abiadura-lasterkariak baino, "maratoilarien antzera" ikusten dute bere burua taldeko kideek, "jazz musikariak bezala, estilo horretako beteranoei sekula ez baitiete galdetzen noiz arte irauteko asmoa dute, ezta olerkariei ere".
Hiru hamarkada eta erdi hauetan, Oskorrik 28 disko grabatu ditu. Bina abesti zituzten bi single izan ziren, eta 1975ean (Aita-semeak eta Gosetea) eta 1976an (Egia da eta Anaitasuna) ikusi zuten argia. Lehenbiziko lan luzea, Gabriel Arestiren oroimenez (1976) izan zen, XX. mendeko euskal poesian ez ezik, taldearen sorreran pisu handia izan zuen idazle beteranoaren omenez egina. Izan ere, taldeko kideek eta Arestik urtetako harreman oparoa izan zuten. De Felipek Bartzelonan ezagutu zuen, idazlea hiri horretan ari baitzen irakasle. "Baneuzkan bere bi edo hiru poema musikatuak", gogora ekarri du, "bere etxean abestu nituen; zorionez oso belarri musikal txarra zuen eta oso onak iruditu zitzaizkio. Hortiz sortu zen harremana, oso harreman polita".
Harrezkero Aresti Oskorriren kontzertuetara joaten hasi zen. Musikariak poetaren etxean biltzen ziren eta elkarrekin prestatzen zituzten abestiak, haren heriotzak umezurtz utzi zituen arte. Urteetan zehar taldeak hainbat idazlerekin (horien artean Joxe Agustin Arrieta, Koldo Izagirre eta Unai Elorriaga) izan duen harremanaren hasiera besterik ez izan hura. Haiekin guztiekin, baita taldearekin batera aritu diren bertsolariekin ere, "kimika berezia" izan dute beti, taldeko kantariak aitortzen duenez.
Egile garaikideen hitzei doinua jartzeaz gain, Oskorrik klasikoak ere izan ditu inspirazio iturri. 1977an jorratu zuen bide hori lehenbiziko aldiz, Bernart Etxepareren poemak musikatuz; bi urte geroago, beste jauzi bat egin zuen, taldearen izena zeraman lan bikoitza kaleratuta, aurreko diskoa baino ireki eta heterogeneoagoa. Handik aurrera, taldeak ia urtero plazaratu zuen gutxienez disko bat 80ko hamarkadan zehar, horien artean ordura arte grabatutako doinurik entzutetsuenak biltzen zituen Alemanian Euskaraz (1984).
1992an, erabat finkatuta zegoela, Badok hamairu kaleratu zuen, taldeak grabatuta zituen diskoen kopurua adieraziz eta, aldi berean, hasierako garaietako bidaideen izena gogora ekarriz. 96an, berriz, hainbat herrialdetako 17 musikari eta talde bildu ziren Getxon, Oskorriren lehen 25 urteak kantuz ospatzeko. Beste batzuen artean, Ruper Ordorika, Liam O'Flynn, Martin Carthy eta Pedro Guerra aritu ziren, gerora zuzeneko disko gogoangarri bilakatuko zen laneko abestiei zeinek bere ukitu berezia emateko.
Ondoren, Ura, Vizcayatik...Bizkaiara, eta Desertore grabatu ditu taldeak, bakoitzean kide berrien ekarpena baliatuz bere musika betiko eskemetan ez atzera eta ez aurrera geratzeko arriskurik izan ez zezan. "Gure taldeak zortzi lagun gara eta gure sekretua da zortzi gustu musikal horiek uztartzea".
Doinu hiritarrak
"Ez gara sekula atzera begiratzearen zale izan". Natxo de Feliperen esaldi horrek laburbiltzen du bere taldeak 35 urteotan izan duen filosofia. Ideia horri leial, orain arte erabili gabeko formatua aukeratu dute efemeridea ospatzeko, Bilboko Udal Bandarekin batera abenduaren 15, 16 eta 17 egunetan grabatuko duten zuzeneko diskoa. Musika talde horien errepertorioa inoiz "gustuko" izan ez duten arren, edo hain zuzen ere horrexegatik.
Lan horretan ere, bere musika sailkatzeko tentazioan erortzen direnei arrazoia kentzen saiatuko dira taldeko kideak, baita beren estiloa folkaren etiketaren pean sartzen dutenei ere. "Ez gara folk taldea. Folka eta baserri inguruak lotuta izaten dira eta gu hiritar taldea gara", dio kantariak, "hemen eta nonahi taldeak eta musikak nortasun unibertsala izan dute, baina paisaia bat ere behar dute. Leku jakin batekoak gara, eta saiatu gara musika paisaiaduna egiten".
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.