Historiak
Jakin badakigu historia ez dela objektiboa, ezta zentzu bakarrekoa ere. Historia interpretazioa besterik ez da, ikuspunturen bat gailenduz beti. Hortaz, ikusmolde hori baieztatu nahian, interpretazio hori zalantzan edo kolokan jartzen duten berezitasunak zokoratzen ahaleginduko gara.
Talde bakoitzak, gainera, historia modu batera barneratzen du, eta batzuentzat oinarrizkoak izan daitezkeen gertakariek ez dute zertan eraginik izango besteengan. Gure "historian", esaterako, hiriko biztanle batentzat karlismoa bezalako ideologia baten konnotazioak ez direlako -garai berean bizi arren- baserri edo nekazal munduan bizitako baten berdinak. Eta hau bertsolaritzan erraz froga daiteke, ondorengo bi bertso hauetan, esaterako:
"Basa mutillak / ostera ere / mendi gañetan / animoz daude, / aurki dirade / baztarren jabe, / reboluziyua / mendiyan dute". "Ama Birjiña Pillarekua / arturik geran anparo / soka hori milla puska egiteko / indar eskasik eztago, / aitaren seme irtengo gero / Karlos Borbonen soldado, / bandera beltzak jarri ez gaitzan / lege zikiñen esklabo".
Lehenengo bertsoan, soldadu karlisten adierazle, basoko bizitza goraipatzen da. Bigarrenean, ostera, karlismoa erlijioarekin eta fedearekin lotzen da, sinesmen hori zuzenean pentsamolde haren giltzarri bilakatuz. Karlismoa, liberalismoa bezala, kokagune bakoitzean modu desberdinean bizi izan zen. Gaurko egunean bezala.
Adibide horri lotuta, segun eta non kokatua egon bakoitza, bertsolaritzak kontatzen duen gerrate karlistak eta bertsio ofizialarenak ez dute zerikusi handirik. Beste modu batez esanda, bertsolaritzak adierazten duen karlistada oso urrun dago propaganda ofizialetik, bertsoek azaltzen duten kontaketaren indarra esperientzian oinarritua dagoelako, bizitako pasadizoetan, alegia.
Horrela, protagonistak, gertakariak, lagunak, etsaiak e.a. oso ezagunak ziren, eta oso errotuak zeuden bertsoak entzuten edo kantatzen zituztenen bizitzan. Gehienetan familiarteko historiarekin lotuta zeuden halaber, eta kasu horietan derrigorrezkoa da partehartzea batzuen edo beste batzuen alde, ez baitago neutrala izaterik.
Nolabait esateko, hauxe adierazten da: familiaren historiak gure pentsaera baldintzatzen duela eta orain, historia hori ideologia bihurtuta, talde baten edo bestearen alde egoteko justifikazio modura erabiltzen dela. Ideologia, horrela, gerra egitea bezala, aurrekoek ezarritako inperatibo moral gisa ulertzen da: "Mutil, seguro ziagok / eta joan hadi. / An dituk Bartol, Anton / eta Pello Mari, / biyar gure auzoko / Jose Inazio ta i; / lagundu elkarri / eta Karlos jarri / denon agintari, / preziso dek ori; / lanak azkar egin ta / etxera etorri".
Gertakari familiarrak edo herrikoak talde horretakoak direnentzat bilakatzen dira ulergarri, beraien bizierarekin datoz bat, eta interpretazioa taldearen esku dago: "Lekaroztarrak zuten / armetan denetaz, / bolbora ta kañonak, / egi ta gezurraz, / aterazi zabezten / onez edo bortxaz: / sutan jarri biar zuela / erria bertzenaz. / "Etxe ta erri ederrak / benturaz erreko, / gorputzak armarekin / naiz illek ikusiko; / bañan biotzak erne / euskal erriendak ta odola ilarteraiño / Jangoikoarendako".
Komunitarismo horretan murgilduta, leialtasunak larrutik ordainduz, historiak funtzio soziala eta legitimatzailea beteko du. Giza hazkuntza eta garapena arrazionaltasunaren paradisuan landuko delakoan daudenen kontra, historiak ez du ez gezurrik ez egiarik behar, sinesgarritasuna baino, guretzat garrantzitsu bilakatu diren gizaki esanguratsuen itzala.
Baina hau ez da beti gertatzen, gure historiatik erbesteratuak sentitzen baikara maiz. Hala ere, erbesteko izate hori berezkoa da gizakientzat, edonon ez bada, lekurik gehienetan. Erbestekoa senti daitekeelako, ez bakarrik ingelesa Errumanian, Madrilekoa Euskal Herrian edo getariarra Zarautzen, baita auzokoa gurean edo etxe barrukoa gure bihotzean. Zenbat arrotz elkarren artean, beraiek ez dakitela!
Badira, hala ere, inongoak ez direnak, ezin dutenak inongoak izan, batetik besterakoa da haien izaera errotzen duen ibilaldia. Baina egun batean, norbaiten ibilera sumatuz, aurpegi batez ohartuko dira. Orduan, bihotzaren taupadak ezin geratuz, zer egin jakin gabe, hitz jarioa agortu eta mutu geldituko dira.
Baina, bitartean, historiak beharrezkoak zaizkigu.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.